Arrauna

«Puzzlea egin dugu»

Joxe Enrike Manterola 'Kike'-ren agindupean, denboraldi aparta ari da egiten Zumaia ETE ligan, hiru urtez lehorrean egon eta gero. Entrenatzaileak arraunlarien lana goraipatu du.

Zumaiako kideak, Lekeition irabazitako ETE ligako bandera ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
<i>Zumaia</i>
2019ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Talde berria da Zumaia; izan ere, aspaldi ez da emakumezkoen traineru indartsuena, eta, iazko udazkenean hutsetik hasi behar izan zuen. Hiru urtez egon da lehorrean Telmo Deun ontzia, eta, duela hamar bat hilabete taldea osatu eta gogor lan egin ondoren, ETE ligako puntan dabil, Hibaikarekin berdinduta goi-goian.

«Puzzlea egin behar izan genuen udazkenean», esan du obra honen arduradunak, Joxe Enrike Manterola Kike-k. Arraunlariei banaka begiratu ondoren, ikusi zuen bakoitzak ezberdin egiten zuela arraunean, sekula egin gabeak ere bazeudela, eta baita kadete mailatik igotakoak ere. «Neurera ekarri behar nituen, niri gustatzen zaidan arraunkerara», azaldu du, «neurea» garbi edukitzea lehentasun jarrita: «Halako lanetan, ezinbestekoa da garbi edukitzea zer nahi den, eta, horri segika, lan asko eginez, ordu asko sartuz, puzzle itxurazko bat osatu dugu».

Zumaiako arraunzaleek Manterolaren lan ona nabarmentzen dute taldearen pizkunde honetan, baina hark oso garbi dauka norena den lanaren funtsa: «Arraunlariek sekulako lana egin dute. Batzuek indar gutxi zuten, eta pisuarena ere hor zegoen. Lan bikaina egin dute horretan ere, eta, azkenean, heldu garen lekuraino heldu gara».

Leku horretan honela dago idatzita: Zumaia ETE ligako bigarren postuan da, Hibaika lehen sailkatuarekin bat, eta bosna bandera irabazita bi taldeek, hiru estropada falta direla —gaur, azken-hirugarrena jokatuko dute, Castro Urdialesen (11:45, ETB1), sei kaletara—. Hain ondo ibiltzea ez omen zuen espero Manterolak: «Goian ibiltzeko moduan geundela sumatu nuen prestakuntzako estropadetan, baina hainbeste ez. Pentsa, ligako lehen estropadaren aurretik, arraunlariei esan nien irabazteko gai ez baziren ahalik eta puntu gutxien galtzeko egun hartan, kanporaketan sartzeko».

Ez ditu ez puntu asko galdu Zumaiak banderaren jabe izan ez den egunetan, eta horregatik heldu da liga irabazteko aukerekin azken hiru estropadetara. Entrenatzaileak onartu du hasieran ez zutela helburutzat liga irabaztea, «baina orain bai». Zera esan du: «Behin honaino helduta, irabazten saiatuko gara». Ez du erraz ikusten, ordea, zer gerta daitekeen asmatzea: «Edozer gauza atera daiteke, berdintasun handia baitago talde askoren artean, eta, halakoa izanik parekotasuna, funtsezkoa da hutsik ez egitea, kanpoko eragileak aldekoak izatearekin batera».

Kontxan sartzea, eta geroa

Liga irabaziko ez balu Zumaiak, ez litzateke denboraldi oso on hau itsustuko, kontuan izanda ia eskura duela Euskotren ligara igotzeko kanporaketan sartzea: «Matematikoki ez dugu lortua, baina aukera asko dauzkagu, eta sekulakoa litzateke».

Baita Kontxako Bandera jokatzeko sailkatzea ere: «Urte honi ginga jartzea litzateke». Eta beste zerbait ere bai: «Uste dut bultzada emango ligukeela talde honek datorren urtean segida izateko». Hala balitz, hobetzeko tartea ikusten dio: «Oinarria jarri dugu aurten, eta, datorren urtean taldeak jarraitzen badu, hobetzeko aukera edukiko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.