Denboraldiari ginga jartzea daukate amets

Osasuna Magnak Espainiako Lehen Mailako titulurako kanporaketa jokatzekoa du ekain amaieran, Valdepeñasen aurka. Daniel Saldisek «zapore onarekin» amaitu nahi du, eta «ondo» agurtu taldea, hura utziko baitu.

Daniel Saldise, denboraldi honetan jokatutako partida batean. OSASUNA MAGNA.
Mikel O. Iribar.
2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Koronabirusak kirol munduan eragin duen astindu latza dela eta, kirol diziplina askorentzat ez da erraza izaten ari urak bere onera ekartzea. Batzuk, denboraldia bertan behera utzi, eta datorren sasoiari begira jarri dira jada. Beste batzuek, berriz, nola edo hala amaitu nahi dute sasoia; egutegia estutu eta puzzleak osatu nahian dabiltza bulegoetan. Egoera horren lekuko da areto futbola. Hain zuzen, Espainiako Ligako lehen zortzi sailkatuak titulurako kanporaketa jokatzekoak dira, partida bakarrera, eta horien artean dago Osasuna Magna Irurtzungo (Nafarroa) taldea.

Espainiako Futbol Federazioak kanporaketa ekain amaieran egiteko asmoa du, egoitza bakarrean, eta betiere agintarien onespenarekin. Oraindik zehazteke dute noiz eta non jokatuko den. Jokalariek euren osasuna «arriskuan» jartzen ez badute eta «behar bezalako neurriak» hartzen badira lehiatzeko moduan izango direla uste du Daniel Saldise (Irurtzun, Nafarroa, 1995) Osasuna Magnako jokalariak. «Hori bai, aurretik denboraldi-aurrea egitea beharrezkoa iruditzen zait berriz sasoia hartzeko». Imanol Arregik zuzentzen duen taldearentzat, martxoaren 6ko Espainiako Kopako neurketa izan zen azkenekoa. «Egoera sinestea kosta egin zait, baina hasieran ez nuen uste bi hilabetez kantxatik kanpo egongo ginenik».

Hori gutxi ez, eta Anaitasuna pabiloia zapaltzeko zain egon beharko dute, ateak ez baitituzte ireki oraindik. Pistan ez jarduteak jokalariei egonezina sortu diela aitortu du, «beste talde batzuk euren kirol zentroetan banaka lanean hasi baitira». Bitartean, bakoitza bere kasa ari da entrenatzen, nola etxean, hala kanpoan. «Fisikoki oso ondo sentitzen naiz, baina baloiarekin ez gara ibili, eta horren falta sumatzen dut».

Taldean entrenatzera itzultzen direnean, lehen egunak «funtsezkoak» izango direla iritzi dio. «Etxean edo kantxan entrenatzeak ez du zerikusirik; erritmo aldaketa biziekin eta intentsitate handiagoz egiten dugu lan». Arlo taktikoa ez lantzeak, berriz, ez dio buruhausterik sortu. «Jokalariok denboraldi asko daramatzagu elkarrekin jokatzen, eta bikain ulertzen dugu elkar. Ondo jokatu ohi dugu». Eta denboraldia ere zapore gozoarekin amaitu nahi du: «Titulua irabaztea pastelari ginga jartzea litzateke».

Horretarako, osasun baldintzak betez gero, Nafarroako taldeak Viña Albali Valdepeñas liga erregularreko hirugarren sailkatua garaitu beharko du lehen kanporaketan. Errespetua dio aurkariari: «Oso talde erregularra da. Erasoan eta atzeko lerroan jokalari sendoak ditu, eta atezaina ere ez da edonor». Eduardo Filiperi buruz ari da. Gertutik ezagutzen du, aurreko bi sasoietan Osasuna Magnan jokatu baitzuen. «Etorkizun oparoa izango du». Partida bakarreko lehia izanda, argi du «dutena baino gehiago» eman beharko dutela. «Gure eremuan ez diegu oparirik utzi behar, eta guk erasoan fin ibili beharko dugu».

Txikia, handi

Denboraldi honetan lortutako emaitzek ez dute bete. «Liga ona egiten ari ginen, baina Espainiako Kopako arantza barruan daramagu. Zerbait handiagoa egin genezakeen». Halere, azken denboraldietan oilarren pare lehiatzen aritzeak badu meritua. Esaterako, liga erregularrean seigarren amaitzea lortu dute. «Ez da makala. Azken batean, urtez urte, areto futbolak ikusgarritasun handiagoa du, eta talde askok gero eta aurrekontu handiagoak dituzte. Gu, berriz, 2.000 biztanle pasatxo dituen herri bateko talde xume bat gara». Haren arabera, emaitza onak lortzearen gakoa taldeak duen bizkarrezurra «sendotzean» datza: «Horrek bilakatzen baitu talde lehiakorra izatea».

Osasuna Magnaren berezko izaera bera du Saldisek. «Lehiakorra naiz, eta neure buruari asko exijitzen diot». Urteek aurrera egin ahala «helduago» sentitzen dela dio. «Bolada gozoa bizitzen ari naiz, eta jokalari gisa beste urrats bat egin dut aurrera». Hain justu, hamabost gol zeramatzan, eta joko txukuna erakusten ari zen. Xotako haztegiko harribitxia izateaz gain, taldeko jokalari garrantzitsuenetariko bat ere bada orain. Hala, Inter Movistar ligako talde indartsuenari interesa piztu zaio nafarrarekiko, eta arrantzatu ere egin du. Fitxaketa ez da ofiziala oraindik, baina, klubak iragarri zuenez, Saldisek ez du taldean jarraituko.

Irurtzundarrak esker hitzak baino ez ditu bere talde kutunarentzat: «Xotan oso maitatua sentitzen naiz. Hasieran ez nuen pentsatzen lehen taldera heldu eta sei denboraldi segidan egingo nituenik. Imanoli eskerrak eman nahi dizkiot, bere garaian lehen taldera jauzi egiteko aukera eman zidalako». Jarraitzaileak ere ez ditu bidean ahaztu. «Anaitasuna kiroldegian zaleen aupada eta berotasuna jasotzea sentsazio ikaragarria da». Denboraldiari eta bere agurrari amaiera biribila eman nahiko lieke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.