Mahats mordo mordoak bilduko?

Irulegiko mahatsa urri hastapenean dute biltzekoa. COVID-19ak iazko arno salmenta apaldu bazuen ere, aurtengoa «ongi» joan zaie. Udaberriko karroinak eta mildiuak amiñi bat hondatu ditu mahastiak, baina emaitza ez da «katastrofikoa». Alta, ikustekoa da oraino Baigorrin bota zuen babazuzak ez ote duen mutxidura ekarriko.

Babazuzak hondatu dituen mahatsak mutxitzen hasiak dira. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Baigorri-Izpura
2021eko irailaren 16a
00:00
Entzun
Baigorriko (Nafarroa Beherea) Etxauziaren itzalpean eta isilpean dago Lizeratzea, mahastiek ongi kukutua. Irulegiko Sotoa kooperatibaren arnoetako bat da Kattalin. Hogei hektarea eta lau langile kudeatzen ditu Ximun Bergouignan mahastizainak, Urtiaga eta Sala familia sortzaileen ondorengoekin batera; orotara, zazpi lagun dira Kattalin arno ekoizpenaren barne, denak horretatik bizi ez badira ere. Erreserba handiko arnoaren gisa onduz joan da proiektua; izan ere, aitatxiren garaikoa da. Bertzeak bertze, Alexander Bergouignanek bultzatu zuen bai Irulegiko Sotoa kooperatibaren sortzea 1952an, bai eta Kattalin arnoaren ekoizpena ere. «Mahastia arra-garatu nahi izan zuen Irulegi eskualdean», xehatu du Ximun Bergouignanek. Mixel Bergouignan aita zenak bide beretik segitu zuen; orain, semeak. Ikasketak salmenta arloan eginik baditu ere, azkenean, lurraren deiari kasu egin dio eta eskuak lokaztu. Irulegi sor-marka bera ere Irulegiko Sotoak bultzatutako proiektua da. 1970ean, lehenik, Jatorri Deitura Kontrolatua erdietsi zuen. 2013an, arrakastak, Jatorri Deitura Gerizatua erdietsi zion.

Irulegi sor-markaren eta kooperatibaren kide izateak arau zorrotzak betetzea eskatzen du. Momentuan, adibidez, INAOk —sor-markak kudeatzen dituen Frantsziako instituzioak— ezarri duen legeak presio handia eragiten die mahastizainei; hektareako 4.000 mahatsondo behar baitituzte: «Kenarazten dizkigute gure ondo zaharrak. Presio handia eragiten digu, 2038rako behar baitugu dena finitu. Eta hektarea bat ondo zaharren kentzeak 55.000 euro kosta zaigu», azaldu du Bergouignanek. Arrazoia? Nahi bide dute dentsitatea azkartu, eta, gisa horretan, urteen arteko ekoizpena «erregulatuko» bide du, kalitatea hobetuz, baina ekoizpena emendatu gabe. Hala, sor-markan izaten segitu nahi eta ekoizpen kantitatea mantendu nahi duen mahastizain oro horretaratua da. Bergouignanek ez dio interesik ikusten, zeren eta dena pikoan baitute jada: «Lekuan gara; biologikoan ari gara, konbertitze guziak bukatuak ditugu, merkatua ere martxan dugu, kooperatiban ere arazorik ez dugu... Baina ez dugu hautarik, alta, behatu dugu preseski gure ondo zaharrenak direla hobekien ari, oreka atzemana baitute». 1960ko hamarkadakoak baino lehenagokoak dira dauzkaten aitzinekoenak.

Oroitu da XX. mendean, mahats zorriaren edo filoxeraren plagaren ondorioz eta I. Mundu Gerlatik landako krisitik landa eskualdeko mahasti gehienak desagertu zirela. «Hemen, adibidez, 1.000 hektareatik 60ra apaldu ziren!». Alta, mahasti batzuek iskin egin zioten intsektu izurriari, eta, arestian erran bezala, bere aitatxi barne, mahastizain talde batek berrabiatu zuen, hain xuxen ere, Lizeratzeko lurretan zuten plantan ezarri proiektu pilotua. Oraingo egunean, Irulegi sor-markak 250 hektarea mahasti biltzen ditu, hamabortz herritan barreiaturik; haietarik %60 —hots, 36 mahastizainen 140 hektarea—, Irulegiko Sotoa kooperatibara doa. Gainerakoa, hamahiru mahastizain independentek beraien etxaldeetako sotoetan transformatzen dute.

Uztaren aztia?

Aurtengo uztari begira, biziki zuhurki jokatzen du Bergouignanek, dena bildua izan arte ez baitu proiekziorik egin nahi: sasoian zehar denetariko arazoak ukan baditu ere, bakar bat ere ez da «bortitzegia» izan, oraingoz.

Sasoia bukatzeko hilabetea eskas zelarik, pairatu duen azken ezbeharra babazuzak eragin dio iragan hilabetean: «Ikusten? Hostoetako zulo hauek darakusate zein izariko harria den erori: aski handia. Buztina hautsetan bota diegu; orain, ikusi behar da ez ote diren mahatsak gehiago mutxituko».

Azpimarratu du mahasti bakoitzak baduela «berea», eta horretara egokitu beharra duela mahastizainak. Lizeratzeko lurrak, konparazione, haizegunean dira, lur buztintsua dute, eta ofita harria. Parean ageri diren mahastiak, berriz, leku beroan dira, hegora begira eta lur mehe gorria dute: «Dena aldatzen da. Urte beroetarako gure lurrak egokiagoak dira, alta, sasoi hezeetarako, hangoak». Hala, aipatu kazkabarraz gain, lehenik haizeak ekarritako horma beltza pairatu dute apirilean, zazpi egunez; gero, errekatik gora heldu den horma zuria ere bai; ondotik, babazuza «ttipi» bat; ondoren, mildiu eritasuna: «Beharrik gurean berandu jin baita, Alsazia, Xanpaina edo Burgoinan [Frantzia] uztaren % 40 galdu baitute», erran du mahastizainak. Hostoetako tatxa gorrantzak mildiuak ekarriak ditu.

Goiko pentzeetako mahats lerroak maldari leial zatzaizkie, lerro buruetako mahatsondoetako lukuak bakanak dira hormaren ondorioz, ninikak jalgi berritan jo baitzuen: «So egizu: botoiak ateratzean hormatzen badu, ez da mahats mordorik aterako. Horregatik, soilduak dira ondo hauek. Erran zaharrak dio Baigorriko bestetatik at ez badu harririk egiten, salbu dela. Orain, alta, beti ondotik egiten du... Justu uste duzularik dena irabazia duzula».

Horiek hola, bizpahiru asteko suspenseak zein gidoi diseinatu duen beha egon beharko da: babazuzaren zinezko kalteak ikusteko, bai eta uneotan bildu dituzten laginek zer dioten jakiteko ere: mahatsa zenbat zoritu den ezagutzeko. Arabera baitute deliberatuko noiz dituzten mahats mulkoak bilduren. Iaz, 68 tona bildu zituzten Kattalinen: «Ez zen baitezpada urte ona izan, hala izateko, 70 tonatik at behar dira, bikoitza ere kausitu dugu!», azpimarratu du Bergouignanek: «Agian hormak ez du % 20ren galtzea baino gehiago eraginen».

Lanaren adar luzea

Irulegi sor-markaren barne da ere Bordaxuria etxaldea, Izpuran (Nafarroa Beherea). Elorri Reca mahastizainak ez du kukutzen arnogintzak eskatzen duen lan guziaren akidura. Orotara bederatzi hektarea eta erdi mahasti dituzte hiru lagunen artean kudeatzeko, eta horietatik zortzi, terrazetan apailatuak, zeintzuek lan gehiago eskatzen baitute: «Traktorea mahats lerroen alde bakarrean bakarrik pasa daiteke; beste aldea, eskuz egin beharra dugu. Sasoian 400 oren pasatzen ditugu belarra mozten, hemengo klimaren ondorioz beti pusan baita, eta hezetasun ekarle da eta gaitzek izugarri maite dute». Bereziki azpimarratu du Irulegi arnoaren ekoizleen «merezimendua»: «Klima arrunt berezia da, negurik ez baitugu. Beraz, mahastiak guti egoten dira pausan; otsailean jada lanean hasiak baitira, biziki goiz lilitzen dira. Izugarri sasoi luzeak ditugu mahatsa ez baitugu urrira arte baizik biltzen. Beraz, oso konplikatua da sasoi osoa ongi eramateko». Horrek esplikatzen du zergatik ez den sor-marka emendatzen: «Urte osoko lan handia baita».

