Erik Jaka

Kemenaren txapela

Erik Jakak lehen aldiz irabazi du buruz burukoa, finalean Jokin Altuna 22-20 mendean hartuta. Bide zaila izan du gora iristeko, eta, horregatik, uste du «eredu» izan daitekeela aukeraren zain jo eta ke ari diren pilotarientzat.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Airean igerian nengoen Urrutikoetxeari irabazitakoan, eta zeruan Elezkano irabazitakoan. Beraz, pentsa nola nagoen orain. Denbora beharko dut hau dena barneratzeko. Oso handia da lortu dudana. Oso zoriontsu naiz». Erik Jakarena da aitorpena. Makina bat aldiz errepikatu du herenegun lehen aldiz buruz buruko txapela irabazi zuenetik.

Orduak pasatu dira Jokin Altuna lagunari finalean irabazi zionetik, eta emozioa gainetik kendu ezinda dabil oraindik. Eta, aitortu duenez, kostako zaio kentzea, «ametsik ederrenean» ere ez baitzuen halakorik imajinatu. «Lanak ditut sinesteko txapeldunaz hitz egiten ari direnean nitaz ari direla. Baina hasi beharko dut sinesten», dio umoretsu. Sakelakoa du eginikoaren garrantziaren isla. «Sutan dut. Egia esan, pixka bat saturatuta nago», aitortu du.

Ustekabean lortu du txapela; ustekabean, birus batek ia utzi baitzuen buruz burukotik kanpo; ustekabean, parte hartuta ere, inor gutxik espero baitzuen hain urrun iritsiko zenik, eta ustekabean, finalera iritsi arren, Altuna III.a baitzen faborito argia. Ustekabea izanagatik ere, «merezitakoa» dela dio. «Oso harro nago neure buruaz. Lan handia egin dut, eta azkenean, saria jaso dut».

Ez baitu bide erraza izan; kosta egin zaio gora ailegatzea. «Inork ez dit ezer oparitu, eta txapel honek motibazio handia emango dit aurrera jarraitzeko. Oso ondo dakit nondik natorren, zer egiten dudan, eta zer egin dezakedan. Beste pilotari batzuek baino ospe eta babes gutxiago izanda, begira noraino iritsi naizen. Apaltasunez, aukera iritsi zain jo eta ke lanean ari diren pilotarien eredu izan naiteke. Berrito diot: inoiz ez da etsi behar. Beti borrokatu behar da. Merezi du eta».

«Pozez kabitu ezinda» dago, baina poz hori ez da bete-betea. Bere bizitzan oso garrantzitsuak izan diren zenbait pertsona falta zaizkio une berezi hauetan: bata, ama, Mertxe, iaz minbiziak eramandakoa; bestea, osaba Joxe, aurten bihotzekoak jota hildakoa. «Une oro» ditu pentsamenduan. «Ziur naiz dauden tokian daudela bultza egin zutela. Argi dut irabazi baldin badut haiei esker ere izan dela. Pena izugarria da momentu eder honetan gurekin ez egotea, eta elkarrekin ez bizitzea. Baina bizitza halakoa da. Orain, une polit hau bizitzeak poza ekarri du gure ingurura, eta izugarri eskertzen da. Garrantzitsua da elkarrekin aurrera egiten segitzeko».

«Gaizki» pasatu baitu, eta «momentu zailak» bizi, baina ez zaio inoiz babesik falta. «Neska-laguna, aita, neska-lagunaren familia, lagunak... Nire ondoan egon dira beti: une onetan, baina, batez ere, latzetan. Txapelaren puska handi bat haientzat da».

Hain zuzen, gertukoenekin ospatu zuen lehenbizi txapela, etxera iristean. Oso modu apalean egin zuen. «Etxera iritsi, eta zain nituen neska-laguna eta txakurra. Haiek egin zidaten aurreneko ongietorria. Bizilagunek ere entzun gintuzten, eta haiek ere zoriondu ninduten, terraza batetik bestera». Atzo arratsaldean, berriz, Lizartzako herriaren omenaldia jaso zuen. Horietako asko herriko frontoian izan ziren herenegun, finala pantaila erraldoi batean ikusten. Pozarren ospatu zuten haren pilotari kutunaren garaipen handia. Ez dago etxean maitatua sentitzea bezalakorik.

«Jokin altxatu egingo da»

Finalari dagokionez, argi du: «Jokin baino gehiago izan nintzen. Oso argi nuen irabazi nahi banuen oso ondo egin behar nuela nire lana. Eta egin nuen: aginte makila izan nuen partidaren zatirik handienean, eta opari gutxi egin nituen. Hori gutxi ez, eta Jokinen arma nagusiak indargabetzen asmatu nuen». Hala ere, sufritu egin zuen azkenean, 21-14 aurretik joan, eta Altuna III.ak sei tanto lortu baitzituen jarraian, eta 21-20ra jarri. Ordurako, Jakak denbora zeraman ezker hankeko minez. Baina ezker airez txokoan lortutako azken tantoak amaiarazi zuen sufrimendua. Entzutekoa izan zen bota zuen orroa; burrunba egin zuen Miribillako isiltasunean. Zenbat amorru zuen gordeta. Jarraian, gora begiratu zuen, falta direnak gogoan.

Pozarren bera, eta jota Altuna III.a. «Mingarria da lagun bat jota ikustea. Baten batek amaitu behar zuen horrela, eta, oraingoan, Jokin izan da. Baina txapeldun handia da, eta ziur altxatuko dela, eta berriro egongo dela beste txapel bat lortzeko lehian».

Eta txapelak aipatuta, gaur bertan aurkeztuko dute lau eta erdikoa. Jakak lehian beharko luke, baina, lehenbizi, medikuarenera joango da, ezker hankako mina azter diezaion. «Min gutxixeago dut, baina oraindik minberatuta dut». Ondo bidean, jokatu egingo du. «Diziplina oso ezberdina» dela azpimarratu arren, uste du txapela irabazi izana «akuilu» izan daitekeela. Baina ez du bere burua «nahi baino gehiago» estutu nahi. «Jokinek esan berri du lehen aldiz txapeldun izan ondoren egin zuen akatsik handiena izan zela bere buruari behar baino presio gehiago sartzea. Ziur naiz Jokinek lagunduko didala hau eramaten. Ea txapeldun handi baten jokabidea izan dezakedan eta emaitza onak lor ditzakedan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.