KRITIKA. dFeria

Enperadorearekin jolasean

2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun

'Napoleón o el complejo de épico'

Konpainia: Do Chapito. Zuzendaritza: Claudia Novoa, Jose C. Garcia. Dramaturgia: Ramon de Los Santos. Antzezleak: Jorge Cruz, Susana Nunes, Tiago Viegas. Soinua: Silvio Rosado. Jantziak: Claudia Novoa, Gloria Mendes. Argien diseinua: Jose C. Garcia, Saturnino Rodrigues. Lekua: Donostiako Lugaritz Kultur Etxea. Eguna: Martxoak 16.

Ez da ohikoa Portugaleko konpainiak gure karteleran topatzea, baina, baten baten lana ezagutzekotan, 1996an sorturiko Do Chapito taldeak aukera handiak ditu nazioartekoan birak egiteko, eta hartara, gurera iristeko. Portugaldarrek urteetan zehar estimu handiko lana ondu dute, publikoaren konplizitatea eskatzen duen berariazko lengoaia asmatuta, pailazo edo clown tekniketatik abiatu direla. Tresneria sotila erabiliz (metalezko kuboak, oihal zerrendak, txapak, txarol papera, txartel brechtarrak...) edozein gauza irudikatzeko gai dira, talentu handia dutela erakutsiz, betiere, poetikotasun umoretsu zein iradokitzaileko irudiak eratzeko abilezia klasea emanez. Do Chapitoren antzerkiak mundu magiko eta irudimenezkoarekin lerratzen gaitu; eta haien jardueraren muina eta sorburua dibertitzea dela ulertzen dugunean jostatzen jartzen gaitu.

Aurreko denboraldietan Hamlet, Electra eta Edipo landu bazituzten, oraingoan Napoleonen biografiarekin atrebitu dira. Gauzak horrela, Do Chapitoren ibilbideak erakusten digu gai serioak zein korapilatsuak hartzeak ez diela inolako beldurrik ematen; areago, komikotasunaren bila joateak ez diela deuseztatzen haien mezuaren zein forma eszenografikoen seriotasuna edota koherentzia.

Oholtzan, hondoko eta aldeetako teloi beltzak hiru aktoreen ekintzen muga izan dira. Eta aipatutako Hamlet-en gorbatak baldin baziren tresnarik erabiliena, Napoleon-en, berriz, armairuetako esekigailuak izan dira eszenatokiko jaun eta jabe, beste gauzen artean, esaterako, kapelu napoleonikoak ezin hobeki irudikatzen dituztelako. Esaldi laburrez osaturiko elkarrizketek erritmo arina lortzen dute, eta eszenatokiko biluztasuna —bertan dagoen foku zirkuluaz gain—, objektu simplez beterik dagoela antzematen du ikusleak aurrera egin ahala. Horietako bakoitzak, umeen jolasetan bezala, bere izatearen gainetik, talde honen eszenografiaren ildo nagusian beste zerbait irudika dezakeelako ustea dugu. Horregatik, ulertzen dugu taularen gainean armadek borroka egin dezaten ez dela armadarik behar, edo soldaduak zaldietan zangalatrauan ibil daitezen ez dela zaldien beharrik. Horrela, Do Chapitok erakusten digu antzerki ona egiteko iaiotasun teatrala baino ez dela behar, hori eta jolasean aritzeko gogoz dagoen publiko konplizea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.