Beltza zuritzen ari da

Delteco Gipuzkoa Basketek susperraldi handia izan du, azken zazpi partidetatik bost irabazita. Horri esker, egingarri dirudi duela gutxi arte ezinezkoa zirudiena: mailari eustea.

Julen Etxeberria.
2019ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Jota. Halaxe zegoen Delteco Gipuzkoa Basket duela hilabete eta erdi eskas. Azkena zen sailkapenean, bi garaipenera zuen azken-aurrena eta hirura jaitsieratik salbu zegoen azken taldea. 22 partidetatik lau baino ez zituen irabazi. Hemezortzitan utzi behar izan zuen kantxa burumakur.

Hilabete eta erdi geroago, ordea, goitik behera aldatu da Donostiako taldearen egoera. Zazpi partida jokatu ditu, eta bost irabazi ditu, eta bi galdu, hots, aurretik bost hilabetean baino garaipen gehiago lortu ditu. Jaisteko postuetan da oraindik, azken-aurrena baita. Baina egoera oso bestelakoa da orain. Batetik, Murtzia azken-aurrenarekin berdinduta dago, eta etzi bisita egingo dio. Bestetik, garaipen batera du Estudiantes, hamabosgarrena, baina Espainiako taldeak partida bat gehiago jokatu du, eta taldeko jokalari onena galdu berri du: Dario Brizuela donostiarra. Argi dago: beltza zena zurituz doa. GBCk izandako susperraldi handiak eragin du hori. Zenbait gako daude gorakada horren atzean.

HOBEKUNTZA DEFENTSAN ETA ERASOAN

Sergio Valdeolmillosek entrenatutako taldeak asko hobetu du defentsan eta erasoan azken zazpi jardunaldietan. Defentsan, lehen baino sei puntu pasatxo gutxiago jasotzen ditu: 83,95 lehen, eta 77,57 orain. ACB ligako dozena erdi talde baino gehiagori sartzen dizkiote Donostiako taldeari baino puntu gehiago. Erasoan, aldiz, inork baino puntu gutxiago lortzen ditu neurketako. Halere, alor horretan jauzia eman du, lehen baino ia hamar puntu sartzen baititu norgehiagokako: 73,2 lehen, eta 82,85 orain.

BURJANADZE DA IZARRA, ETA DANI PEREZ EZUSTEA

Kostatu zaio, baina Beqa Burjanadze hasi da harengandik espero zena ematen. Sasoiaren lehen erdian eskas aritu zen, urte eta erdiko etenaldiak eraginda. Baina azken txanpa honetan ikusgarri ari da pibot georgiarra. Azken zazpi partidetan izan dituen estatistikak dira horren erakusle: 17,7 puntu, 6,7 errebote eta 20,4 puntuko balorazioa. Lider rola hartu du. Taldekideei aginduak eta animoak ematen dizkie etengabe, eta hutsarteetan ia Valdeomillosek berak baino gehiago hitz egiten du.

Baina Burjanadze ez da babak eltzetik ateratzen ari den bakarra. Jokalari gehienek eman dute aurrerapausoa, eta horien artean bat nabarmentzen da: Dani Perez. Defentsan eta paseak ematen oso ondo ari zen, baina harrigarri jardun da GBCk irabazitako azken bi partidetan, Joventuten eta Obradoiroren aurkakoetan: 27 puntu sartu zizkien katalanei, eta hogei galiziarrei. Inoiz ez zituen hogei puntu sartu lehia batean, eta astebetean bitan egin du. Horri esker, hilero ACBk ematen duen saria irabaztear izan da. 14,2 puntu, 7,5 asistentzia, %53ko portzentajea hirukoetan eta 22,5 puntuko balorazioa. Horra apirilean Perezek egindakoa.

Burjanadzeren eta Dani Perezen lan onak, gainera, taldekideak hauspotu ditu. Blagota Sekulicek, Garret Nevelsek, Viatxeslav Bobrovek, Miquel Salvok... guztiek eman dute aurrerapausoa, eta erabakigarriak izan dira azken neurketetan.

FITXAKETA ERAGINKORRAK

Matic Rebec eta Nick Zeisloft ere ari dira nabarmentzen. Hain zuzen, bi jokalari horiek dira denboraldia hasita taldeak egin dituen bi fitxaketak. Joko antolatzaile esloveniarrak Jorge Gutierrez ordezkatu du, eta eskolta estatubatuarrak aulkira bidali du Alberto Corbacho. Zeisloft 11 puntu ari da lortzen partidako, horietatik bederatzi hirukoei esker. Eraginkortasun handia ari da erakusten urrutitik, saiatu den erdietan saskiratu baitu baloia. Jaurtitzaile petoa da, eta trebea. Halako jokalari baten beharra zuen taldeak.

GARAIPEN GOGOANGARRIAK

Ez dago irabaztea bezalakorik konfiantza hartzeko. Eta zer esanik ez garaipen horiek gogoangarriak baldin badira. Bada, halakoak izan dira Donostiako taldeak lortu dituen bi: batean, astindu latza eman zion mailari eusteko aurkari bati, Breogani, 35 punturen aldeaz irabazi baitzion etxean (100-65); bestean, berriz, Estudiantesi irabazi zion Illunben (93-92), 24 puntu atzetik joan ondoren (29-53).

ENTRENATZAILEAK, PSIKOLOGO LANETAN

Gogorrak izan dira denboraldiko lehen bost hilabeteak GBCn. Hasi eta berehala geratu zen atzean, eta aste askotan, gainera, sentipena izan da ez zegoela ACB ligan lehiatzeko moduan. Hala ere, jokalariek beti izan dute jarrera egokia, eta beti egon dira lanerako prest. Hori hala izateko, Valdeolmillosek eta haren laguntzaileek psikologo lanak egin behar izan dituzte, ondo egin ere, egoera oso zaila izanagatik jokalariek ez baitute inoiz amore eman.

Gora egin du GBCk, baina lan handia du egiteko. Gainera, egutegi zaila du: Murtzia (kanpoan), Baskonia (etxean), Fuenlabrada (kanpoan), Bartzelona (kanpoan) eta Real Madril (etxean). Baina konfiantzaz lepo dira donostiarrak. Sinetsita daude lor dezaketela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.