Borroka estanpatuak

Artea herritarrei hurbiltzea. Artean gizartea, langile borroka eta frankismoaren jazarpena islatzea. Horixe Bizkaiko Herri Estanpa kolektiboaren motorra. Taldeko hiru kideetatik bi atxilotu zituztenean bukatu zen.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Paris, 1959. Jose Ortega (Ciudad Real, Espainia, 1921 - Paris, 1990) margolari eta grabadorea erbestean dago, Francisco Franco diktadorearen espetxeetatik pasatu ostean. Legez kanpo dagoen PCE Espainiako Alderdi Komunistakoa —eta alderdi horretako arte plastikoen adarraren arduraduna— da Ortega. Eerrealismo sozialistaren ordezkari. Eta Francoren menpeko hainbat tokitan loratuko den Herri Estanpa mugimenduaren aitzindari.

Mundua bi bloketan banatuta dago, informalismoa nagusi da Mendebaldeko artean, eta erregimen frankistak aurpegi zuriketarako bidea ikusi du eremu horretan. Luis Gonzalez Robles izendatua du lan horietarako, nazioarteko plazetan Espainiako artista abangoardista gazteak ezagutarazteko erakusketak antola ditzan. Testuinguru horretan egin du topo Ortegak Agustin Ibarrolarekin (Basauri, Bizkaia, 1930). Komunista eta Equipo 57 taldearen sortzaileetariko bat da bizkaitarra. Sobietar tradizio konstruktibistatik edaten du taldeak, eta iraultza sozialaren eta kulturalaren arteko lotura aldezten. Ortegaren bitartez murgilduko da Ibarrola grabatugintzan. Hortik sortuko da Bizkaiko Herri Estanpa, Ibarrola Euskal Herrira 1961n itzuli berritan.

Kideak

Kolektibo artistikoa Maria Francisca Dapenarekin (Palentzia, Espainia, 1924Bilbo, 1995) eta Dionisio Blancorekin (Trapagaran, Bizkaia, 1927Bilbo, 2003) osatu zuen Ibarrolak, 1962an. Estanpak grabatzen zituzten. Eta hainbat idazle eta kritikari izan zituzten kolaboratzaile, Gabriel Aresti bat, Sabina de la Cruz, Vidal de Nicolas, Blas de Otero eta besteren ondoan. Grabatuak bakarrik ez, poema irakurraldiak, hitzaldiak, eztabaidak zabaldu zituzten taldearen agerraldietan. Arestiren eta gainerako kolaboratzaileen poemak zeuden kolektiboak Euskal Herrian egin zuen lehen eta azken erakusketarako katalogoan: Donostiako udaletxe azpialdean izan zen, martxoaren 9tik 23ra bitartean.

«Bizkaiko Estanparen helburu nagusia artea herriari hurbiltzea zen. Grabatuaren teknikaren bitartez, obraren erreprodukzioa erraztea eta prezioa urritzea lortzen zuten. Arte abstraktuaren hegemonia erabatatekoari egiten zioten aurre, eta salaketa eta protesta mezuak zeuden beren irudietan», Valeria Garcia-Landarteren esanetan. Bizkaiko Herri Estanpari buruzko lan bat egin zuen 2003an. «Herri Estanpari SESBen errealismo sozialistaren meneko izatea leporatu zitzaion injustuki. Komunismo hark boterearen apologeta eta akademikoa izango zen artea eskatzen zuen; hemen, aldiz boterearen aurka ari ginen», adierazia du gerora Ibarrolak berak.

Garcia-Landarteren ustez, kolektibo horrek 1950eko urteetan izan zuen aurrekari nagusia, Dapenak eta Ibarrolak Ismael Fidalgorekin batera 1954an Bilboko Ezkerraldean egin zituzten erakusketa ibiltarietan: «Artea herriraino eramateko espiritu hura indar handiz gauzatu zen Estanpan, eta Euskal Eskolaren Mugimenduan jo zuen goia». Izan ere, mugimendu horren Bizkaiko adarrean, Emen kolektiboan, ageri dira Estanpako hiru kideak.

Bai Ibarrola bai Dapena atxilotu egin zituzten 1962ko ekainean, erregimena indarkeria bidez eraldatzeko helburua zuten ekintzetan parte hartzea leporatu zieten. Eta komunistak izatea. Halaxe bukatu zuten Estanpa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.