Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Gora langileria!

2023ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Fakultateko ikasleei zuzendutako taulan itsatsita zegoen kartel batek atentzioa eman zidan. Lanaren ekonomia izeneko irratsaioak 100. emanaldia betetzen zuela ospatzeko saio berezia egin behar zuten Bilboko Kafe Antzokian. Gogoratu nuen ikasle nintzela, ekonomiako eskolak oso interesgarriak iruditzen zaizkidan arren, ez nituela kazetariaren ofizioarekin lotzen; aitortu behar dut, gainera, egunkarietako orrialde arrosak saltatzeko ohitura nuela, ulergaitzak baitzitzaizkidan. Beraz, ez nuen argi ikasleek ospakizun horri erreparatuko zioten edo afixa hori ere, beste hainbat bezala, oharkabe pasatuko ote zen.

Bost urtez ehun saio, ez da lorpen makala, hain lehorra den ekonomiari buruz, gainera. Dena den, Bilbo Hiria irratiak, Hordago, El Salto Radio eta Argia-rekin batera, eskaintzen duen saio horrek berezitasun bat du; izan ere, aurkezpenean dionaren arabera, «gehiengo zapalduaren bizipena du oinarrian, langileen sukarra eta itxaropena». Eta horregatik, herritarron eguneroko bizitzan eragiten duten gorabehera ekonomikoak aztertzen dituzte, ikuspegi sozial eta kritiko batetik, alde produktiboa zein erreproduktiboa kontuan hartuz eta adituak eta arituak direnek zein gizarte eragileek lagunduta.

Programa guztietan agenda sindikala eskaintzeaz gainera, pil-pilean dagoen gai baten inguruan analisiak eta gogoetak eskaintzen dira: digitalizazioa, migrazioak, etxebizitzaren arazoa, aldaketa klimatikoak, zaintzen pribatizazioa, hezkuntza sistema, fiskalitatea eta borroka sindikalak landu dituzte emanaldietan. Guztiak entzungai daude Bilbo Hiriaren zein Arrosa sarearen webgunean, eta erraza da trataturiko gai nagusia identifikatzea.

Kolaboratzaile talde handia du saioak. Maiatzaren 16an Kafe Antzokitik zuzenean emitituriko atalean, horietako batzuen ahotsetan ehun emanaldietan egindako ibilbidea eta garapena kontatzeaz gainera, langile mugimenduak dituen erronkak azaldu zituzten sindikatuek, argi utziz ekintza sindikalaren eraginkortasuna eta indarra eskubideen defentsan, batzuen interes korporatiboen gainetik.

Asteartean aipatu zuten bezala, Zenbat Gara elkartearen irratiak zuen hutsunea bete ez ezik, Lanaren ekonomia-k mainstream hedabideetan lekurik ez duten ahotsak entzunarazi ditu. Beste 100 saio eta beste 26 urte opa dizkiot Bilbo Hiria irratiari!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.