KRITIKA. Dantza

Ahaztu hipopotamoak

Agus Perez.
2020ko abenduaren 22a
00:00
Entzun

'Lau pieza labur'

Konpainiak eta piezak: Zum-zum Theatre (Hippos), Colective Giovo (Mapa), Lasaia (Fight), Julia Godiño eta Alexa Moya (Picnic on the Moon). Lekua: Zabalgune eraikina, Bilbon. Eguna: Abenduak 16.

Lau pieza laburrekin amaitu da aurtengo Dantzaldia festibala, eta, data hauen berezitasuna kontuan hartuta, nagusiek eta umeek osatu dute Bilboko Zabalgune eraikinean batu den ikusleria.

Izan ere, umeen gozagarri suertatu da lehen pieza, hiru hipopotamo dantzari agertu baitira dantza eremuan. Kataluniako Zum-zum Teatreko dantzariak jantzi puzgarri banatan bilduta zebiltzan, eta beren imintzio eta txorakeriekin askoren irribarrea eta umeen ilusioa piztu zuten hasieran, Daft Punk taldearen One more Time musika ezagunak lagunduta. Emanaldiaren erditik aurrera, ordea, zeharo agortuta zegoen jatorrizko ideia, eta umeak ere hasiak ziren aspertzen, baina niri behintzat lerro hauen izenbururako ideia eman zidaten.

Gaualdiko bigarren saioarekin hasi ginen dantzaren eremuan sartzen Galiziako Colectivo Glovoren eskutik. Esther Latorre Fernandezek eta Hugo Pires Pereirak osatzen dute kolektiboa, eta lan honetan biak agertu ziren beltzez jantzita, begiak infinituan pausatuta eta energia handiko jardunean murgilduta, isilean hasieran eta galegoz a capella abesturiko kanta baten laguntzaz gero. Errefuxiatuen eta mugen kontuetan oinarritutako pieza honek kutsu akademiko nabarmena erakutsi zuen eta haren emaitzatik bi gauza gogoratuko ditugu gehienbat: mutilaren gaitasun akrobatikoa eta neskaren keinu-definizio bikaina, une batzuetan mimotik hurbil ibili zena.

Zalantzarik gabe, Donostiako Lasala konpainiaren Fight (Borroka) izan zen egitarau osoko piezarik landuena eta estetikoki eboluzionatuena, distantzia handian beste hiruretatik, gainera. Judith Argomanizen koreografia honetan Garazi Etxaburuk eta Miren Lizeagak jardun zuten pieza bakarreko eta praka laburreko maillot koloretsuetan sartuta, eta hasierako uneetan Argomanizen estiloan hain berezkoak diren energia kolpe sinkopatuen segida laburrak ikusi genituen, baina gero zabaldu egin zen mugimendu paleta, jarrera erabat atletikoak eta pasarte askoz alaitsuagoak tartekatuz. Izenburuaren esangurari fidel izanik, bi dantzariak dema etengabean aritu ziren, zein baino zein zehatzago, kementsuago, prestatuago. Ukabilak, indarra eta gihar-tonu ikaragarria izan ziren lan honen bereizgarri nagusiak, eta haiekin batera, Etxabururen eta Lizeagaren prestakuntza sakona, benetako dantzaz gozatzera ezinbestean eraman dituena.

Akabuko ekitaldia —Kataluniako Julia Godiño eta Alexa Moyarena— Picnic on the Moon (Piknik bat Ilargian) deitu zen, eta emanaldian zehar automatak balira bezala mugitu ziren biak, otordurako objektuak —sagar otzara, ur botila, liburua, katilu zuria...— era mekaniko zehatzean erabiliz, apurka-apurka gauzak deskontrolatu eta anabasa dantzatu batean bukatu arte. Ordurako ikusleek ahaztua zuten hipopotamoen pantomima—bitxia bada ere, umeak askoz adiago egon ziren beste hiru saioetan— eta gogoz eskertu zuten Dantzaldiak eskainitako emanaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.