Gasteizko jaiak

Zirrarak hartu ditu haur guztiak

Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsierak eman dio hasiera Haurren Egunari. Ehunka ikusle bildu dituzte plazan, eta han egon ezin izan diren haurrak ekarri dituzte gogora

4. Edurne eta Zeledon Txiki. Iratxe Calvok interpretatzen du Edurne, eta Amets Bustok Zeledon. RAUL BOGAJO / @FOKU.
iraia vieira gil
Gasteiz
2023ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euritakoak esku artean zeramatzatela egin zuten atzo Edurne eta Zeledon Txikik Gasteizko jaietako jaitsiera. Eguerdiko hamabietan gurutzatu zuten Andre Maria Zuriaren plaza, baina hogei minuturen lehenago ere beteta zegoen tokia: umeek Zeu, zeu, zeu! abestiaren erritmora egiten zuten dantza, eta haurrak bistatik ez galtzea zen guraso eta aitona-amonen kezka nagusia. Ez zen, baina, zeregin erraza; ume batzuk leku batetik bestera korrika zebiltzan, besteak buruhandi eta erraldoiekin jolas egin nahi zuten, eta lagunekin parkera joatea zen askoren nahia. Helburu bakarra du, ordea, Haurren Egunak, eta berbera izaten da urtero: haurrek ondo baino hobeto pasatzea.

«Udako tiket berezia salgai hemen!», oihukatu du halako batean ONCEko saltzaile batek Andre Maria Zuriaren plazako sarreran. Ehunka pertsona bildu dira han Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera ikusteko, eta, haiek prestatu bitartean, fanfarreko musikariek jotako doinuak bozgorailuetako abestiekin nahastu dira.

«Asko falta da Edurne eta Zeledon Txiki ateratzeko?», galdetu dio 5 urte inguru dituen ume batek aitari. «Ez, Markel, pare bat minutu», esan dio aitak. Erantzunak lasaitu egin du haurra, eta guztiz erlaxaturik geratu da aitaren sorbalden gainean, isilik, eskuekin haren buruari helduta.

Musika banda Uno de enero abestia jotzen hasi da orduan, eta Haurren Eguneko protagonista nagusi biak plaza gurutzatzen hasi dira, airean. Berehala txalotu dituzte ikusleek, eta, jaitsierak bost minutu iraun baldin baditu ere, umeek atzamarrekin seinalatu dituzte behin baino gehiagotan Edurne eta Zeledon Txiki. «Begira, begira! Hor daude Edurne eta Zeledon!», esan diete gurasoei. Pertsonaiei ongietorria egiteko suziriarekin negar egin dutenak ere pozarren daude orain, hainbeste denbora itxaron dutenaz gozatzen.

Familiak ez ezik, eguneko lehen edaria eskuetan duten gazteak ere bertaratu dira ohiturazkoa den jaitsiera ikustera. «Haurren Eguna da, bai, baina haurrak ez garenoi ere asko gustatzen zaigu hona etortzea!», aitortu du baserritarrez jantzita dagoen 30 urte inguruko gizon batek.

«Gora Gasteiz!»

Andre Maria Zuriaren plazaren atzealdean lurreratu dira Edurne eta Zeledon Txiki, erraldoien parean, eta, balkoirako bidea egin duten bitartean, batera agurtu dituzte ikusleak. Elizaren pareko eskailerak pixkanaka igo dituzte, euritako biak itxi, eta, mikrofono bana bereganatu dutenean, Gasteiz goraipatu dute: «Gora Gasteiz! Gora Andre Maria Zuria! Gora Zeledon! Gora Edurne! Gora Alaves!». Ikusleek harrera beroa egin diete hitz horiei, eta txaloka hasi da plaza osoa, herriaz eta ohiturez harro baino harroago.

Isiltasuna gailendu denean ekin diote benetako mezua zabaltzeari. Zeledon Txikik hartu du hitza lehenengo: «Hemen egon ezin izan diren haurrak gogoratu nahi ditugu, Haurren Eguna guztiok gozatu beharreko eguna izan beharko litzatekeelako», aldarrikatu du. Edurne Txikik jarraitu du gero hitzaldiarekin; gazteleraz errepikatu ditu Zeledonen aipamenak, eta haur guztiak haiekin «abestera, dantzatzera, salto egitera eta ondo pasatzera» gonbidatu ditu. Ikusleek berriz ere txalotu dituzte Edurne eta Zeledon Txiki. Behin hitzaldia amaitu dutenean, euritakoak hartu dituzte berriz, eta balkoian salto egiten hasi dira, festa eta giroa piztu nahian.

Ikusleetako asko ere saltoka hasi dira; beste askok, berriz, itzalen bat bilatzeari ekin diote, bero handiaren eraginez. Jada ez dago isiltasunik, jendea hizketan ari da, eta plazako txoko guztietan egiten diren galderak oso antzekoak dira: «Non dago Nahia? Non dago Oier? Zertan ari da zure ahizpa? Eta aita? Non dago aita?». Hain zuzen ere, senide guztiak elkartzeko ordua heldu da, eta, nola ez, bat baino gehiago galdu egin da.

«Hemendik irten, eta etxe alboko tabernan hartuko dugu zerbait?». 60 bat urte ditu emakumeak, eta bilobak eskutik helduta daramatza; senarrari galdezka ari zaio, baina senarra bilobarekin hizketan ari da aldi berean. «Euro bat emango didazu, aitita?», galdetu dio haurrak. «Zertarako?», erantzun besteak. «Koloretako puzgarri bat erosi nahi dut!». Aitonak ez dio euroa eman.

Txikiak noiztik?

Joseba Bediak asmatu zuen Zeledon Txikiren pertsonaia, 1982. urtean, eta, 2002. urtera arte, haren ilobek hartu zuten Zeledon Txikiren rola jokatzeko ardura. Urte horretan bertan asmatu zuen Blusen eta Nesken Batzordeak, hain zuzen, Zeledon Txiki lagunduko zuen emakumezko pertsonaia: Edurne. Azken horrek 2008. urtean hartu zuen panpina itxura.

Ordutik, Zeledon eta Edurne Txikirena egoteko mutil bat eta neska bat aukeratzen dituzte urtero Gasteizko jaietan. Iratxe Calvo eta Amets Busto dira aurtengo hautatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.