Albistea entzun

Italiar estiloa, behar duenerako gordea

Joko landua edo kontraerasoetan oinarritutako jokoa; biak ondo baino hobeto egiteko gai da Simone Inzaghiren Inter Milan. Jokatu dituen lau partidak irabazi ditu, hamahiru gol sartuta eta bakarra jasota. Hegalekoen bizkarrera sufritzen du gehien.
Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Berastegi -

2023ko irailak 19

Txapeldunen Ligako D multzoko aurkaririk zailena da Inter Milan. Simone Inzaghiren taldeak jokoaren arlo guztiak ondo menperatzen ditu, eta denboraldi hasiera bikaina egiten ari da Italiako Ligan: jokatu dituen lau partidak irabazi ditu; hamahiru gol sartu ditu, eta bakarra jaso du. Moralez gainezka iritsiko da Donostiara, bihar Realaren aurka jokatzera: 5-1 irabazi zion Milani derbian, joan den larunbatean. Kontraerasoan talde zitala da, baina gustuko du ere joko landua egitea. Talde egitura ona dauka, eta atzealde indartsua. Baina, hain joko erasokorra egiten duenez, erdiko atzelari eta hegaleko jokalarien artean sortzen diren metroak baliatuz min egin dakioke.

SISTEMA
Orekaren bila

Inzaghik 1-3-5-2 sistema erabili du Interren dagoenetik. Hiru erdiko atzelari indartsu kokatzen ditu atzean, eta bi hegalekoak oso erasokorrak dira, atzera ia begiratzen ez duten horietakoak. Zelai erdian, berriz, teknika oneko jokalariak ditu, eta aurrelariak mugikortasun handia duten jokalari bizkorrak izaten dira. Talde oso erasokorra duenez, hiru erdiko atzelari izateak oreka gehiago ematen dio taldeari, gaizki kokatuta harrapatzen badute, atzeko lerroa gai delako jokaldi horiek ezerezean uzteko. Barruko jokalariek asko lagundu behar izaten dute hegaletan, eta aurrelarien mugimenduak eta jokoa ulertzeko duten gaitasuna funtsezkoak dira taldearentzat.

ESTILOA
Bi jokatzeko modu

Kontraerasoan jokatzea gustuko du, baina joko landua egiten duenean ere eroso sentitzen da. Joko landua egin nahi duenean, Sommerrek motzean jokatzen du atzelariekin, eta horiek bi aukera dituzte: baloia gidatzen lerroak gainditu edo libre dagoen jokalaria aurkitu eta hari baloia eman. Zailtasunik balute, Calhanoglu edo Barella gerturatzen zaizkie jokaldia eraikitzera. Halere, kontraeraso azkarrekin gozatzen du gehien: baloia berreskuratu ostean, hegaletan zein aurrealdean duen abiadura aprobetxatzen du. Areara jokalaria askorekin iristen da, atzealdea ondo zainduta duelako. Jokamoldearen beste gakoetako bat taldeak egiten duen presio aurreratu eta oldarkorra da.

ERASOAN
Hegaletatik egiten du min

Dumfries eta Dimarco funtsezkoak dira. Bi hegaleko jokalari horiek oso erasokorrak dira, eta etengabe ailegatzen dira area ingurura. Dimarcok, teknikoki hobea denez, erdiraketa gehiago jarri ohi ditu. Dumfriesek, berriz, nahiago izaten du baloiarekin sukalderaino sartu. Kontraerasoan are eta zitalagoak dira. Joko landua egin behar bada, Barella, Calhanoglu eta Mkhitarian erdilariek dute erantzukizuna. Teknikoko jokalari iaioak dira, eta gai dira taldea azkar eta zentzuz mugitzeko. Gainera, area ondo zapaltzen dute, eta gola sartzeko erraztasuna dute. Lautaro Martinez eta Thuram aurrelariek metro asko hartzen dituzte euren artean, eta batera eta bestera mugitu ohi dira. Argentinarrak sasoi honetan lerro artean gehiago jokatzeko agindua dauka, eta frantziarra arduratzen da taldeari sakontasun gehiago emateaz. Asko behartzen dituzte aurkarien bi erdiko atzelariak bi haien arteko tokia mantentzera.

