BAM dinamikak euskaldunak ikusarazi nahi ditu Lapurdiko hirigunean

Baiona, Angelu eta Miarritze izango ditu egitasmoak eragin eremu. 450 pertsona bilatzen dituzte euskararekin lotura duten hamalau engaiamendu praktikan jartzeko, azaroaren 27tik abenduaren 3ra

Dozenaka herritar batu ziren atzo, Baionan egin aurkezpenean. I.MIQUELESTORENA.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2017ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Herritar talde batek BAM izeneko egitasmoa aurkeztu zuen atzo: Baionan, Angelun eta Miarritzen (Lapurdi) «zazpi egunez euskaraz bizitzeko» asmoa dute. Azaroaren 27tik abenduaren 3ra arte, guztira 450 hiztun mobilizatzea dute helburu antolatzaileek. Bea Salaberriak azaldu duenez, bi xede jakin ditu dinamikak: bat, «euskara ikusgarriagoa bilakatzea», eta bestea, «hiri ingurunean» egitea hori.

Euskararen aktibazioarekin lotuta, antzeko hainbat proiektu izan dira Euskal Herrian, baina hein horretako lehena da BAM Iparraldean. Astebetez, parte hartzaileek egitasmoan definitutako desafioak errespetatzera konprometitu beharko dute; guztira hamalau engaiamendu hartuko dituzte, hala nola euskaraz kontsumitzea, telefonoz lehen hitza euskaraz egitea, eta sare sozialetan euskara erabiltzea. Aldez aurretik, norbanakoak formularioa osatu eta profila bete beharko du. Bi profil mota izango dira: ahobizi eta belarriprest.

Ahobizi kategoria «euskaraz mintzo eta edozein egoeratan euskaraz bizitzeko» gai sentitzen direnentzat egina da. Belarriprest profilak, berriz, ongi etorria egingo die «euskara ulertu bai baina edozein egoeratan hitz egiteko gai sentitzen ez direnei». Ordu eta erdiko formakuntza saioa ere egin beharko dute parte hartzaileek, eta hiru egun finkatu dituzte jada: azaroaren 14an, Miarritzen, Elkarteen Etxean, 18:30etik 20:00era; azaroaren 15ean, Baionan, Elkarteen Etxean, ordutegi berean; eta azaroaren 18an, Angelun, Manex Goihenetxe kultur etxean, 10:30etik 12:00etara. «Ariketa eta kontzeptu batzuei esker, hainbat egoeratara egokitzeko tresna praktikoak transmitituko dira». Abenduaren 3an esperimentazioaren bilan «subjektibo eta objektiboa» egingo dira.

Desafioa eta erronka

Gisa bereko beste dinamiketatik inspiraturik, Bea Salaberriak honela azaldu du egitasmoaren zergatia: «Baiona-Angelu-Miarritze euskalduntzeko erronka munduko handiena bada ere, begi positiboekin begiratzen dugu». 113.000 pertsona bizi dira lurraldean, hots, Ipar Euskal Herriko populazioaren heren bat: %14 da euskararen ezagutza, eta %2 erabilera. Antolatzaileen erranetan, 9.000 pertsona euskaraz mintzo dira, eta beste 6.800ek ulertzen dute. «Guztira 15.800 solaskide ditu euskaldun batek BAMen». Lapurdiko hiri eremua maiz «kezka iturri» dela diote antolatzaileek, baina era berean «estrategikoa» ere badela.

Ordurako hamabi egunez 118 pertsonak eman dute izena parte hartzeko; %84 ahobizi eta %14 belarriprest. Euskaldunen ahalduntzea helburu duen dinamikako eramaile Eneko Gorrik honela zioen atzo: «Bakoitzak bost pertsonari aipatzeko konpromisoa hartzen badu, iganderako kopurua betea dugu». Hala ere, pozik agertu dira antolatzaileak izena eman duen jende kopuruarekin. %44 Baionakoak badira ere, Miarritze eta Angelukoak ere parte hartzera animatzen dituzte: «Harrapatuko gaituztela espero dugu», azaldu du Saralegik. Ekinaldiak iraungo duen asterako hainbat jarduera antolatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.