Iragan aste hondarrean, gainera, Irulegi sor-markaren ateak irekitzeko saioak antolatuak zituzten, karia horretara, Bordaxurian; Aguxtin Alkhat eta Xiberoots taldeek jo zuten, eta 300 lagun bildu. Elorri Recak etxaldean berean muntatua du sotoa, 2014az geroztik, arno ekologiko ekoizle independentea da, beraz.

Dena ongi zihoakien, COVID-19ak durduzatu dituen arte: «Zinez izutu gara, enpresa gaztea dugunontzat, ez baitugu dirurik bazterturik. Baina, azkenean, dena ontsa joan da, komertzialki berrikuspenak egin ditugu, eta bikain».

Irulegi sor-markak dituen mahats mota berak lantzen dituzte Bordaxurian ere, arno zuria egiteko: izkiriota ttipia (petit manseng), izkiriota handia (gros manseng) eta zuri zerratua (petit courbu). Arno beltzaren egiteko: Bordeleko beltza (tannat) eta azeria (cabernet franc). Eta, arno gorriaren egiteko, Bordeleko beltza eta azeri handia (cabernet sauvignon). Momentuan, % 55 beltza dute egiten, % 40 zuria eta % 5 gorria. Baina azken horren kopurua murrizten ari dira, ez baitute etekinik batere ateratzen.

Arno beltza mahats osoa mazeratzen jarriz ateratzen dute, azala barne. Zuria edo gorria, ordea, biak ala biak teknika berarekin egiten dira: azalik gabe. Alta, Bordaxuriak esperimentazioaren kolorea gehitu dio ekoizpenari: arno laranja ekoizten hasi baita. Berritasunak, ordea, denboran urrun ditu erroak: «Kaukason hasi ziren arnoa egiten; anfora batzuk lurpean ezartzen zituzten, mahatsa osorik barnean sartzen, tapatzen eta sei hilabeteren buruko edaten zuten, mahats mota guziak nahasiz. Poliki poliki, teknikak aldatu dira, eta zuria eta gorria egiteko azala kentzen hasi ziren. Guk teknika zaharra baliatu dugu mahats zuria baliatuz: azala sartuz. Horrek kolore laranja ematen dionez, arno laranja deitzen zaio», azaldu du Recak. 2019az geroztik saltzen ari dira Axaletik arno laranja, beraz. Gasna urdinekin jateko hauta omen da, jatetxe eta sommelierrek anitz prezatzen dutela aitortu du. Arno zuri klasiko baten aldean, laranjak, azalak dakarren taninoak eragiten duen garraztasuna badu. Gomendioa egin du: «Ez da dastatu behar zuri bat balitz bezala. Norberak bere burua ireki behar du. Jendea harritzen da, ez baita usatua. Arraxina, izerdia, zedroa, espezie asko nabaritzen zaizkio».

Badirudi ez dutela hain uzta txarra ukanen, ez baitute babazuzaren makurrik pairatu, bai, ordea, apirileko karroina: astebetez zeropetik hiru gradu. «Irudi du mahatsa bildua izan dela! Ekoizpenaren %20-25 galduko dugu, peko mahats zuri guzia hor». Pe aldean baitu hormak jo.

Zaharrak berri

Mahats moten homogeneizazioak arranguraturik, IMOZK Irulegiko Mahasti Ondo Zaharren Kolekzioa elkartearen bultzatzailea ere bada Reca: «Mahats mota bakarrak banako batzuk ditu, arras ezberdinak, ehunka. Alta, arnogintzaren ekonomia berpiztu nahi izan zutelarik Mundu Gerlatik landa, hiruzpalau baizik ez zituzten hautatu eta biderkatu. Horrek banakoen klonazioa dakar eta uniformizazioa. Konplexutasuna eta aniztasuna galduz». Horrela hasi ziren etxaldez etxalde mahats mota zaharren biltzen, 150 urtekoak atzeman eta birlandatuz: «Izkiriota Ttipia motaren 30 banako ezberdin ediren ditugu. Ideia dugu gure mahastietan integratzea. Instituzioek ez dute bultzatzen, toleratu baizik ez».

Elkarlan nazionalari dagokionez, oraingoz, mehea da. Horretan du Bergouignanek autokritikarik gogorrena: «Gora begira ari gara, baina gibelerat buruz aritu beharko ginateke». Eta Reca ere, hari beretik. Biba Ardoak kooperatiban parte hartu bazuen ere, denbora eskasagatik, ez du segitzen ahal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.