DEFENTSAN
Area beti ondo zainduta

Hiru erdiko atzelariak fisikoki indartsuak dira, eta area barrua ondo zaindu ohi dute. Ez hori bakarrik: oldarkorrak dira, eta aurreraka defendatzea gustatzen zaie. Hau da, euren tokitik atera ohi dira baloia berreskuratzeko, eta aurrelariari aurrea hartzen ahalegintzen dira. Euren tokitik kanpo daudenean baloia berreskuratzea lortzen ez badute, falta bat eginez jokaldia amaitzeko agindua oso barneratuta dute. Buruz burukoetan gailentzeko gaitasuna dute, goiko baloietan zein behekoetan. Taldeak, oro har, baloia galdu ostean atzera itzultzeko gaitasun handia dauka, eta kokapen ona mantentzen du baloiaren atzetik jokatu behar duenean. Erdiko atzelarien eta hegalekoen artean sortzen diren metro horietan egin dakioke min gehien.

JOKALARIAK
Barellak agintzen du

Barella da Inzaghiren eskeman jokalari garrantzitsuena. Denetarik egiten du, ondo egin ere. Baloia atzetik ateratzean laguntzeko toki onak hartzen ditu beti, eta baloia bere oinetatik igarotzen denean jokaldiak beti hobera egiten du. Azken pasea emateko gaitasuna du, eta, gainera, area kanpotik duen jaurtiketa onari esker, gol dotore asko sartutakoa da. Kalitate handiko jokalaria izateaz gain, izaera handikoa da, eta defentsan asko laguntzen du; taldeak presioa aurreratua egiten duenean baloi gehien berreskuratzen duen jokalarietako bat da. Sardiniako jokalariarekin batera, Lautaro Martinez oso garrantzitsua da, eta denboraldi hasiera aparta egiten ari da: bost gol sartu ditu lehendabiziko lau neurketetan. Bere ibilbideko sasoirik onenetako batean dago. Gainera, jokoan gehiago sartzeko ardura du sasoi honetan, eta ondo egokitu da.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Urola Kostako Hitza ©Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI'.a, atzo, garaipena ospatzen.

Hirugarren urtez jarraian, Izeta VI.ak jantzi du Euskal Pentatloi Sariaren txapela

Ihintza Elustondo - Urola Kostako Hitza

Ez da sorpresarik izan VI. Euskal Pentatloi Sariaren finalean, eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrak jantzi du txapela; emazteari eta semeari eskaini die garaipena. Xabat Olaizola zarauztarra sailkatu da bigarren, eta Xabier Zaldua hirugarren. Aritz Irazabal izan da laugarrena, Ioritz Gisasola bosgarrena, eta Julen Kañamares seigarrena.

Jose Luis Zubizarreta. ©Maialen Andres, Foku

«Iraurgin baino ardura handiagoko lanik ez dut edukiko inoiz»

Unai Zubeldia, Gipuzkoako Hitza

Jose Luis Zubizarreta 11 urterekin joan zen Azpeititik Valentziara, bakar-bakarrik, eta Azpeitia-Azkoititik Donostiarako saskibaloi bidea egin du orain, 62 urterekin. Proiektua biziberritu nahi du.

Osasunako jokalari Chimy Avila eta Ivan Rakitic Sevillakoa, baloiaren lehian, atzo, Sadarren, Espainiako Ligako seigarren jardunaldian. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Frustrazioaren gatibu

Eñaut Agirrebengoa

Osasunak hobera egin du defentsan, baina ez du asmatu ate aurrean, eta puntu gazi-gozoa lortu du Sevillaren aurka. Nafarrek etxean irabazi gabe segitzen dute

Athleticeko jokalariak, lehen gola ospatzen, Iñaki Williamsen sartutakoa. ©L. RICO / EFE

Beste derbi zuri-gorri bat

Julen Etxeberria

Hogei urteren ostean, Athleticek Alavesi irabazi dio Mendizorrotzan. Garaipena lortuta, zuri-gorriek indartu egin dute egiten ari diren sasoi hasiera ederra. Arabarrek aurreneko aldiz galdu dute etxean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.