Pastor
DARWIN ETA GU

Gasteiz 'City'-ko sheriffak mozkorkerian

2023ko irailaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Jendea, nagusitasunari aurre egin behar dionetan, ahula izaten da», dio Teresak, Izatearen arintasun jasanezina nobelan. Sobietarrek Praga inbaditu eta gero gertatutakoak gogoratu ditu Milan Kunderak sortutako pertsonaiak. Nagusitasunari aurre egiteko ahulak bagara, zer ez gara izango nagusikeria harrotzen denean, «Dubcekek bezala atleta-gorputza izan arren», Teresaren hitzetan?

Joan den larunbateko gauerdia. Gasteizko Santa Maria plaza. Kale zurrutean ibiltzeko lekua. Udaltzainak banku batean dagoen mutil talde bati hurbildu zaizkio. «Alde hemendik!», esan die horietako batek gazteei. Gero, lurrean dagoen botila hutsa seinalatu, eta mutil horietako bati mintzatu zaio, zakar: «Jaso ezazu hori!».

Okertu egin dira, baina. Poliziak jomugan dituen gazteak ez dira ezer egiten ari. Ez dute edaririk aldean. Lurrean dagoen botila ez da udaltzain txit gorenak hartzeko eskatu dion gaztearena. Zergatik agindu diete joateko eta botila jasotzeko? Ezin da gauerdi epelean plazan, parke batean egon kontu kontari?

Mutilek alde egin zuten. Zer gertatuko zatekeen horietako batek udaltzainei galdetu balie debekaturik ote dagoen plaza batean eserita egotea? Zer, mutil horrek polizia puztuari esan balio: «Barkatu, baina nik ez dut jaso behar utzi ez dudan botila»? Gazteak isildu egin ziren, arrazoi zutela bazekiten ere.

Txarto gabiltza herritarrak beldur badira haien eskubideak uniformedun baten aurrean modurik gizabidetsuenean aldarrikatzeko. Oso kezkagarria da udaltzain talde horren jarrera. Autoritarismoa. Agintekeria. Inork ez die ezer esango? Botere abusuak, zenbait kasutan, nabarmenak dira gure herrian. Duela berrogei urte gazteak ez ziren hala isilduko. Ez dut uste. Eta esango nuke udaltzainek ez zietela hain erraz alde egiteko eskatuko lasai-lasai banku batean zeuden gazte batzuei, Kansas City-ko sheriffak balira bezala. Irudipen hori daukat.

Agintekeria gero eta handiagoa dugu. Alkoholaren kontsumoa ere ez da txikia, baina hori ez dugu berria. Alkohola kulturala da gurean. Tradizioa edo. Gazteak kritikatzen ditugu kalean edateagatik, baina zer irakatsi diegu txikitatik? Ez naiz bertutearen aldeko kanpaina egiten ari. Hipokrisia handia dugula iruditzen zait, besterik ez. Ez dirudi zurruterako joera luze gabe aldatuko denik. Batzuek sobera edateko ohiturari eutsiko diote. Eta haiek kontrolatzen dituztenek mozkorkerian segituko dute. Botere eta inpunitatearen mozkorkerian.

Alkoholak gizarte arazoak sor ditzake. Eta osasun arlokoak ere bai. Aitak Leioako lantokian kanpoko langile bati gertatua kontatu zidan. Andaluziar hari barreka hasi zitzaizkion euskal langile batzuk. Haren herrian gosea besterik ez zegoen; zertara etorri zen Bizkaira. Espainiarrak ahoan bilorik gabe erantzun zien: «Zuen emazteekin egotera etorri naiz. Zuek edan eta edan zabiltzate, eta gero ez duzue ezertarako balio». «Mihi zorrotza du gure belarrimotzak», pentsatuko zuten besteek. Mihia eta beste gauzaren bat ere bai. Orain beste garai batean bizi gara. Andaluziarrak ez datoz gurera. Alta, gure portuetako —eta lehorreko— Saharaz hegoaldeko lagunek, alkohol tantarik edaten ez dutenek, hitz egingo balute...

2015eko Urtezahar gauean kontzertua eman zuen Mexiko Hirian Los Tigres del Norte taldeak. Doan. Milaka lagun elkartu ziren Paseo de la Reforma deritzon etorbidean urte berriari ongietorria egiteko. Alkohola debekatua zen. 4.000 polizia aritu ziren arau hori betearazteko lanean. Horietako batek aita-semeak gelditu zituen. Alkoholik ote zeraman galdetu zion gizonari. Ezetz hark. Poliziak, azeri zaharra izanik, zortzi bat urte izango zituen umearen jaka mehea ireki zuen. Botila bat tekila atzeman zion. Mutikoak burua makurtu zuen. Auzo lotsa sentitu nuen aitarengatik. Eta pena hartu semeagatik. Neure buruari galdetu nion haur hark zer pentsatuko ote zuen. Agian, aita gizajo alkoholikoa zuela. Edo polizia botere mozkorkerian zebilela. Gasteiz City-ko sheriffak bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.