Txema Ramirez de la Psicina

Egia, askoren erregarria

2020ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Pandemia, albiste faltsuak eta adineko jendea. Moda-modako hirukoa. Horren bueltan ardaztu da hil honetan bertan Gasteizen amaitu den mintegia. Antolatzailea, Hirugarren Adinekoen Elkartegiak. Hamar lagun izan dira ikasle, sei emakume eta lau gizon, den-denak 65 urtetik gorakoak. Mintegiaren helburu: albiste faltsuak identifikatzeko erremintak eskaintzea; heziketa komunikazioan lantzea, alegia. Iraupena: sei ordu hiru astetan banatuta (bi ordu aste bakoitzeko). Ikastaroaren gidatzaile, lerroon egilea.

Esperientzia zinez aberasgarria izan da. Jatorri apaleko herritarrak ziren den-denak. Teknologia berriekiko zuten harremana oso desberdina izan arren, beren jakin-mina handia zen oso. Hasierako orduetan, tentuz ibili gara denok. Orduek aurrera egin ahala, berriz, konfiantza giroa hedatu da areto osoan.

Albiste faltsuak, berez, ez dira ezer berria, amarruak eta azpikeriak betidanik existitu baitira, gizakiok sortu ginen une beretik. Aldatu dena da manipulazio horiek —teknologia berriei esker— inplementatzeko eta iritzi publikoan eragina izateko duten ahalmena.

Azken ikerketen arabera, adineko jendea da tipo honetako albisteak errazen zabaltzen dituena, batik bat 65 urtetik gorakoak. 18-29 urte bitartean kokatzen diren gazteekin alderatuta, adinekoek bost eta sei aldiz gehiago zabaltzen omen dituzte albiste faltsuak. Zergatik? Tentelak al dira, akaso? Ez, inondik ere. Azalpen ugari eman litezke. Luze joko luke horren inguruan hemen xehe-xehe aritzeak. Adinean aurrera goazen neurrian, gizakiok zentzu guztietan zaurgarriago bihurtzen gara eta sarritan errazago jotzen dugu kanpotik datozkigun albisteak sinestera, batik bat esaten diguten hori gure intuizio eta pentsamoldearekin bat baldin badator.

Albisteak partekatzea bakardadea hausteko modu bat da, norbaitekin konektatuta gaudela sentitzeko forma bat. Horri guztiari gehitzen badiogu adineko askok sare sozialen funtzionamenduaren inguruan daukaten ezagutza nahiko mugatua dela… Bada, orduan, seguru asko, hobeto ulertuko dugu goian aipatutako datua. Horregatik, funtsezkoa da adinekoak —baina ez soilik haiek, noski— albiste faltsuen aurkako borrokan ahalduntzea.

Pandemia bera bilakatu da mintegiko ardatz, adibide askoren iturri eta zalantza ugariren sorburu. Pandemiak ekarritako infodemiak nazkatu egin du herritar franko. Zenbat eta informazio gehiago, orduan eta nahasmendu handiagoa. Gaur baliagarridiren neurriak biharko ezerezean geratzen dira. Egun batetik bestera erabiltzen diren aldagaien erkaketek ez dute balio arazoaren tamainaz jabetzeko. Felix Zubiak ederki azaldu zuen joan den igandean berripaper honetan: «Komunikazio politika egoki bat ezinbestekoa da. Gehiegizko baikortasunik gabea, epe luzerako prestatuko gaituena, herritarrei informazio gutxiago baino argiagoa emango diena». Bat nator erabat. Are gehiago esango nuke nik: sarritan ematen zaigun informazioa baino garrantzitsuagoa da ukatzen zaiguna.

Mintegiko bigarren eta, batik bat, hirugarren astean, solas emankorrak suertatu dira. Informazio nahasien kontura ari ginela, mintegi-kide batek azaroaren 29an Euskal Herrian gehien saltzen den kazetak edizioa irekitzeko erabili zuen albistearen lerroburua jarri zuen mahai gainean. Honela zioen: «Birusak kutsatutako euskal herritarren %2 soilik infektatu da lantokian». Zinez positiboa zirudien datua. Zuzena? Partziala? Ala erabat faltsua? Arakatzen hasi ginen, eta beste euskal komunikabideek eta adituek emandako arrastoei jarraikiz, hauxe aurkitu genuen: uztailaren 20az geroztik, Eusko Jaurlaritzak ez du kutsatzeen jatorrien inguruko informazio zehatzik eman. Informazio horren berri emateko baimenduta dagoen erakundea Renave Espainiako Zaintza Epidemiologikoko Sare Nazionala da. Renavek estatuko erkidego autonomo guztiek igorritako datuekin txosten bat argitaratzen du astero. Eta bertan, beste hainbat informazio eta grafikoren artean, badago bat kutsatzeen jatorriari dagokiona. Eta horren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ematen diren kutsatzeen %95en jatorria ezezaguna da; hau da, Osakidetza ez da gai zehazteko non kutsatu garen. Gainerako %5en jatorria ondorengo kategorien artean banatzen da: osasun zentro, zentro soziosanitario, lantoki eta bestelakoen artean. Erkidego guztien artean EAE da, Andaluziarekin batera, kutsatze ezezagunen tasarik altuena duen autonomia. Beste kasu guztietan ezezagunen ehunekoa %30 eta %45 balioen artean mugitzen da (Nafarroaren kasuan, esaterako, %30ekoa da). Beraz, garbi zegoen aipatu lerroburua —suabe esatearren— guztiz partziala zela, ez zuelako errealitatea bere osotasunean eskaintzen eta ez zuelako espresuki aipatzen kasu gehienen jatorria ezezaguna dela. Bi gauza elkartu ziren: kazetaren hutsa eta Osakidetzaren gaitasun eza. Kasua aztertzean, mintegi-kideak harri eta zur geratu dira, haietako batzuen lehen kazeta aztertzen ari garen berbera baita.

Mintegia amaitzean sakontzeko gogoz gelditu ginen denok. Garbi geratu da albiste faltsuen peskizan ez dugula oso urrutira jo behar, ate ondo-ondoan dauzkagu eta. Bilatzen jakin egin behar da. Eta horretarako heziketa komunikatiboa eta espiritu kritikoa guztiz funtsezkoak dira.

Heziketa komunikatiboaren beharra ez da inolaz ere adineko jendearen behar esklusiboa. Duela hamabost urte, EHUko HGH Ikerketa taldeak Alfabetizazio mediatikoa eta euskal nerabeak (14-18 urte) izeneko ikerketa burutu zuen. Gure gaztetxoek gabezia nabarmenak zituztela ondorioztatu zen orduan ere. Heziketa komunikazioan irakasgaiaren beharra azaldu zitzaion orduko Hezkuntza Sailari. Orain arte.

Gizarte demokratiko batean erabakiak libreki hartzeko, herritar orok du informazio librea jasotzeko eskubidea. Guztiz oinarrizko eskubidea da. Herritarra, baina, ezin da estatuak egingo duenaren zain geratu. Norberak landu behar du. Badira bideak, badira erremintak. Borondatea eta denbora behar dira baina.

Pandemia eta infodemiaz aritu ondoren, mintegiaren azkenean egiarekin egin dugu topo. Eta, zer sorpresa, egia askoren erregarria dela konturatu garenean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.