Amaia Agirre Arrastoa.
Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Amurrio

2022ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Amurrio euskaldun guztion ahotan dabil. Astebeteko epean bi ikuskizun ederren abiapuntu eta helmuga izan da. Martxoaren 31n Korrikak bertatik ekin zion hamaika eguneko bideari, eta astebete geroago bertan amaitu zen Euskal Herriko Itzuliko etapa bat. Amurrio Araban populazio handiena duten herrietan hirugarren omen da; agian horregatik eraman zuten hirugarren etapako azken metroen emozioa bertako kaleetara. Agian bazekiten euskararen aldeko jaiaren hastapenak jarraipen ezin hobea izango zuela. Garaipena adierazten zuen lurreko marra zuri zabala euskaldun batek gidatzen dituen gurpilek zeharkatu baitzuten. Bejondeizula Pello Bilbao!

Euskararen aldeko martxa, Pellok bi besoak altxa, eta likore Atxa! Hori hobetzea gatxa!

Antzekotasun handiak ikusi dizkiet Korrikari eta Itzuliari. Itzulia sei egunez etapaz etapa. Korrika hamaika egunez tipi-tapa. Biek nonahi aldapa! Itzulian ezinbestekoak dira erreleboak. Baita Korrikan ere. Itzuliak 878 kilometro oinarri. 2180 kilometro oinherri.

Euskarak, ordea, ez du garaipenik behar, garapena baizik. Euskarak ez du sustraietatik erauzi den lorerik saritzat; Euskara ikasten ari dena ez dago podiuma lortu ondoko muxu ordainduen esperoan. Euskarak ezpain eta mingain hautu askeak behar ditu. Maita dezagun gutxiago eta goza dezagun gehiago!

Ikasgeletan margotutako petoek ez dute maillot desiratuen distirarik agian, baina esanahia eta balioa ez dago zalantzan jartzerik.

Bietan ezinbestekoak dira animoak, eta emozioz gainezka egiten ditugun metroek urrunera begiratu eta amets egiteko plazera ematen digute. Atzera begiratzeak beti ez du esan nahi ihes egiteko ahalbiderik duzun ziurtatzea. Atzera begiratzeak mezu esanguratsua daraman lekukoa nori eskuratuko diozu ere adierazten du.

Txirrindularitzan ipurdia zelatik edo eserlekutik altxa, eta bakarkako bidean abiatzeak tropelarekiko etena eragitea du helburu. Helmugaraino bakarrik iristea garaipena da. Korrikan, ordea, bestela da. Testigua daraman eskua hasieratik dago jasota, bidea bera baita amets eta helburu, eta bakarrik doanak berriz ere tropela osatu arte etenik ez gertatzea du xede. Gurpil edo oin, bizikleta edo mingain, eragin dezagun hitzekin! Bide on!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.