Parlamentuan aurkeztu dute memoria historikoari buruzko lege proposamena

Uztailean eten egin zuten gaiari buruzko herri ekinaldi legegilea, baina testu bera erregistratu dute orain EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek

Erredakzioa
2019ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Uztailean eten zuten memoria historikoari buruzko herri ekinaldi legegilearen prozesua, Eusko Jaurlaritzak antzeko lege proiektu bat iragarri ondotik. Frankismoaren krimenen aurkako euskal plataformak erregistratu zuen herri ekinbide hori Eusko Legebiltzarrean uztailean, eta hark erretiratu zuen Jaurlaritzaren iragarpenaren ondoren. Halere, plataformak eskari bat egin zien proposamenaren alde agertu ziren taldeei: balia dezatela herri ekinbidearen testua. Horri erantzun diote EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, eta Eusko Legebiltzarrera lege proposamen moduan eraman dute herri ekinaldi legegileko testu bera. Bi taldeek azaldu dutenez, joan den ostiralean erregistratu zuten proposamena parlamentuan, eta gaur aztertuko du legebiltzarreko mahaiak. Pauso hori gainditzean, osoko bilkuran egingo du hurrengo urratsa: tramiterako onartu ala ez erabakiko dute parlamentuko taldeek.

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak eta Jon Hernandez Elkarrekin Podemosekoak nabarmendu dute ezinbestekoa dela memoria historikoari buruzko lege bat egitea. Azaldu dutenez, frankismoaren biktimen «erreparazioa» dute helburu, «eurekin duten zorra kitatu eta biktima ororen eskubideak onartuz».

EAJri kritika

Oraingoa ez da memoria historikoari buruzko legea osatzeko egindako lehenengo ahalegina. Hain zuzen ere, azken bi urteetan gaiari buruzko bi lege proposamen heldu dira legebiltzarrera, eta EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu dute bietan. Elkarrekin Podemosek aurkeztu zuen lehena, 2017an; EAJk, PSE-EEk eta PPk atzera bota zuten. 2018ko otsailean EH Bilduk aurkeztu zuen beste bat, eta aurrekoaren bide berari segitu zion. Bi bozketetan zer gertatu zen ikusita, EAJren jokabidea salatu dute parlamentuko bi taldeek: «Aitzakia gisa esan zuten Jaurlaritza antzeko lege proiektu bat prestatzen ari dela, bainaEAJk ez du borondaterik izan memoria historikoa lantzeko». Herri ekinbidea bultzatu duen plataformak ere jo zuen jeltzaleen aurka, Jaurlaritza ez delakoan «era onean eta zintzoan» aritu.

Jaurlaritzak uztailean jakinarazi zuenez, memoria historikoari buruzko lege proposamen bat aurreratuta zeukan ordurako; herri ekinaldi legegilea aurkeztu eta bi egunera egin zuen iragarpen hori gobernuak. Testua irailean aurkeztekotan geratu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.