Alavesek ezin du burua altxatu, eta 0-4 galdu du Vila-realen kontra

Julen Etxeberria.
2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Ezinean ari da Alaves: hiru partida jokatu ditu, eta hirurak galdu; azkena, atzo, Ibaian, Vila-realen aurka: 0-4. Kolpe oso gogorra da: lehenik, hirugarrenez geratu baita esku hutsik; bigarrenik, etxean galdu baitu; eta, azkenik, ustez, Vila-realek antzeko maila baitu. Atzo, ordea, Herrialde Katalanetako taldeak nagusitasunez irabazi zion.

Lehen ordu erdian gertatu zena kontuan hartuta, nekez pentsa zitekeen Alavesek halako astindua jasoko zuenik. Indartsu zelairatu zen, eta lehen ordu erdian bitan egon zen gola sartzear. Baina bai Sara Carrillok, bai Camila Saezek langara bota zuten baloia.

Halakoetan gertatu ohi da: barkatu, eta aurkariak kolpea ematea. Horixe gertatu zen atzo, Vila-realen bigarren ahaleginean, Sheila Guijarrok gola sartu baitzuen. 34. minutua zen. 0-1ekoarekin amaitu zen lehen zatia.

Berdintzeko asmoz, Alaves gogoz zelairatu zen bigarren zatian. Aldaketak egin zituen Mikel Crespok, baina alferrik. Hori gutxi ez, eta 62. minutuan bisitariek bigarren gola sartu zuten, Fatoumata Kantehek. Golak jota utzi zituen etxekoak, eta Vila-realek aprobetxatu egin zuen beste bi gol sartzeko: Belen Martinezek, 76. minutuan, eta berriz Sheilak, 81.ean.

Etsita zegoen Crespo partida bukaeran: «Lehen minutuetan hobeak izan gara, baina ez ditugu aukerak baliatu, eta haiek bai. Bigarren zatian, berriz, suspertu egin gara, baina bigarren gola sartu digute, eta lehia oso maldan gora jarri zaigu».

Reala eta Athletic, gaur

Gaur, Realak eta Athleticek jokatuko dute. Natalia Arroyok zuzendutako taldea Sevillaren zelaian ariko da (16:00, Dazn). Suspertu egin nahi du: astebetean, Betisen aurka berdindu du etxean, eta Txapeldunen Ligatik kanpo geratu da. Aukera ona du gaur, Sevillak bi partidak galdu baititu.

Aurkari indartsuagoa hartuko du Athleticek Lezaman (18:00, Dazn): Real Madril. Iraia Iturregiren taldeak irabazi egin zuen lehen partida, eta galdu azkenekoa. Real Madrilek, berriz, irabazi egin du jokatu duen neurketa bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.