Ezustekoak gero eta apurragoak izaten dira goi mailako kirolean. Horregatik, agian, gertatzen direnean poza bikoitza izaten da. Izan ere, sorpresa ematen dutenek bakarrik ez, kirola maite dutenek ere gozatzen baitute. Haiena balitz bezala hartzen dute. Euskal Herrian apustuak egiteko tradizioa dago, eta faborito denarekin dirua irabazteko. Baina pronostikoak hausten dituztenen aldeko gero eta zale gehiago daude.
Urrea. Palentziak, esate baterako, aurreikuspen denak apurtu zituen, eta datorren denboraldian ACB ligan jokatzeko eskubidea lortu du. 2016an ere eskuratu zuten, baina kantxan lortutakoa ezin izan zuten egia bihurtu bulegoetan. Hain zuzen ere, Palentziako kirol zuzendaria da Urko Otegi. Hark ere kantxatik bulegorako jauzia egin zuen behin bere kirol ibilbidea amaitu ostean. Ia hamar denboraldi eman zituen guztira han jokatzen, hau da, inor gutxik ezagutzen du hark bezain ondo ez bakarrik hiria, baita liga ere. Bigarren Maila, futbolean bezala, oso gorabeheratsua izaten da, berdintasuna izaten da nagusi. Estudiantes edo Burgos bezalako proiektuek beste urte batez jokatuko dute Urrezko LEB ligan, horrek dakarren guztiarekin.
Gipuzkoa Basketek estu eta larri jarri zizkion gauzak Burgosi finalaurrekoan. Bertigoa izan zuten azken minutuetan. Lolo Encinasek eta Aitor Uriondok zuzentzen duten taldeak, behintzat, bide orria oso argi du, eta asko balio du horrek. Gipuzkoako jokalariak dituzte bizkarrezur, eta horrela jarraitu nahi dute. Meritu ikaragarria du egin dutenak. Hori bai, zailena falta zaie, eta konponbiderik zailena duena: Illunbe partida guztietan betetzea, edo, behintzat, bestelako irudi bat eskaintzea.
Aurpegi berriak. Justu kontrakoa gertatzen zaigu askori ACB ligarekin. Askorentzat, finalaurrekoetan amaitu zen lehiaketa. Beste urte batez Real Madrilek eta Bartzelonak lortu dutelako finala jokatzea. Beti berak ikusteak aspertzen ditu asko, jokalari edo talderik onenak izango dira, emaitzek hori diote, baina berritasunak beharrezkoak izaten dira kirolean, aurpegi berriak azken batean. Finala hasi aurreko Nikola Miroticen eztabaidak, akaso, eman dio bestelako interes bat. Baina horrelako kontuak gutxitan izaten dira benetako kirolzaleentzako interesgarriak. Nahiz eta beste batzuek nahiago dituzten. Kirola gutxi maite dutenak izaten dira.
Inoiz ez da ACBko finalean 2-0 hasi den kanporaketa bat irauli, eta oro har, kanporaketetan, bakarrik lau aldiz gertatu da, aukera egon den 105 aldietan. Hori bai, Real Madril izan da Euroligan egoera berean buelta emateko gai izan zen historiako talde bakarra. Hau da, aurrekaria dute, aurtengoa gainera.
Aldaketa. Alemanian, adibidez, kanporaketa denetan kantxa faktorea aurka izan arren, pronostiko guztien aurka, Ulmek irabazi du liga. Bidean Euroligako talde biak kanporatu ditu, lehendabizi Alba Berlin eta gero Municheko Bayern. Finalean, aldiz, Bonni irabazi zion, Txapeldunen Ligako garaileari. Juan Nuñez gazteari ondo atera zaio ustezko bigarren mailako talde batera joateko apustua. Berdin gertatuko zaio, ezusteko handirik ez badago, Victor Wenbanyamari. Bihar San Antonio Spursek Drafteko lehen postuan aukeratuko dute. Frankiziak Tim Duncan erakarri du frantziarraren gidaria izateko. The next big thing izatea nahi dute. Ikusi beharko da Greg Popovich duen alboan edo ez, erabakigarria izan daiteke.
Argi dagoena da europar gazteen bilakaera goitik behera aldatu dela. Talde handietan hazten dituzte, baina gero, kasu puntualak izan ezean, ez dute tokirik. NCAAk ustez ezin die zuzenean jokalariei ordaindu, baina babesleengandik jasotzen dute dirua, eta hori, jakina denez, askoz handiagoa da. Zaragozako Aday Marak alde egin du, Real Madrileko Jan Videkin elkartuko da, eta Joventuteko Conrad Martinezek ere alde egin du. Duela urte batzukemakumezkoetan izan ziren ihesaldiak gertatzen ari dira orain gizonezkoetan. Gaur egun, asko eta asko dira AEBetako ametsa betetzen duten gazteak, agentzia asko dituzte atzetik. Arreta apur bat bereganatzea behar dute bakarrik. Ez da gehiagorik behar; are gehiago, ez da deigarriagorik izan behar, haiek datoz atzetik.

HIRUKOTIK
Apustuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu