Athleticek gutxienez gol bat behar du Kopako finalean egoteko

haritz gallastegi
2021eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Athleticek hiru aldiz bisitatu gura du Cartuja denboraldi honetan. Sevillako (Espainia) estadioa zapaldu zuen lehen aldian Superkopa irabazi zuen. Bigarren aldia apirilaren 3an izango du, Realaren kontra jokatu beharreko Espainiako Kopako finalean. Eta gaur Levante kanporatzen badu, apirilaren 17an hirugarrenez jokatuko du Cartujan. Baina, horretarako, ondo jokatu beharko du gaur, lehen aldiz Espainiako Kopako finalerako sailkatu gura duen Levanteren kontra. Athletic neurketa irabaztera zelairatu beharko da.

Zuri-gorriek gutxienez gol bat sartu behar dute aurrera egiteko. Premia horrek apur bat behartu lezake haien jokoa. Baina Marcelino Garciak taldearen ardura hartu zuenetik zerbait erakutsi baldin badu, gol sena erakutsi du. Teknikari espainiarrak zuzendu dituen hamahiru neurketetan sartu egin du gol bat Athleticek. Gainera, defentsan egiten ari den lanak ematen du baikor izateko motiborik. «Ausart eta ziurtasunez jokatu behar dugu bi areatan, eta partida ondo aztertzen jakin», adierazi zuen teknikariak.

Iñigo Martinezi lau partidako zigorra jarri diote Sergio Leonekin izandako ika-mikarengatik. Berez, ezin du jokatu gaurko partida. Baina Athleticek helegitea jarri du Lehiaketa Batzordean, eta kautelazko neurriak eskatu ditu, gaur jokatu ahal izateko. Atzelariak taldearekin bidaiatu du. Bestalde, litekeena da Unai Lopez eta Yuri hamaikakora itzultzea. Halaber, De Marcosek ere lekua izan dezake eskuin hegalean atzelari zein erdilari gisa.

LEVANTE-ATHLETIC
Levante: Cardenas; Miramon, Coke, Rober Pier, Duarte, Clerc; Malsa, Rochina, De Frutos; Morales eta Roger.
Athletic: Simon; De Marcos, Yeray, Nuñez, Yuri; Vesga, Unai Lopez, Berenguer, Muniain; Williams eta Raul Garcia.
Epailea: Del Cerro Grande.
Lekua: Valentzia Hiria.
Ordua: 21:00 (Cuatro eta Dzan).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.