Albistea entzun

Europako futbola dardarka utzi dute

Saudi Arabiako ligako taldeek 956 milioi euro gastatu dituzte fitxaketetan udako merkatuan, eta soldata ikusgarriak eskaini dituzte. Kirol ibilbideko azken txanpan dauden jokalariak ez ezik, goi mailako jokalariak eta gazteak ere erakarri dituzte.
Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Berastegi -

2023ko irailak 15

Europako liga handiek lehiakide berri bat dute: Saudi Arabiako liga. Urtarrilean Cristiano Ronaldo Manchester Unitedetik fitxatu zutenean euren asmoen berri iragarri bazuten ere, uda partean txiki utzi dituzte Europak egindako aurreikuspen guztiak.

Izan ere, Saudi Arabiako liga izan da fitxaketetan diru gehien gastatu duten ligetan bigarrena: 956 milioi euro. Ingalaterrako Premier League baino ez dago aurretik, 2.800 milioi euroko gastuarekin. Beraz, Frantziako Ligak (899 milioi euro), Italiako Serie Ak (854 milioi euro) eta Alemaniako Bundesligak (748 milioi euro) baino diru gehiago inbertitu du fitxaketetan, eta bikoiztu egin du Espainiako Ligak egindako (455 milioi euro) gastua. Ez da nolanahiko lehiakidea, beraz.

Nagusiki, Saudi Arabiako lau taldek astindu dute merkatua. Al-Hilalek, historikoki herrialdeko talde handiena izan denak, 353 milioi euro erabili ditu Neymar, Ruben Neves, Yassine Bono, Malcom eta Kalidu Kulibaly fitxatzeko, besteak beste.

Al-Ahlik ere dozena erditik gora fitxaketa egin ditu; tartean Manchester Cityko Riyad Mahrez, Erromako Roger Ibañez eta Celtako Gabri Veiga. Denera, 200 miloi eurotik gorako gastua egin dute. Celtako jokalari gaztearen fitxaketak eman du zeresana: Napoli Italiako Ligako txapeldunarekin kontratua sinatzear zela, Saudi Arabiako taldea negoziazioetan sartu, eta Celtari 40 milioi euroko eskaintza egiteaz gain, galiziar gazteari hiru urteko kontratua eman zion, urtero hamar milioi euroko soldatarekin. «Lotsagarria», idatzi zuen Toni Kross Real Madrileko jokalariak sare sozialetan. Askorentzat ulertezina izan baita 21 urte dituen jokalari bat Saudi Arabiara joatea.

Al-Ittihad taldeak, berriz, 123 milioi euro erabili ditu hamaika fitxaketa egiteko. Karim Benzemarengatik eta N'Golo Kanterengatik ez zuten dirurik ordaindu, baina soldata ikusgarriak eman dizkiete. Aurrelari frantziarrak, akordio komertzialak barne, urtero 200 milioi euro inguru irabaziko ditu.

Al-Nassr ere ez da atzeran geratu, ezta gutxiago ere. Cristiano Ronaldo fitxatu ostean, udan Aymeric Laporterekin, Otaviorekin, Sadio Manerekin edo Marcelo Brozovicekin indartu dute taldea, besteak beste, 151 milioi euroren truke. Lau talde horien atzetik, Al-Ettifaq dator (36 milioi euro), Steven Gerrardek entrenatzen duen taldea, eta, gero, Al-Xabab (34,4 milioi euro), zeinak berriki Yannick Carrasco fitxatu baitu.

Soldata ikusgarriak

Fitxaketetan diru mordoa gastatu badute ere, klub guztiek eskaintzen dituzten soldatei esker lortu dute mundu mailako izarrak erakartzea. Cristiano Ronaldo izan zen aitzindaria. Edonola ere, ordu hartan, bazirudien Ekialde Hurbileko herrialde horretako liga ibilbidearen azken zatian zeuden jokalariak erakartzeko gai izango zela soilik. Multzo horretan sar daitezke Benzema eta Kante, baina ibilbidearen hastapenetan edo garairik onenean dauden jokalari batzuk ere erakarri dituzte azkenerako, Ruben Nevesen fitxaketak argi uzten duen bezala.

