Arrauna

Donostiarrak amaiera biribila eman dio uztailari

Lehendabizikoz nagusitu da Euskadiko Txapelketan. Oriorekin lehia estua izan eta gero, azken zatiko olatuetan bikain aritu da

Donostiarrako arraunlariak garaipena ospatzen atzo, Lekeition. J. C. RUIZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Orain arte denboraldiak eman duena ikusita, bazirudien, iaz bezala, Oriok irabaziko zuela Euskadiko Txapelketa. Usteak erdi ustel. Aurtengoan, talde bat badago indartsuenari gauzak zail jartzen zaizkiona eta sortzen zaion aukera apur hori ongi baliatzen duena: Donostiarra. Atzokoan ez zion garaipenak ihes egin, eta historiako lehendabiziko Euskadiko Txapelketa irabazi zuen, Lekeition (Bizkaia). Modu horretara, donostiarrek amaiera biribila eman diote uztailari.

Itsaso petrala eta lantza giroa zeuden. Arraunzaleentzat, behinik behin, zirraragarria. Zoriak trapua etxeratzeko faboritoak ziren bi talde elkarren ondoan egotea ekarri zuen: Donostiarra lehen kaletik, eta Orio bigarrenetik. Bi ontzi horiekin batera, Isuntza eta Lutxana joan ziren. Bi luzeko estropada izanda, lau traineruetako arraunlariek bazekiten itsasoko epaileari begira erne egon behar zutela irteera ona egin ahal izateko. Donostiarrak eman zituen lehen palada azkarrenak, eta tosta pare bat aurretik jarri zen aurkariekiko. Oriok besteek baino motzagoak eman ohi ditu lehen hiru palakadak, baina bizi hasi zuen lehen txanpa. Bitartean, Ondarroa eta Lutxana bi segundo atzetik ziren.

Aurreikuspenak bete egin ziren. Oriok eta Donostiarrak hartu zuten estropada burua, Txiki ontzia metro gutxi aurretik zihoala. Segundoko aldearekin iritsi zen ziabogara. Maniobraren ostean, Txiki ontziak lehen olatua hartu zuen, eta ontzi baten abantailarekin jarri zen, baina, zegoen itsasoarekin, nahikoa zen olatu bakarrarekin galdutako sei segundoak berehala berreskuratzea. Donostiarrek ez zuten burua galdu, eta parean jartzea lortu zuten, baita aurrea hartu ere.

Estropada amaitzeko 400 metro falta zirela, Torrekua ontziko Natalia Tubio patroia fin ibili zen; pare bat olatu hartu, eta ez zituen askatu. Orio zuloan zela, bost segundoren tartea zabaltzea lortu zuen. Seguru ziren donostiarrak. Orio handik hiru segundora iritsi zen; Ondarroa, 44ra; eta Lutxana, minutu eta hamabostera.

Itzuli da Arraun Lagunak

Bi astez koronabirusaren eraginez lehiatu gabe egon ondoren,LugaƱene ontziko arraunlariek bazuten gogoa lan txukuna egiteko, eta hirugarren lekuan geratu dira, lehen txandan Tolosaldea, Isuntza eta Deustu aise garaituta. Dena den, hasierako lehen luzean, Tolosaldeak lanak oso zail jarri zizkien Arraunekoei. Ziabogara parean iritsi ziren, baina, itzulerakoan, Arraun Lagunak-ek, eskarmentua lagun, hanka egin zuten.

Argi erakutsi zuten zerbaitegatik daudela Euskotren ligan. Laugarren kaletik txukun aritu ziren eta amaieran hirugarren denborarik onena egin zuten. Tolosaldeak ia hogei segundo geroago zeharkatu zuen helmuga. Deustu izan seigarren, 39ra, eta Isuntza geratu zen zazpigarren lekuan, 42ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.