Zaldibarko auziko herri akusazioak dirua bilduko du gastuei aurre egiteko

Zaldibar Argitu plataformak eta Eskubide Sozialen Gutunak osatu dute. Haien ustez, Verter Recycling enpresa ez da «erantzule bakarra»

Herri akusazioaren aurkezpena, atzo, Durangon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Zaldibar Argitu plataforma eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna herri akusazio gisa onartu dituzte Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiaren hondamendia dela-eta irekitako bi auzibideetako batean. Orain, herritarrengana joko dute laguntza ekonomiko eske, aurrean duten «lan eskergarako» baliabideak lortu nahian.

Gaur egun, bi auzibide daude zabalik Durangoko lehen instrukzioko epaitegian: lehenengoa da ingurumenaren kontrako ustezko delitu batengatik, eta bigarrenak langileen aurkako delitua egin ote den ikertuko du. Zaldibar Argitu eta Eskubide Sozialen Gutuna lehenengo auzibidean onartu dituzte herri akusaziotzat, baina bigarrenean ere aurkezteko eskaera egin dute, eta espero dute laster jasoko dutela erantzuna.

Herri akusazioa osatzen duten elkarteek talde juridikoa eratu dute jadanik, eta hori lanean hasi da «erantzukizunak» argitu eta «egia eta justizia» erdiesteko.

«Informazio gardenik» ez

Urtebete baino gehiago igaro da hondakindegia amildu zenetik, eta, geroztik, herri akusazioak salatu duenez, «iluntasuna» gailendu da afera horretan: «Ez da informazio gardenik eman, ez dira erantzukizunak argitu, eta ez da egia zein justizia lortzeko pausorik eman agintari publikoen aldetik». Egoera hori aldatzeko erabaki dute herri akusazioa osatzea.

Bi elkarteek uste dute «begien bistakoa» dela Verter Recycling enpresak «hondamendian izan duen erantzukizun zuzena», baina pentsatzen dute enpresa ez dela erantzule bakarra: «Arlo instituzionalean ere ardura politikoak daude zabortegian gertatzen ari zenaz».

Halaber, herri akusazioak salatu du «zaborren kudeaketaren pribatizazioa, kontrol publikorik eza, eta zabor eredua negozio bilakatu izana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.