HARMAGEDON BAT BRITAINIAKO ERARA

Konpainia handiak presio egiten hasi dira Theresa Mayri, itunik bako 'brexit'-ak zelako kalteak ekarriko lituzkeen esplika dezan. Londresko gobernuaren txosten bat filtratu dute, eta bertan aurreikusten da egun gutxiren buruan janari, erregai eta sendagai eskasia legokeela herrialdean.

Banskyren marrazkia brexit-ari buruz, Doverko portuaren ondoko etxebizitza baten fatxadan. BERRIA.
Jon Fernandez.
2018ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Terminologia biblikoa erabiltzen hasita daude Londresen brexit-az berba egiteko. Eta ez dira, preseski, arimak baretzeko berbak, asaldatzekoak baizik. Batetik, apokalipsiaren eguna izenez bataiatu dute hedabideek 2019ko martxoaren 29a, Erresuma Batua, ofizialki, Europako Batasunetik kanpo geratuko den eguna; eta, bestetik, Downing Streeten Harmagedon izena eman diote aurreikusitako agertoki txarrenari: brexit-a indarrean sartzea Bruselarekin akordiorik lortu barik, eta herrialdeak hornidura arazoak izatea lehen egunetik.

271 egun eskas falta dira Erresuma Batua EBtik kanpo geratzeko: zortzi hilabete eta 28 egun, beste era batera esanda. Denbora gutxi da Bruselarekin marra gorriak negoziatzeko, baina, denbora gutxi da, batez ere, Londresen bertan, etxe barruan, jarrera bakar bat adosteko. Gero eta aukera gertagarriagoa da 2019ko martxoaren 29a ailegatzea eta dibortzioaz itunik ez egotea Londresen eta Bruselaren artean.

The Sunday Times-en arabera, David Davisek, brexit-erako negoziatzaile britainiarrak, aurreikusi du itunik ezean herrialdeak janari, petrolio eta sendagai eskasia izango lukeela egun gutxian. Itunik gabe, martxoaren 29tik aurrera hiru aukera gerta daitezkeela jaso du txosten batean: aukera leuna, aukera gogorra, eta Harmagedon izena jarri diona. Munduaren amaiera biblikoa.

Kazetaren filtrazioaren arabera, Davisek kalkulatu duenez, bigarren aukera gertatuko balitz—gogorra, baina ez txarrena— Doverko portua lehenengo egunean bertan kolapsatuko litzateke, bigarren egunerako janaria faltako litzateke Eskozian eta Kornuallesen, eta bi asteren buruan sendagaien eskasia igarriko litzateke ospitaleetan, eta petrolioa ere faltako litzateke.

27 kilometroko kamioi ilara

Kontinentea eta uhartea bustitzen dituen Mantxako kanalaren ur bazterretan, Doverko portuan, kamioiek gaur egun zortzi minutu eskas behar izaten dituzte lehorreratu, portutik atera eta autobidean sartzeko. Erresuma Batua EBren aduana batasunaren barruan dagoenez, oztoporik gabe igarotzen da trafikoa. Bakar-bakarrik kamioien %2k garraiatzen dituzte EBtik kanpoko ondasunak, eta horiek bai, horiek aduanaren kontrola pasatu behar izaten dute: gutxienez hogei minutu behar izaten dituzte, eta kasu batzuetan, egun batzuk.

Datorren martxoaren 29an aduana batasunetik kanpo geratuko da herrialdea automatikoki, eta brexit-aren ituna lortu ezean, EBtik Doverrera doan merkantzia guztiak igaro beharko ditu kontrolak, kamioiz kamioi. Izatez, brexit-aren trantsiziorako akordio politikoa hitzartuta daukate bi aldeek, baina hori ezin da indarrean sartu —ezta martxoaren 29a iristen bada ere— baldin eta lehenago ez badute irteerari buruzko behin betiko akordioa sinatzen eta alde guztiek berresten: hau da, Erresuma Batuak eta EBko gainontzeko 27 herrialdeek. Ituna datorren udazkena baino lehen adostuko ez balute, denboraz larri ibiliko lirateke alde guztiek garaiz berresteko.

Itunik eta trantsiziorik bako agurrak zuzenean eragingo du portuetan. Richard Christian Doverko portuko politika eta komunikazio arduradunaren esanetan, soilik kamioien helduera prozedurak bi minutuko atzerapena izango balu, 27 kilometroko kamioi ilarak sortuko lirateke portuaren kanpoaldeko autobideetan. Merkantzia kamioien ilara luze horien lekuko izango da, hain justu, iaz Banskyk portutik autobidera bitarteko etxe baten fatxadan egindako marrazkia: langile bat, eskailera luze baten gainean, EBko bandera erraldoiari izar hori bat puskatzen mailuarekin eta zizelarekin.

Gero eta handiagoa da presioa Theresa Mayren gobernuak jakinarazi ditzan itunik gabeko brexit-aren zailtasunen eta kalteen aurreikuspenak. Eurotuneleko zuzendaria, John Keefe, esate baterako, kexu agertu da asteon: «Ezin dugu azpiegiturarik eraiki, ez jenderik errekrutatu, ez sistemarik zehaztu, gobernuak ez digulako esplikatu zer-nolakoa izango litzatekeen brexit-aren lehen eguna itunik lortu ezean». Berdintsu mintzatu da Richard Ballantyne ere, Erresuma Batuko portuen elkarteko burua: «Zelan planeatuko duzu zerbait, ez badakizu zertarako izango den planeatu beharreko hori?».

Konpainia eta multinazional handiak hasi dira, bereziki, Downing Street estutzen. Enpresek izu larria diote ziurgabetasunari, ikara gorria. Gutxieneko segurantza batzuk eskatu dizkiote Londresi, martxoaren 29tik aurrera haien ohiko jarduera kaos bat bilaka ez dadin. Airbusek joan den astean mehatxu egin zuen Erresuma Batutik joango dela brexit-erako akordiorik ezean.«Erabaki serioak hartzeko puntura iritsi gara. Ezin dugu une honetako argitasun faltarekin jarraitu», zioen Tom Williams Airbuseko operazio buruzagiak. Aeronautika konpainiak 15.000 langiletik gora ditu Erresuma Batuko 25 lantegietan, eta 4.000 enpresak lan egiten dute haren hornikuntza katean.

886.000 lanpostu, kolokan

Airbusaren ostean, errenkadan etorri dira mehatxu gehiago.Nissan, BMW eta Honda autogileak ere jarduera lekualdatzea aztertzen ari dira. Autogintzaren sektoreak Mayri eskatu dio mantentzeko aduana batasuna. Itunik lortu ezean, sektoreak ohartarazi du kolokan egongo direla 860.000 lanpostu.

Denek begiratzen diote errezeloz Mayri. Brexit zaleak beldurrez daude, ataka estuan egonik, Mayk atzera egin dezakeelakoan, eta irteera leun bat onartu, hanka bat EBren barruan utziz. Alderantziz, haustura gogorraren aukera aurreikusiz, europazaleek manifestazio handi bat egin zuten joan den astean Londresen, beste galdeketa bat eskatuz, behin EBrekin ituna lortutakoan.

Herenegun, asmoak lehenbailehen argitzeko eskatu zioten Mayri Bruselan. Datorren aste amaieran da aurkeztekoa Liburu Zuria, EBrekin zer harreman nahi duen azalduz. Ondasunen mugimendu askea eskatu nahi du, baina ez pertsonena; Brusela, ordea, ez dago prest nahierako estatusik onartzeko. Erreferendumetik bi urtera, korapiloa askatu barik dago, eta 271 egun falta dira atzerako kontua agortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.