Frantziako Tourra

Nork zati gozoena eramango

Nibalik irabazi du Frantziako Tourreko azken-aurreko etapa. Hirugarren izan da Landa. Parisen horiz jantziko den lehen kolonbiarra izango da Bernal
Egan Bernal, atzo, podiumean elastiko horiarekin eta garaikurrekin.
Egan Bernal, atzo, podiumean elastiko horiarekin eta garaikurrekin. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE

Jon Ander De la Hoz -

2019ko uztailak 28
Akabera gertu du 2019ko Frantziako Tourrak, eta hura ondo dastatu nahian ari dira txirrindulari guztiak. Loria puskak gero eta urriagoak direnean, haiei hozka ari dira txirrindulari guztiak. Horretan maisua den batek eskuratu zuen azken-aurreko etapa, atzo. Vincenzo Nibalik (Bahrain) abagune egokian egin zuen hozka, eta bere egin zuen garaipena. Bazekien zertan ari zen; zerbaitegatik du marrazoa deituratzat.

Nibalik hamahiru kilometro falta zirela egin zuen haginka. Aurkarien indarrak ahitzen ari zirela aprobetxatu zuen tropela atzean utzi eta ihes egiteko. Garaipenaren zaporea nahi zuen, eta hura eskuratu nahian aritu zen Val Thorensen gora. Alferrik saiatu ziren Enric Mas (Quick Step) eta enparauak hura estutzen.

Antolakuntzak iragarritako 130 kilometroetatik 59ra laburtu zuen etapa, eguraldi txarrarengatik, baina italiarra eta haren atzetik helmugaratu ziren txirrindulariak arduratu ziren lasterketa berotzeaz. Hasi bezain pronto erasoak prestatzen hasi ziren, baina azken maldetan erabaki ziren eguneko garaipena eta aurtengo Frantziako Tourra. Malda horietan protagonismo berezia izan zuen Movistar taldeak. Alejandro Valverde eta Mikel Landa izan ziren bigarren eta hirugarren helmugan, hurrenez hurren. Arabarrak ez zuen lortu posturik igotzea azken-aurreko saioan, eta, okerrik izan ezean, seigarren amaituko du.

Nolanahi ere, Egan Bernal (Ineos) izan zen eguneko izar nagusia, benetako albistea. Kolonbiarrak laugarren egin zuen atzo, eta halaxe bermatu zuen Frantziako Tourreko garaipena. Horiz jantziko da gaur Parisen. Balentria hori lortzen duen lehendabiziko kolonbiarra izango da; aurrez saiakera eginagatik helburua lortu ezinik geratu dira zenbait herrikide. Aurtengoa bigarren aldia du Bernalek Tourrean, eta loriarik baliotsuena eskuratu du 22 urte bete berritan. Etorkizunerako txirrindularia zenak dagoeneko eskuan du saririk handiena.

Ineosekoak taldekide bat izango du lagun podiumean: Geraint Thomas. Iazko garailea Bernalekin batera helmugaratu zen Vall Thorensen, eta hura izan zen kolonbiarra zoriontzen lehendabizikoa. Sailkapen nagusian Bernalengandik 1.11ra geratu da Thomas, eta 1.31ra Steven Kruijswijk (Jumbo Visma). 20 segundoan geratu da bigarren eta hirugarren sailkatuen arteko aldea.

Kruijswijk bera izan zen eguneko beste garailea. Herberehetarrak bere aldea lanean izan zuen Jumbo-Visma talde osoa, eta horri esker fruitu gozoaren jabe egin zen. Ez alferrik, azken aukera baliatu baitzuen hirugarren postua lortzeko. Lasterketari erritmo izugarria ezarri zion Jumbo-Vismak, eta bikain atera zitzaion egindako jokaldia. Ez zuten beste aukerarik, Kruijswijk podiumean ikusi nahi bazuten bederen.

Alaphilippek ezin

Jumboren ekinaldi horrek hautsi egin zituen zenbait txirrindulari, eta, horien artean, Julien Alaphilippe (Quick Step). Frantziarrak ezin izan zion eitsi aurkariek ezarritako erritmoari, eta agur esan zion sailkapen nagusiko bigarren postuari. Ez hori bakarrik; bosgarren postuan amaituko du Tourra. Jakin bazekien zaila izango zuela, baina etsita agurtu ziren bere aukerak.

Emanuel Buchmanek (Bora- Hansgrohe) bere lan onari ginga jarri zion atzokoan. Aurrea hartu zion Alaphilippi sailkapen nagusian, zazpigarren helmugaratu baitzen Val Thorensen, Nibali garailearengandik 23 segundora. Alemaniarrak, halere, ez zuen zirkinik ere egin podiumean toki bat aurkitzeko. Mendatean gora bere gurpilari itsatsita joan zen Kruijswijk une oro, eta horrek aukera guztiak kendu zizkion, nahiz eta Gregor Muhlberger taldekidea laguntzen saiatu zitzaion. Bi segundoren tartean helmugaratu ziren Buchman eta Kruijswijk.

Nolanahi ere, Borakoa pozik iritsiko da gaur Parisera. Iritsi aurretik, baina, azken etapan lehiatu beharko dute. Lasai antzean igaroko dituzte Rambouilletetik Frantziako hiriburura arteko 128 kilometroak. Etapa laua izango da, mendaterik gabea, eta loriaren azken zatiak dastatu nahi dituztenek sprintean egin beharko dute haginka. Ez da Egan Bernalen kasua izango; kolonbiarrak patxadaz hartuko du egitekoa, amaieran Kolonbiako txirrindularitzaren historiaren liburuan bere izena urrezko hizkiz idatziko duela jakinik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna