IRITZIA

Gorbeia

Juanito Oiartzabal
2020ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Gorbeiarekin dudan betiko oroimena aitarekin lotzen da. Araban eta Euskal Herrian aitarekin igo nuen lehen mendia, 8 urte nituela, Gorbeia izango zen. Mendi horrekin oso lotuta nago. Duela urte asko, astean bi edo hiru aldiz igotzen nintzen entrenatzera, oso ondo zetorkidalako. Orain beste modu batera joaten naiz. Erreferentzia garrantzitsua da niretzat.

Arabarentzat aldarrikatzen dut Gorbeia, parke natural osoaren bi heren Arabako lurraldean baitaude. Bizkaia batzuetan Gorbeiaz jabetzeak molestatu egiten du, gurutzearekin eta Begoñako amatxorekin oso identifikatuta daudelako. Nolabait ezjakintasun handia dago. Hainbat arrazoi daude. Seguruenik Gorbeiako igoera gehienak Arabatik daude. Eta politenak ere bai, noski. Tradizionalki harrobietatik edo Muruatik edo Sarriatik igotzen da jendea. Nire kasu pertsonalean, ia inoiz ez naiz leku horietatik igotzen. Mairuren gainetik, elur zuloetatik, harkaitzetik joaten naiz. Ez dirudi, baina ia harri horietan helduta igo daiteke Gorbeiara, gu igotzen garen tokitik. Orain bertan, behin gutxienez igotzen naiz astero, beti harmaila horietatik, harkaitz pareta horietatik, gero Bizkai aldera, Aldaminen lepotik eta Arrabako zelaietara jaisten naiz, aterpean zerbezatxo bat hartu eta Aldaminen azpitik buelta zati bat ematen diot mendiari, entretenigarriagoa izan dadin. Beste batzuetan Egirinaon jaisten naiz, handik Arrabara eta Lekandara igotzen naiz, buelta luzexeagoa eginez.

Gorbeia nire kirol aktibitatearen DNA da; ondo baino hobeto ezagutzen dut. Guretzat oso erosoa da, etxetik, Betoñon, hamabost minutuan abiapuntuan aparkatzen ari naiz autoa. Bizkaitarrei, aldiz, urrutiago gelditzen zaie Pagomakurrera joatea edo Barazarrera Saldropotik igotzeko. Pribilegiatuak gara, Aizkorrira joateko bezala, gipuzkoarrek baino gertuago baitaukagu Zalduondotik.

Gorbeiak leku oso bereziak ditu: Mairuko inguru hori, harmailena. Gorbeiako mendigunea gruyere gazta bezalakoa da, kobazuloz betea. Leku askotatik igo daiteke: Orozko, Itxina... Paradisua da. Igoera desberdinak eta originalak ditu. Jende gehiena bide klasikotik joaten da, baina aukera asko ditu. Oso mendi esanguratsua da bizkaitar eta arabarrontzat: oso identifikatuak gaude. Gipuzkoarrei Txindokirekin gertatzen zaie; ez hainbeste Aizkorrirekin, urrutiago gelditzen baitzaie.

Bitxikeria bat badaukat Gorbeian: duela urte asko, galdu egin ginen gauez Atxo Apellaniz zenarekin eta beste bi lagunekin, eta, Muruan azaldu beharrean, Zaraten agertu ginen. Guardia Zibilak etorri behar izan zuen gure bila. Gaur egun gertatuko balitz, albistea izango zen. Eta Gorbeian bertan lagun askoren errautsak bota izan ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.