Eibarrek Gironan ekingo dio ligako azkeneko txanpari, gaur

Aitor Manterola Garate.
2018ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Baloiaren bueltan dabiltzan asko oporretan egongo dira hiru aste barru, beste horrenbeste partida geratzen baitzaizkie sasoi honetako lanak bukatzeko. Lehiari dagokionez, liga akabera hau tristea ari da izaten, ia guztia erabakita baitago. Horregatik, Eibarrek helburu txiki bat jarri dio bere buruari azkeneko txanpa honetan: aurreneko hamar sailkatuen artean amaitzea. Hamabigarren da orain, eta aukera du helburua betetzeko.

Horretarako, ezinbestean, irabazi egin beharko ditu hiru partida hauetako bi gutxienik. Gaur du aurrenekoa, Gironan (Herrialde Katalanak), eta, hain zuzen, aurretik du gaurko arerioa, bederatzigarren lekuan eta lau puntu gehiagorekin. Jose Luis Mendilibarrek aipagai izan zuen horiatzo: «Gironan irabazten badugu, gure helburua lortzeko aukerak izango ditugu, kontuan izanda beste bi partida dauzkagula gero». Segida eman zion kontuak egiteari, eta ilusio baten berri ere eman zuen: «Girona lehian ari da Europan sartu ahal izateko, eta, guk irabazten badiogu, gu ere sar gaitezke borroka horretan». Zazpigarren lekuak ematen du sari potoloa, eta talde asko dabiltza haren atzetik. Ez dabil oker Mendilibar, eta, gaur irabaziko balute, handitu egingo litzaizkieke aukerak. Orain, bost puntura dauka zazpigarrena, Getafe; beraz, aukerak, izan, baditu.

Taldeak badu berrikuntza handi bat gaurko, Ramis jokatzeko moduan baita, aste batzuetan minez egon eta gero. Ziurrenik ez da hasieratik ariko, maila onean ari baitira Oliveira eta Lomban atzealdeko erdialdean. Hamaikakoan izango da beste berrikuntza, atean, hain zuzen, Riesgok aukera asko baitauzka jokatzeko. Aurreko igandean, Valentzian, Yoeli eman zion aukera, eta baliteke gaur Riesgok betetzea atea. Sasoi honetan, biak egon dira Dmitrovicen maila handiaren gerizpean[Yoel belauneko hausturatik osatu zenetik urtarrilean], eta, liga amaiera honetan, Mendilibarrek saritu egin nahi du bien lan bikaina eguneroko lanean.

Hamaikakoan ariko diren beste jokalariei dagokienez, zailagoa da asmatzen nor aukeratuko dituen entrenatzaileak; batez ereeuskarrian eta aurrealdean. Diop, Jordan, Escalante eta Dani Garcia dauzka bi lekurako euskarrian, eta, aurrealdean, Kike edo Charles, edota biak ari daitezke. Mendilibarrekaparteko garrantzia eman dio golak sartzeko arloari: «Talde guztioi ari zaigu kostatzen golak sartzea orain, nekeak jota gaudelako, besteak beste, eta, gaur ere, aurrena sartzen duenak aukera asko dauzka neurketa irabazteko».

GIRONA-EIBAR

Girona. Bono; Alcala, Bernardo, Juanpe; Aday, Pere Pons, Granel, Mojica; Portu, Borja Garcia; eta Stuani.

Eibar Riesgo; Peña, Oliveira, Lomban, Junca; Dani Garcia, Jordan; Pedro Leon, Orellana, Alejo; eta Charles.

Epailea. Trujillo Suarez.

Lekua. Montilivi (13.286 ikusle).

Ordua. 13:00etan (BeIN La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.