Izkin egin dio fama txarrari

Fabian Orellana da Eibarren erasoko jokoaren itsasargia. Zerbait berezia ematen dio taldearen jokoari, eta, gainera, golak sartzen ari da. Giro ona jartzen ere abila da.

Fabian Orellana, Betisi sartutako gola ospatzen. JULIO MUÑOZ / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Oin puntetan bezala ibiltzen da zelaian, txori txiki bat balitz bezala. Pauso txikien gainean, ezkerrera eta eskuinera azkar joaten da, betiere baloia oinetan itsatsia duela. Bizia eta azkarra da, eta atzelarientzat, kezka sortzaile. Golegile ere bada denboraldi honetan, lau sartu baititu jada. Fabian Orellana da (Santiago, Txile,1986) Eibarren erasoko jokoaren itsasargia.

Badira ia bi urte Valentzia (Herrialde Katalanak) utzi eta Eibarrera (Gipuzkoa) etorri zela. Aurretik, Txileko Audax Italianon, Italiako Udinesen, Espainiako Granadan eta Galiziako Celtan ere jokatu zuen. Baita herrialdeko selekzioan ere. Jokalariak zelaian dituen ezaugarriak ezagunak dira. Izaerari dagokionez ere, ustez, jakina zen nolakoa den, eta, Eibarrek ekarri zuenean, haren ospe txarrari buruzko jarduna azkar zabaldu zen: polemikoa dela, Jose Luis Mendilibarren izaera gogorrarekin eta eskakizun handiarekin talka egingo zuela, eta abar. Zergatik eta Celtan zela Eduardo Berizzo entrenatzailearekin eztabaida handiren bat izan zuelako. Baita gero Valentzian ere, Marcelino Garcia Toral teknikariarekin.

Baina, Eibarren dagoenetik, bere-berean doa dena, eta ederki azaldu zuen Mendilibarrek aurreko astean zer den Orellana, Vila-realen aurka sekulako partida egin eta garaipeneko gola egin zuenean txiletarrak: «Nahiko azeria da, kabroi samarra ere bai. Jakin egin behar da eramaten eta harekin tratatzen; bestela, erantzuten badiozu, haizea hartzera bidaliko zaitu azkar». Berezia izateak ez du esan nahi, baina, pertsona txarra denik edo aldagelarako kaltegarria denik. Bat gehiago da taldekideen artean, eta, are gehiago, txiletarra bera izaten da txantxa giroa pizten ibiltzen dena. Saltsero ospea du taldekideen artean.

Erantzun bizikoa izan arren, badaki onartzen Mendilibarren oihuak eta zuzenketak. Entrenatzaileari erantzuten ere aritzen da, baina Zaldibarko (Bizkaia) entrenatzaileak uzten die hori egiten jokalariei. Txiletarrarekin zera eduki behar da kontuan: haren erantzunari ez erantzutea berehala. Beroa izanik, ez da komeni harekin eztabaidan hastea, eta, gainera, beroaldia azkar pasatzen zaio: berehala ekiten dio berriz ere lanari, serio demonio. Horretaz ari zen Mendilibar aurreko astean, Orellana «eramaten jakin» behar dela esan zuenean.

Aske da zelaian

Zelaian ere, baloia jokoan denean, badu askatasuna erasoko edozein lekutan azaltzeko: barrualdean edo hegalean. Baina askatasuna ez dio inork eman, eta ez du hark hartu gogoak eman diolako. Bada arrazoi jakin bat horren oinarrian: oso azkarra da jokoa ulertzen. Badaki une bakoitzean non azaldu behar duen taldeari mesede gehiago egiteko, barrualdean edo kanpoaldean. Berez, hasi, eskuin hegalean hasten da jokatzen, baina, barruan baino gutxiagotan ukitzen duenez baloia, bere kasa joaten da barrura edo erditik ezkerraldeko eremura. Mugimendu horrekin, gainera, lekua uzten die hegaleko atzelariei, aurrera egin dezaten, Mendilibarrek nahi duen bezala.

Edozein tokitan eta une egokian azaltzeko berezko gaitasun horrek buruko minak sortu ohi dizkie aurkariei, ez dakitelako non bistaratuko zaien erdilari txiletarra. Gainera, ondo mugitze horri beste dohain bat ere gehitzen dio: oso trebea da buruz burukoan. Gustatzen zaio aurkariaren bila joatea, desafioa botatzea atzelariari, eta askotan ateratzen da garaile buruz buruko lehia horietan. Datu hau oso argigarria da alde horretatik: Espainiako ligako jokalarien artean, Orellana da gehien izkin egiten duena eta eraginkortasun handiena duena.

Eibarren erasoko jokoari gauza gehiago ere ematen dizkio. Bizi joaten da baloia aurkariaren zelaira, Mendilibarrek horrela izatea nahi duelako, eta, beste zelaian baloia berreskuratutakoan ere, entrenatzaileari gustatzen zaio ahalik eta azkarren jartzea baloia arean. Ezin zaio, baina, erritmo horri eutsi partida osoan, eta Orellana da jokoaren erritmoari atseden pixka bat ematen diona taldean; horrekin lerroak elkartzea ere lortzen du.

Fama txarrarekin gertatu zaion bezala, defentsako lanean oso iaioa ez zela ere uste zen, baina datu batek kontrakoa dio: aurkariaren arean baloia gehien berreskuratu zuten bost jokalarien artean zegoen aurreko denboraldian. Gaitasuna du baloia lapurtzeko ere, oinez ari dela ematen duen arren. Leku onean egoteko gaitasuna lagungarri zaio horretan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.