G20ren goi bilera. Lehen eguna

Gailurra urrun goi bileran

AEBek ez dute merkataritza librearen alde egin nahi. Altzairuaren gerrarako prest dago Europa

G20ko estatuburuak atzo, goi bilerako lehen eguneko familia argazkian. MICHAEL KLIMENTYEV / EFE.
Irune Lasa.
2017ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Merkataritzari buruzko lerroak oraindik idazteko daude bilkura honetako azken buruko adierazpenean. «Xerpei oraindik lan mordoa gelditzen zaie horretarako. Ez dut itzulingururik egingo honi buruz: eztabaida horiek oso zailak dira», Angela Merkelen hitzak dira, atzo arratsaldekoak. Kantzilerra ez da ari, jakina, Himalaiako gailurretara laguntzaile joaten diren nepaldarrez; baizik eta azken hilabeteetan, eta dirudienez, azken orduraino, goi bileraren azken adierazpen bateratuaren mamia negoziatzen buru-belarri aritu diren diplomatikoei buruz. Xerpak esaten diete burokrata horiei, eta jak-ak haien laguntzaileei.

Aurretik bide malkarra dute negoziatzaileek Hanburgon. Eta oxigeno gutxi uzten die Donald Trumpek bere America First mezuarekin. Merkelen arabera, estatuburu gehienak daude «merkataritza libre eta bidezkoaren» aldeko hitzak jaso eta Munduko Merkataritza Erakundearen papera azpimarratuko dituen agiri baten alde. Dena den, ez du argitu kontra zein dagoen, baina zenbait negoziatzaileren arabera, bakarra da kontrako herrialde hori, AEBak. Hori bai, kantzilerrak G20 agiri bat nahi du, baita merkataritzan ere, eta ez G19 agiri bat. Hori azpimarratu zuen atzo azken ordura arte.

Dirudienez, Donald Trumpek zuzenean Vladimir Putinen ahotik ere entzun ditu merkataritza murrizteari buruzko kritikak. Ez da Errusia herrialde handien artean merkataritza librea defentsa egin duen bakarra. Xi Jinping Txinako presidentea ere protekzionismoaren kontra agertu da, merkataritza librearen aldeko defentsa sutsua eginez.

«Derrigorrezkoa da zabalkunderako eta elkarren onurarako konpromisoari eustea, ekonomia globalaren tartaren tamaina handiagoa izan dadin». Xiren ustez munduko ekonomiak, oraindik ere, «sakonean errotutako arazoak dauzka eta hainbat zailtasun eta ziurgabetasuni egin behar die aurre».

Globalizazioren aldeko defentsa sutsuarekin batera, Txinako presidenteak urtarrileko Davoseko (Suitza) Foroan paper handiagoa izan nahi duela gaineratu du. Pasa den urtarrilean jada izan zuen protagonismo dezente, Trump presidentetza iritsi ondorengo lehen Davoseko Foroan; orduan ere globalizazioa eta merkataritza askea defenditzen jardun zen Xi, bat baino gehiago aho zabalik utziz.

Altzairua eta bourbona

Txinako presidentea soilik ez, Txinako altzairua ere hizpide da Hanburgon. Zeharka bada ere, hitz gogorren eta merkataritza gerra posible baten iturburuan dago produktu hori. Txinaren produkzio itzelak nabarmen merkatu du altzairua. Donald Trumpen arabera, dumping jokaerak —kostuen azpiko prezioan saltzea atzerrian, lehiakideak kaltetzeko— daude horren atzean, eta gaiari buruzko txosten bat eskatu zuen joan den apirilean. Txosten hori datozen egunetarako espero da, eta balitek Trumpek emaitza erabiltzea AEBetarako altzairu inportazioei—berdin luke jatorriak— aduana zergak ezartzeko. Munduko Merkataritza Erakundeak hesi horiek altxatzeko aukera ematen die herrialdeei, baina soilik nazioaren segurtasuna jokoan dagoenetan. Bitan erabili dute aukera hori AEBek. 1970etako petrolio krisiaren testuinguruan.

Trumpek mekanismo hori erabiltzeko arriskua nahiko argi ikusi du, behintzat, Europako Batasunak. Europako Batzordeko presidente Jean-Claude Junckerrek ohartarazpen zuzena egin die AEBei, Trump Hanburgon dela baliatuz. Industria estatubatuarra defenditzeko argudiopean AEBek aduana zergak ezartzen badizkiote Europako altzairuari, «egun gutxiren buruan erreakzionatuko» dutela, «kontrako neurriekin. Espero dezagun behar ez izatea, baina, hala balitz, bataila moduan gaude». Zein dira kontrako neurriak? Nekazaritza produktu estatubatuarrei aduana zergak ezartzea. Laranja zukuari edota esnekiei. Eta baita bourbon whiskiari. Txori txiki batek kazetariei gogorazi die bourbona dela Kentuckyko esportazio garrantzitsuenetako bat, eta, hain zuzen, hangoa dela AEBetako senatuko gehiengo errepublikanoko liderra, Mitch McConnell.

Mezua argia da Trumpentzat: AEBetako altzairuaren gerrikoa defenditu nahi izatekotan, AEBetako nekazaritza gerrikoaren kaltetan izango da.

«Protekzionismoa ez da bidea» esan zuen Junckerrek herenegun ere, Europako Batasunaren eta Japoniaren arteko merkataritza librerako adostasuna erakusten zuen argazkian.

Argazki horretatik kanpo geldituko da Erresuma Batua Brexita indarrean ezartzen denean. Baita beste hainbat itunetatik kanpo ere. Horregatik Theresa May lehen ministro britainiarraren xerpak hainbat herrialderekin hartu-eman bilateralak izaten saiatzen ari dira Hanburgon, zertarako eta merkataritza libreko akordioetarako sokalaguna bilatzeko. Eta bilera horietako bat gaur iritsiko da, hain zuzen, Shinzo Abe Japoniako lehen ministroarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.