Munduko diru guztia erabilgarri izan arren, baina, Saudi Arabiako taldeek ezin izan dituzte egin nahi zituzten fitxaketa guzti-guztiak. Leo Messik talderik gabe zegoen, baina, Saudi Arabiari ezetz esan, eta Inter Miamirekin sinatu zuen. Liverpoolek uko egin zion Mohamed Salahrengatik 150 milioi euro jasotzeko eskaintzari, baina neguan jaso dezaketen eskaintzaren beldur dira. Eta Victor Osimhen ere ezin izan dute fitxatu. Aurrelari nigeriarrari dagokionez, Aurelio De Laurentiis Napoliko ugazaba oso argi mintzatu zen: «200 milioi eurorekin Osimhenen oin bat bakarrik eros dezakete». Ekialde Hurbilera joateari uko egin dion azkena Sergio Ramos izan da; Sevillan jokatuko du, hogei aldiz gutxiago kobratuta.

Jokalari bakar batzuen ezezkoaz haratago, Saudi Arabiako klubek jaso duten ezezko handiena UEFArena da, Txapeldunen Liga jokatzeko gonbidapena ematearen aurka azaldu baita Aleksander Ceferin UEFAko presidentea. Oraingoz, gutxienez.

Gobernuaren esku

Al-Hilal, Al-Ahli, Al-Ittihad eta Al-Nassr PIF Saudi Arabiako Erresumaren estatuko inbertsio funtsak kontrolatzen dituen taldeak dira. Alegia, herrialdeko gobernuaren kontrolpean dauden klubak dira. Era berean, ezin da ahaztu Premier Leagueko Newcastle taldearen jabea ere funts berbera dela, 2021eko urriaz geroztik.

PIF funtsak Newcastle erosi zuenean aipatu zen bezala, Saudi Arabiako ligaren gorakada handiaren atzean dauden arrazoietako bat herrialdearen irudia nazioartean garbitzea izan daiteke, baina, horrez gain, beste helburuetako bat Munduko Kopa antolatzea litzateke. Hasieran, uko egin zion Egiptorekin eta Greziarekin 2030eko ekitaldia antolatzeari, baina Luis Rubiales Espainiako Federazioko presidente ohiaren auzia lehertu eta gero, badirudi prest legokeela berriro ere lehia horretan sartzeko —Espainiak hautagaitza aurkeztu du Portugalekin eta Marokorekin—. Bestela, 2034ko Munduko Kopa hartzeko asmoa izan lezake.

Bitartean, epe laburrera, herrialdearen asmoa Saudi Arabiako futbol liga munduko hamar lehiaketa onenen artean kokatzea da, eta horretarako, udan egin bezala, neguan ere ahal duten guztia fitxatzeko prest daude. Dardarka dago Europako futbola.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Athleticeko jokalariak, lehen gola ospatzen, Iñaki Williamsen sartutakoa. ©L. RICO / EFE

Beste derbi zuri-gorri bat

Julen Etxeberria

Hogei urteren ostean, Athleticek Alavesi irabazi dio Mendizorrotzan. Garaipena lortuta, zuri-gorriek indartu egin dute egiten ari diren sasoi hasiera ederra. Arabarrek aurreneko aldiz galdu dute etxean
Chima Moneke Baskoniako jokalaria eta Xavi Rabaseda Bilbo Basketekoa, lehian, Euskal Kopan. Bertan behera geratu zen partida, hezetasunagatik. ©SASKI BASKONIA

Zalantzak eta ziurtasunak

Mikel Reina

Baskoniak eta Bilbo Basketek bihar ekingo diote ACB ligari. Gasteiztarrek Lugon jokatuko dute, Breoganen aurka. Bilbotarrek, berriz, Andorra jasoko dute Miribillan.
Oihan Sancet, gola ospatzen. Athleticek Alavesi sartutako bigarrena izan da. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Zuri-gorrientzat izan da derbia

Julen Etxeberria

Hogei urteren ostean, Athleticek Alavesi irabazi dio Mendizorrotzan. Garaipena lortuta, zuri-gorriek indartu egin dute egiten ari diren sasoi hasiera ederra. Arabarrek aurreneko aldiz galdu dute etxean.

 ©BERRIA

Zantzu onak indartu nahian

Eñaut Agirrebengoa

Alavesek eta Athleticek sasoiko bigarren derbia jokatuko dute gaur, Gasteizen. Arabarrek etxeko hirugarren garaipena lotu nahi dute. Bizkaitarren asmoa emankor jarraitzea da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.