Arrauna

Oriok ia erabakita utzi nahi du Eusko Label liga asteburu honetan, Galizian

Bueun eta Boiron ariko dira gaur eta bihar, eta azken-aurreko asteburua da lehen zortzientzat. San Pedro edo Astillero ariko dira zein ez jaitsiko

Aitor Manterola Garate.
2019ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Bukaera gertu du aurtengo Eusko Label ligak, eta, aurten ere, arraunlariek Galizian igaroko dute azken-aurreko asteburua, han jokatuko dituztelako bi estropada: Bueun ariko dira gaur (18:00, ETB1), eta Boiron bihar. Dena dela, azken lau sailkatuentzat azkeneko bi jardunaldiak izango dira, eta atzeko lehia horretan ere badago jakin-min handia, ez baitago erabakita zein talde jaitsiko den KAE 1 ligara, eta zein ariko den kanporaketan, iraileko hirugarren asteburuan.

San Pedro eta Astilleroren arteko lehia dago azkena ez izateko, eta berdinduta daude, pasaitarrak aurretik badira ere. Lehen txandan joango dira biak, eta alboan izango dituzte Isuntza eta Kaiku. Azkeneko lau estropadetan, San Pedrok lau puntu jan dizkio Astillerori, eta, joera horri jarraituz, ematen du hobeto daudela Mikel Arostegirenak, baina gaur eta bihar ere erakutsi egin beharko dute hori.

Eremuari dagokionez, ur lasaiak dira Bueukoak, eta ur lasterren eragina ondo neurtu beharko da ikusteko aldeak dauden edo ez kale batetik bestera. Galizia haize lekua izanik, eragile horrek ere zeresana eduki lezake. Teorian, talde indartsuenentzako eredu egokia da Bueukoa. Txandaz txanda joango da erakutsiz eremua nola dagoen, eta bigarrenean joango dira Cabo, Ondarroa, Urdaibai eta Donostiarra. Kontxako Banderaren atarikoa izanik, ikusi egin beharko da taldeek nolako hamalaukoak ateratzen dituzten, ohikoa izaten baita Donostiako estropadarako atseden ematea arraunlari batzuei asteburu honetako estropada batean. Urdaibairen lana gertutik segitu beharko da, Aitor Altzibarren estreinakoa baita klubeko talde nagusiko entrenatzaile gisa, asteazkenean zuzendaritzak Joseba Fernandez kaleratu eta gero.

Txanda nagusian ere badaude gauza handiak jokoan, Orio liderrak beste kolpe bat eman baitiezaioke ligari. Irabazi ere egin dezake, Galiziatik 25 puntu edo gehiagoko aldearekin ateratzen bada, azken bi estropadetan hamasei puntu izango baitira jokoan, eta bi horietan kaleratua izanda ere berea lukeelako liga. Egun, hamasei puntu ateratzen dizkie Hondarribiari eta Santurtziri. Beraz, beste bederatzi puntutan handitu beharko luke aldea.

KAE eta ETE ligak

Azken eguna izango dute gaur KAE 1 eta 2 ligek. Bilboko erlojupekoa dute zain aurreneko mailakoek (11:30), eta Zarautzek irabazia dauka liga. Deustuk eskura dauka kanporaketan aritzeko aukera. Atzealdean, Hibaikak Lapurdiri sei puntuko koska jaten ez badio, maila galduko du, eta Lapurdi eta SantoƱa joango lirateke kanporaketara.

KAE 2 ligan, Colindresen (Espainia) dute erlojuaren aurkakoa, 11:30ean, eta Orio B-k aukera asko dauzka liga irabazi eta mailaz igotzeko, bost puntu baititu alde Castrorekiko. Espainiarrek eta Getxok ziurtatua dute kanporaketan aritzea.

ETE liga, berriz, Bilbon izango da, gaur, erlojupekoan (11:00), eta azken-aurreko jardunaldia dute. Hibaika buruan da, eta bi puntuko aldea du Zumaiarekiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.