Mokaduak eta 'frame'-ak elkarrekin

Gastrovision jaialdiak gastronomia eta zinema batu ditu Gasteizen. Maiatzaren 24ra arte, emankizunak, hitzaldiak eta dastatzeak egingo dira. Hamahiru filmen omenezko pintxo ibilaldia ere osatu dute.

Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Abian da zinema eta gastronomia nahasten dituen Gastrovision jaialdia, Gasteizen. Lehen begi kolpean, batak bestearengandik aldenduak dirudite, baina Pepe Barrena gastronomia kritikariak, ikusentzunezko ekoizleak eta jardunaldiko antolatzaileak plater berean bildu ditu. Emankizunak, hitzaldiak, dastatzeak eta sari banaketak egingo dira maiatzaren 24a bitarte.

«Bi aldeetan nago inplikatua. hogei urte baino gehiago daramatzat bi munduetan. Nire pasioak dira», azaldu du Barrenak. Aurretik ere antolatu izan ditu antzeko jardunaldiak: esaterako, 2006. urtean Cinegourland Guardian. «Banuen gogoa berriz ere halakorik egiteko, eta ostalariek ere eskatzen zidaten». Gasteizen halakorik antolatzen duen lehen aldia da.

Hiriko hamahiru tabernatan zehar pintxo ibilbide bat prestatu du. Taberna bakoitzak film bat hartu du oinarritzat, eta pintxo berezi bat prestatu du horren arabera. Esaterako, Neptuno tabernak Avatar pintxoa prestatu du, El Unok King Col eta La Escotillak Mar adentro.

Antso Jakitunaren kalean dago Kotarro jatetxea, eta, han, Pulp Fiction pintxoa prestatu dute. «Zinemarekin lotura izan behar zuela esan ziguten, eta, Tarantino zaleak garenez, Pulp Fiction egin dugu», argitu du Juan Carlos Antolin Kotarroko arduradunak. Olagarro pintxo bat da, juka eta maionesarekin. «Filmaren antzera, pintxo klasiko bat da. Baina koloreak eta aurkezpena asko zaindu ditugu, oso ikusgarria izan dadin». Ideia Aenlly Ruiz sukaldariarena izan da.

Saburdi tabernan, Martin Scorseseren Raging Bull omendu nahi izan dute. «Krokantatutako zezen buztana da. Eta basatiagoa izan dadin, arroz basati puztua erabili dugu», aipatu du Saburdi tabernako arduradun Jorge Martinez de Aramaionak. «Tarteka pintxo bereziak eskaintzea bezeroentzako opari bat da».

Taldeko aktore gehiago

Gastrovisionen film emankizunak ere egongo dira. Nola ez, gastronomia ardatz duten filmak: Les saveurs du Palais, Cuisine americaine, Julie & Julia, Obsluhoval jsem anglickeho krale eta El somni lanak ikusteko aukera egongo da. Astelehen eta ostegunetan, 20:00etan, Florida Zinemetan.

Abastos Fundazioak, bere aldetik, hitzaldiak eta tailerrak antolatu ditu. La creatividad en la cocina española contemporánea (Sormena Espainiako egungo sukaldaritzan) liburua aurkeztuko dute, eta Fernando Canales sukaldariak etorkizuneko jatetxeei buruzko hitzaldi bat emango du. Mikel Zeberiok ardo dastatzea egingo da, baita afari bat ere.

VG sariak ere banatuko dira. Besteak beste, Gasteizko urteko sukaldaririk onena nor izan den erabakiko dute, eta norena den eguneko menurik onena. Denera, hamahiru sari banatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.