PUNTUZ PUNTU

2016ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Emakumeentzakoviagra deitutakoa Addyi izenez merkaturatu zuen azaroan Valeant konpainiak, botika garatu zuen Sprout enpresari erosi ostean. Hona hemen produktuari buruzko xehetasunak:

Zer da Addyi? Flibanserina da printzipio aktiboa; funtsean, depresioaren aurkako botika bat da.

Nola funtzionatzen du? Burmuinean eragiten du: dopamina eta noradrenalina mailak areagotzen ditu (libidoa handitzeko), eta serotonina kontrolatzen du (sexu asetasuna adierazten duelakoan).

Zein eraginkortasun du? Botikaren eragina neurtzeko irizpideak aldatuz joan zen Sprout entsegu klinikoetan, baina emaitza apalak lortu zituen halere, plazeboaren antzekoak. Ikertzaileen arabera, tratamenduan jarri zituzten andreen kopuru txiki bati baino ez zion mesede egin botikak epe luzera: %8 eta %13 artean.

Nahi gabeko zein eragin du? Bigarren mailako ondorio ugari ditu: sinkope arriskua, hipotentsioa, antsietatea, depresioa, zorabioak, goragalea, insomnioa, nekea... Gainera, botika arrunt askorekiko interakzioa du flibanserinak, eta alkoholik ezin dute edan emakumeek tratamenduan zehar.

Nork har dezake? Menopausiaren aurreko fasean dauden eta desio arazoak dituzten andrazkoentzat da, baina merkatua menopausiadunetara hedatzeko asmoa izan dute beti enpresek.

Noiz hartu behar da? Viagrarekiko alde nagusienetako bat da: gizonek sexu harremana hasi baino lehen hartu behar dute pilula; emakumeek, aldiz, egunero, eta hilabeteetan hartu behar dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.