Bandera, lokal berrira

Deustuk irabazi du KAE 1 ligako bigarren estropada puntuagarria, Donibane Lohizunen. ETE ligan, San Juan izan da azkarrena
Deustu, atzo, lehian, Donibane Lohizunen.
Deustu, atzo, lehian, Donibane Lohizunen. ISABELLE MIQUELESTORENA

Aitor Manterola -

2018ko ekainak 24
Negar malkoak betaurreko beltzean ezkutatuz zebilen atzo Aitor Mojas, Deustu arraun taldeko langile nekaezina. Haren taldeak irabazi berri zuen Donibane Lohizunen KAE 1 ligako estropada, eta hirugarrena du ligaren historian, 2011n Pasaian eta 2015ean Pedreñan lorturikoen ondoren. Tomatera traineruak bigarren txandatik irabazi zuen aurtengo ligako bigarren estropada puntuagarria. Hiru jardunaldi jokatu dituzte hamabi taldeek aurtengo ligan, bat puntuagarria izan ez zena, eta bitan izan da azkarrena Deustu.

Gozatua hartuko dute asteburu honetan klubeko kideek, bete-betea baitute. Gaur bertan, Eusko Label ligako lehen jardunaldia antolatzea tokatzen zaie, Bilboko erlojupekoa (12:00, ETB 1). Lanean jarraitzeko indarra emango die banderak, eta, datorren astean lokal berrira aldatzen direnean, leku berezia izango du banderak.

Estropada handia egin zuen Jon Elortegiren taldeak. Aise menderatu zituen bigarren txandako aurkariak: Zarautz, Arkote eta Lapurdi. Hasi orduko erakutsi zien ontziaren atzealdea beste hiru taldeei, eta erlojuaren aurkako lana bailitzan, serio egin zuten arraun arraunlariek, bakarkako lanean burua galdu gabe.

Hogei minuturen azpitik ibili ziren bi ontzietako bat izan zen bizkaitarrena, ezohiko eremuan, sei luze eta bost ziabogatara jokatu baitzuten. Bestea Getaria izan zen, ohorezko txandako garailea. Gipuzkoarrei tokatu zitzaien sufritzea, askotan gertatzen ez dena: txanda nagusia irabaziagatik banderarik gabe geratzea, bost segundorengatik. Eremuaren gorabeherak estropada osoan geratu ziren ageri-agerian. Kanpoko kaleetatik, hobeto joaten zen etorri baino, eta barrukoetatik, etorri hobekiago joan baino. Azkeneko txandan are nabarmenago izan zen. Lehen luzean, Astillerok bosna segundo atera zizkien Getariari eta Isuntzari, eta sei Pedreñari. Bigarren luzean, hamabi atera zizkion Getariak Astillerori.

Ondo menderatu zuen txanda Gorka Etxeberriaren kuadrillak, eta, bandera irabazi ez bazuen ere, datorrenerako konfiantza zakua beteko zien atzokoak. Astillerok arazoak izan zituen laugarren ziabogan, arraun txikia kateatuta geratu zitzaiolako aurrekalariari, eta nahikoa egin zuen laugarren egiten estropadan. Gainean izan zuen Zarautz, bigarren txandako bigarrena, segundo eta erdi baino ez baitzizkion atera. Txandatik txandara gorabeherak izan ziren azken sailkapenean, eta, esaterako, Zumaiak, lehenengoko garaileak, seigarren egin zuen. Txanda horretan, San Juan Bk izan zuen arazoa aurreko arraunarekin laugarren ziabogan, eta hamar segundo-edo galdu zituen Zumaiarekiko, parean zirenean.

Atzoko emaitzek aldatu egin dute sailkapena, eta, Astillerok segitzen badu ere buruan, berdinduta dauzka Getaria eta Isuntza, eta puntu bakarrera Deustu.

San Juanen aurrenekoa

Emakumezkoen estropada jokatu zen gizonezkoenaren aurretik, ETE ligako bigarren ez-puntuagarria, eta San Juanek aldea atera zion Oriori, biak azken txandan zirela. Hamahiru segundoren tartea egon zen, eta pasaitarren aurtengo lehen bandera ofiziala izan zen atzokoa traineruetan. Arraun Lagunak izan zen hirugarren, Hondarribia laugarren, eta Deustu bosgarren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Aitor Manterola

Informazio osagarria