Urtebete pasako borrokaren ostean, sinatu dute lan hitzarmena

Espainiako ligako emakume futbolariek duten aurreneko hitzarmena da. Gaur egingo dute aurkezpena Diputatuen Kongresuan

Sindikatuetako eta Kluben Elkarteko ordezkariak, atzo. AFE.
ainara arratibel gascon
2020ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Sinatu dute Espainiako Ligako emakume futbolarien lehen lan hitzarmena. Sindikatuek eta kluben elkarteak bilera pribatua egin zuten atzo, eta gaur emango dituzte itunari buruzko xehetasunak Espainiako Kongresuan egingo duten aurkezpen ekitaldian.

Borroka luzea izan da emakume futbolariena. Izan ere, 2018ko azaroan hasi zituzten negoziazioak. Elkarrizketak korapilatu egin ziren. Traba nagusia kontratuen partzialtasuna zen. Jokalariek gutxienez %75ekoa izatea nahi zuten, eta Kluben Elkarteak %50ean jarri zuten marra gorria. Negoziazioak ez atzera eta ez aurrera zihoazela ikusita, iazko azaroaren 16-17ko asteburuan greba egin zuten futbolariek.

Bilerak luze joan ziren, eta azkenean abenduaren 20an iragarri zuten akordiorako oinarriak adostu zituztela, eta urtarrilaren 15ean sinatuko zela hitzarmena. Baina ez zen hala izan. eta beste hilabetez atzeratu da, horrek jokalarien kezka eta ezinegona areagotuz. Azkenean, Mediapro ekoiztetxeak 100.000 euro eman dizkie klubei telebista eskubideak eta zelaietan dauden publizitate estatikoak kudeatzegatik, eta horrek ahalbidetu du egoera bideratzea.

Hitzarmenaren arabera, jardun osoko kontratua duten futbolariek 16.000 euroko gutxieneko soldata izango dute urtean; %75ekoa dutenek, berriz, 12.000 eurokoa. Bestalde, talde batean sei denboraldi edo gehiago eman dituzten jokalariek gainsaria jasoko dute hura uzten duten momentuan. Gainsari hori 2.000 eta 3.500 euro artekoa izango da, klubean igarotzen dituzten sasoien arabera.

Baina beste hainbat puntu garrantzitsu ere jasotzen ditu lan hitzarmenak. Horien artean daude, esaterako, lan jazarpeneko eta haurdunaldi kasuetarako protokoloa. Egun, jokalariek, haurdun geratuz gero ez dute babesik, klubak kanporatzea erabakiz gero. Gainera, amatasunerako 600 euroren laguntzak aurreikusten dira akordioan.

Oporrak ere arautuko dira lan hitzarmenari esker. Horren arabera, jokalariek 30 eguneko oporraldia izango dute. Opor aste horiek jarraian eta udan egingo dituzte, eta Eguberrietan ere etenaldia izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.