Urrezko mentalitatea

Izar handietako bat da Alexia Putellas Bartzelonako jokalaria. Unzue eta Bergara taldekide ohiek diote «lehiakorra» eta «anbizio handikoa» dela. Realaren aurka ariko da bihar, Zubietan.

Alexia Putellas, denboraldi honetan sartutako gol bat ospatzen. MARTA PEREZ / EFE.
Iñaki Berastegi.
2022ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Bartzelona futbol taldearen historian urrezko hizkiekin idatzita geratuko dira Alexia Putellas Seguraren izen-abizenak (Mollet del Valles, Herrialde Katalanak, 1994). Harrobiko jokalaria, emakumezkoen taldearen lehen Txapeldunen Ligako garaikurra jaso zuen kapitaina, eta 2021eko Urrezko Baloiaren garailea, oraingoz. Horrekin nahikoa litzateke klubaren, eta, oro har, futbolaren historiako ikur handietako bat izateko. Baina, 27 urte baino ez dituenez, urte asko ditu aurretik historian arrastoa uzten jarraitzeko. Realaren kontrako ligako partida jokatuko du Bartzelonarekin bihar, Zubietan.

Marta Unzue Athleticeko jokalaria (Iruñea, 1988) sei denboraldiz aritu zen Putellasekin Bartzelonan. Halere, aurkari gisa izan zuen lehen aldiz haren berri. «Espanyoleko eta Levanteko jokalari gisa ezagutu nuen. Ausarta eta ezker dotorea zuen jokalari gaztea zen. Oso azkarra ez bazen ere, hegalean jokatu ohi zuen, buruz buruko jokaldietan trebea zelako». Denboraldi bakarra egin zuen Putellasek Espanyolen: 2010-2011ko sasoia. Hain justu, Ane Bergararen (Bera, Nafarroa, 1987) azkena izan zen taldean. «Jokalari hagitz gaztea zen, oso langilea eta determinazio handikoa». Ondoren, 2015 eta 2017 bitartean, Putellas, Unzue eta Bergara elkarrekin aritu ziren Bartzelonan.

«Lehiakorra»: halaxe definitu du Bergarak hitz bakar batean Putellas. «Anbizio handikoa», esan du Unzuek. Batentzat zein bestearentzat, «mentalitatea» eta bere buruarekiko duen «exijentzia» dira Molleteko jokalariaren arrakastaren atzean dauden arrazoi nagusiak. «Nahi duen hori lortzeko, ahalegin betean aritzen da. Oso mentalitate indartsua du, eta, izaeraz, zelaian apur bat hotza izan daiteke», azaldu du Unzuek.

Kirol arlotik aztertuta, ezker dotorea du, eta erdilari golegilea da. «Teknika da bere indargunea, baina fisikoki ere gaitasun handiko jokalaria da. Gola sartzeko erraztasuna izateaz aparte, azken pasea emateko gai ere bada, eta defentsako lanean ez da hankamotza», azpimarratu du Bergarak. Antzeko analisia egin du Unzuek ere: «Aurkariaren areara etengabe iristeko gaitasuna du, eta gol dezente sartzen ditu. Bartzelonan, postua aldatzearekin batera, jokatzeko modua ere egokitu du: buruz burukoan gehiago ahalegintzen zen lehen, eta orain nahiago du azken pase bat eman edo bigarren lerrotik arriskua sortzea».

Dena den, teknika baino gehiago, jokoa ulertzeko duen «erraztasuna» nabarmenduko luke Unzuek: «Zelaian duen kokapena eta gorputza orientatzeko duen gaitasuna azpimarragarriak dira. Une oro taldekideak eta aurkariak non dauden aztertzen ari da, baloia jasotzen duenean erabakirik onena hartzeko». Horri lotuta, Bergarak dio «betidanik» prest egon dela aholkuak jasotzeko, eta hori ere arrakastaren gakoetako bat dela deritzo. «Lan handia egin du dagoen lekura ailegatzeko. Bartzelonan berriro bat egin genuenean, heldutasun eta seriotasun handiko jokalari batekin egin nuen topo. Gainera, kapitaina izan ez arren, lidergo handia zuen».

Berriki emandako elkarrizketa batzuetan, Putellasek berak onartu du, teknikan eta arlo taktikoan ez ezik, fisikoki ere «aurrerapausoa» eman duela azken urteetan. Esandakoarekin bat egiten du Unzuek: «Fisikoki finagoa da orain. Bartzelonako jokalariek askotan esan dute Lyongo Olympiqueren aurka Txapeldunen Ligako finala galdu eta gero, klubari gehiago entrenatzeko eskatu ziotela. Indarra landu zuten gehien bat, baina, pisua galtzearekin batera, abiadura ere irabazi zuten».

Espero gabekoa

Edonola ere, ez Unzuek, ez Bergarak ez zuten espero Putellasek noizbait Urrezko Baloia irabaziko zuenik. «Merezimendu osoz irabazi du, baina, duela lau urte galdetu izan balidate, ez nuen uste hautagai izango zenik. Lan handia egin du, eta zelaian ikusi da. Gainera, ia ez du lesiorik izan, eta entrenatzaile guztiek fede handia izan dute harengan», esan du Unzuek.

Bergararentzat ez da «ezusteko handia» izan, baina ez zuen uste «horrenbesteko» bilakaera izango zuenik. «Bartzelonak apustu handia egin du taldea indartzeko, estatu osoko onenak eta kanpoko jokalari bikainak ekarrita. Alexia oso lehiakorra da, eta ondoan dituenek exijentzia maila igotzera behartu dute. Hark erraten duen moduan, eta ni ados nago, bere taldekideak gabe ez litzateke iritsi den tokira iritsiko». Arlo pertsonalari erreparatuz gero, Unzuek dio zelaian eta bere jendearekin dagoenean «bestelako pertsona» bat dela.

Urrezko Baloiaren bozketan, Jenni Hermoso taldekidea eta Sam Kerr Chelseako aurrelari australiarra gainditu zituen. Jokalari aparta izateaz gain, «mediatikoa» ere badela gaineratu du Bergarak: «Oso ondo ikusita dago, kapitaina da, eta betidanik asko zaindu du zaleekiko jarrera».

Laburbilduz, ezker dotorea, teknika bikaina, ulermen taktiko aparta eta fisiko pribilegiatua duen jokalaria da, baina, hori guztia kudeatu eta maila gorenera eramateko, urrezko mentalitatea behar da. Hori da, hain zuzen, Putellasen bertuterik onena: mentalitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.