Hiru irabazle izan ziren denboraldiko lehen hiru estropadetan Euskotren Ligan. Atzo, ordea, ontzi batek balantza bere aldera mugitu zuen, bigarren bandera irabaziz. Arraun Lagunak izan zen ontzi hori. Izan ere, Andrea Astudillok gidatzen duen taldea izan zen azkarrena Bilboko erlojupeko estropadan, eta sailkapeneko berdintasuna puskatu du, jarraian bigarren bandera irabaziz. 29 punturekin, sailkapeneko gorenean jarri da, eta liga irabazteko hautagai sendoa dela frogatu zuen. Eremu horretan bikain moldatzen dela erakutsi zuen beste behin Arraun Lagunak-ek, hirugarrenez jarraian nagusitu baita Bilboko itsasadarrean.
Lau kaleko ohiko formatuak beste itxura bat izan zuen atzo. Kale bakarreko erlojupekora moldatu zuten, eta irteera ordena sailkapen nagusiko ordenaren alderantzizkoa izan zen. Hala, ordu arteko lau traineru apalenek eman zioten hasiera lehiari: Tiranek, Cabok, Hibaikak eta Hondarribiak, hurrenez hurren. Haize aldaketa sumatu zen hasieratik, baina ez zuen eragin handia izan estropadaren nondik norakoan. Lehen erreferentzian, Hondarribia iritsi zenerako, segundo bana ateratzen zizkien Cabori eta Hibaikari. Sendo hasi zuten estropada Ama Guadalupekoa ontziko arraunlariek, baina ziabogan Hibaikak egin zuen denborarik onena, aurkariei segundo bateko tartea ateraz. Itzulian dena eman zuten hiru taldeek, baina Hondarribia eta Hibaika gailendu ziren hasieran, eta bien arteko lehia izango zela erakutsi zuten. Denbora berean izan ziren luzaroan, eta gehienez segundo bateko tartea eman zuen erlojuak bataren edo bestearen alde. Azken estropadetako egoera berbera errepikatu zen, eta azkenean Hondarribiak irabazi zuen txanda, Hibaikari 70 ehunen aterata. Cabo sei segundora iritsi zen, eta Tiran izan zen helmugaratzen azkena lehen txanda horretan, hogeira.
Ohorezko txandan zeuden begirada guztiak. Bertatik atera ziren denboraldiko lehen hiru banderen irabazleak: Arraun Lagunak, Donostiarra eta Orio. Tolosaldea ere atera zen haiekin, bandera lortu ez arren. 19 punturekin, Oriorekin eta Donostiarrarekin berdinduta zegoen. Ziztu bizian abiatu ziren lau traineruak. Erreferentziek alde txikia markatzen zuten lehen metroetan, baina ziabogan ikusi ziren haien arteko tarteak. Ziabogatik azkarren irten zena Arraun Lagunak izan zen, 5.09ko denborarekin; baina Donostiarra ere gertu ibili zen, segundo batera baino ez. Orio ere borroka horretan egon zen, bi segundora iritsi baitzen. Tolosaldea, ordea, urrunago geratu zen, zortzira. Helmugarako bidea ertzetik egin zuten traineru guztiek, bazter-bazterretik, denbora onena markatzeko asmoz. Ababorrera edo istriborrera alda zezaketen norabidea erabakigarria zen. Tolosaldea izan zen denbora markatzen lehena; ez zuen bere arratsalderik onena izan, eta bosgarren geratu zen sailkapen nagusian. Donostiarra sartu zen ondoren, 10.27ko denbora ezarriz. Orio hiru segundoren aldeaz gainditu zuen. Azkenen luzean erritmoa gogortu, eta garaipena eskuratu zuen Arraun Lagunak-ek. 10.24ko denboran geratu zuen kronoa Lugañene-k, eta Bilboko banderako errekorra lortu, zazpi segundoren aldearekin. Aurreko marka ere donostiarrek ezarri zuten iaz, eta eremua bikain menderatzen dutela erakutsi zuten. Azken hiru urteetan, hiru garaipen lortu dituzte bertan.
Laugarren postua, garesti
Estropadako lehen laurak Arraun Lagunak, Donostiarra, Orio eta Hondarribia izan ziren, eta lau ontzi horiek irtengo dira gaur ohorezko txandan Orioko estropadan (ETB1 11:25). Hondarribia lehen aldiz arituko da txanda pribilegiatu horretan, eta horra iristeak dituen zailtasunak agerian geratu dira. Hibaika, berriro ere, gertu geratu zen atzo: 70 ehunenera. Tolosaldea, oraindik ere hurbilago: 58 ehunenera. Liga formatu berriak lehia handituko zuen zalantza bazegoen, argi geratu da hala egin duela. ETE ligatik igotako bi traineruak puntako maila ematen ari dira, eta gehiagotan izango dira ohorezko txandaren postuaren borrokan.
Arrauna
Bilboko eremua menderatzen duela erakutsi du Arraun Lagunak-ek
Hirugarrenez irabazi du segidan itsasadarrean. Donostiarra eta Orio sailkatu dira ondoren

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu