Iaz baino lau urte gazteagoa

Aurtengo lau eta erdikoa urriaren 4an hasiko da, eta parte hartzaileen batez besteko adina 25 urte pasatxokoa da. Urrutikoetxea «baikor» da, baina oraindik ez daki jokatu ahal izango duen

Iaz baino lau urte gazteagoa.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Urteak dira pilota profesionala gaztetze prozesu batean sartuta dagoela. Bizi legea da, baina enpresen erabakiek asko bizkortu dute prozesu hori. Aspe eta Baikoko pilotari multzoen batez besteko adina jaitsi egin da, eta txapelketetan ere badu horrek isla. Aurtengo lau eta erdikoan, baina, jauzi kualitatiboa emango da prozesu horretan, iazkoa baino lau urte gazteagoa baita kasik. 2018ko parte hartzaileen batez besteko adina 29 urtekoa zen, eta aurtengoena 25,4koa da.

Pilotari beteranoen hutsuneak eragindako aldaketa da. Agerikoena Aimar Olaizolarena da. Iaz 39 urterekin hartu zuen parte, eta aurten ez da ariko. Txapelketa atzo aurkeztu zuten, Bilbon, eta guztiek aipatu zuten arraroa egiten zitzaiela Olaizola II.a han ez ikustea. Julen Retegiren hutsuneak ere badu bere isla estatistikan, iaz 33 urterekin hartu baitzuen parte. Horiek hala, Oinatz Bengoetxea da 30 urtetik gorako parte hartzaile bakarra: 35 ditu. Mikel Urrutikoetxea da bigarrena zerrendan, 30 urterekin. Beste muturrean Peio Etxeberria dago, 21 urterekin. Aurrenekoz ariko da Lehen Mailako txapelketan, Joanes Bakaikoa Bigarren Mailako txapelduna bezala (22 urte). Guztira bost dira 23 urte edo gutxiago dituzten parte hartzaileak.

Eta agian are gehiago gaztetu daiteke, ikusteko baitago Urrutikoetxeak parte hartuko duen. Parte hartzaile beteranoetan bigarrenak hiru zentimetroko zuntz haustura egin zuen ezkerreko bularraldean iragan abuztuaren 22an, eta ordutik ez du jokatu. Hasiera batean, sendatzeko sei aste beharko zituela jakinarazi zuen Baikok, baina luzeago joko du. Pilotaria «baikor» da, eta hurrengo astean berriz ere medikuenera joango da proba bat egitera. Lehen partida urriaren 14an du, hiru aste barru, eta pilotariak medikuen esku utziko du erabakia. Berak, behintzat, ez du arriskatzeko asmorik. Agian, jokatu ahalko du, baina kostata egingo du prestaketa egokia. Unai Laso ere min hartuta egon da irailaren 2tik, zuntz haustura batengatik, baina atzo proba egin zuen Olaizola II.arekin, eta, ondo bidean, urriaren 7an Danel Elezkanoren aurka jokatzeko moduan egon beharko luke.

Txapelketa gazteagoa da, baina diseinua azken urteetako bera da. «Kostatu izan zaigu lehen kanporaketetan jendea biltzea, baina hortik aurrera zaleek ondo erantzuten dute. Ondo dabilen sistema bat da», azaldu zuen atzo Inaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak. Hamabi pilotarik hartuko dute parte, eta iaz finalerdietarako sailkatu ziren laurak dagoeneko sailkatuta daude final-laurdenetako ligaxkarako. A multzoan Urrutikoetxea eta Jokin Altuna dira zerrendaburuak, eta elkarren aurka jokatuko dute lehen jardunaldian, urriaren 14an, Tolosan (Gipuzkoa). B multzoan, berriz, Joseba Ezkurdia iazko txapelduna eta Bengoetxea VI.a daude. Lekunberrin (Nafarroa) neurtuko dituzte indarrak, urriaren 13an. Ligaxkako bigarren jardunaldian, urriaren 19ko asteburuan, Bilbon ariko da Urrutikoetxea; Eibarren, (Gipuzkoa) Altuna III.a; Iruñean, Ezkurdia; eta Gernika-Lumon (Bizkaia), Bengoetxea VI.a.

Aurretik final-zortzirenetako lau kanporaketak jokatuko dituzte —ez da atarikorik egongo—. Urriaren 4an jokatuko da lehen partida, Zallan (Bizkaia), Iker Irribarria eta Victor Estebanen artean (A multzokoa). Aurtengo buruz burukoan ere jokatu zuten elkarren aurka, eta Victorrek estu hartu zuen Irribarria. 5ean jokatuko da bigarrena (B multzokoa), Etxarri Aranatzen (Nafarroa), Joanes Bakaikoa eta Erik Jakaren artean. Azkeneko bi kanporaketak Tolosan jokatuko dira, urriaren 7an, astelehenez. Danel Elezkanok eta Unai Lasok jokatuko dute aurrenekoa, eta Iñaki Artolak eta Peio Etxeberriak bigarrena. B multzokoak dira guztiak.

Kanporaketen egutegia bitxia da, lehen igandean ez baitago partidarik. Egun horretan, baina, Masters torneoko finala jokatuko da Iruñean, Nafarroa Arenan, eta egun hori libre behar zuten enpresek. Lau eta erdiko txapelketa azaroko hirugarren astebururako amaitzea da asmoa, eta horrek datak pilatu egiten ditu hasieran.

Finala, Iruñean

Lau eta erdiko finala azaroaren 17an jokatuko da, iaz bezala, Nafarroa Arenan. Aspaldi jakinarazi zuten erabakia enpresek, pilotalekua kudeatzen duen elkarteak epe luzerako egutegia diseinatzen duelako. «Iazko esperientzia ona izan zen, eta, aurten berriz ere eskaintza jaso dugunez, itzuli egingo gara. Hori bai, pilotalekua daraman enpresaren asmoa urtean jaialdi bat edo bi antolatzea da», azaldu zuen Errandoneak.

Orain ikusteko dago Iruñea lau eta erdiko finaleko plaza finko bilakatuko ote den, garai batean Gasteiz zen bezala. Ogeta hobetzen hasi dira, baina ezinezkoa da han jokatzea. Lanen ondoren, gainera, eserleku kopurua murriztuko dute, eta Nafarroa Arenak aukera ona du finalen zirkuituan sartzeko. Izan ere, dagoeneko jakina da hurrengo hiru urteetako buruz buruko eta binakako finalak Bilbon jokatuko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.