IRITZIA

Aralar

Joxe Ramon Agirre, 'Marron'
2020ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Nire mendizaletasuna Aralarren sortu zen, nire familiaren eskutik, aitarengandik batez ere, eta oraindik, berrogei urte baino gehiago pasatu direnean, hor jarraitzen du nire bizipoza mantentzen; gaur egun oraindik oso harreman sakona mantentzen du Aralarrekin. Mende askotan zehar izan den lekua da oraindik ere, artzaintzari lotua, ingurua eta basoak, bereziki pagadiak, mantentzen dituelako, nahiz eta, oso hauskorra denez, zaindu eta erregulatu beharreko lekua izan.

Gipuzkoa aldea gustatzen zait gehien, baina Malloetako gainera iritsi, eta Araitz ibarraren ipar-ekialdean dagoen sakan hori presente edukitzea eta Pirinioetako gailurrak zuri-zuri ikustea, buruan mantentzen dudan argazkia da. Kantauri itsasoa eta Pirinioak uztartzen dituen gain hori oso ikusgarria da; une hori gozatzeko aukera ematen dit. Alotza inguruko larre horiek ditut bereziki gustuko, Saltarritik Ganbora, oso larre zabalak direlako. Gañeta eta Uarrain ingurua oso ondo mantentzen da. Behorrak, behiak eta ardiak hor ikustea gustatzen zait. Beste ukitu bat ematen dio. Putxerri inguru hori eta Gañeta ingurua dira gehien ibili naizen tokiak, Ataundik eskurago daukagun aldea, Ganbo eta Samiño aldea, asko joaten garen lekua.

Inguru natural horren parte gara, eta gaur egun dugun erabilera masibo hori kontrolatzea niri dagokit, Lizarrusti parketxetik. Jendeari erantzukizunez jokatzea eskatzen diogu; natura gozatzeko, sentitzeko, zaintzeko da, eta musika kontzertu batean errespetuz jokatu behar den bezala, naturan ere hala egin behar da. Orain dena azkar, korrika egin behar da, ordu gutxitan, presaka. Eta hori naturan ezinezkoa da, eta kontraesanetan sartzen gara esentzia hori nahi badugu. «Azkar eta ondo usoak hegan bakarrik», dio esaerak. Horregatik, leku hauetan egiten ditugun aktibitateak behar den bezala egiteko, guri dagokigu jendeari lasai bizitzeko sentsazio hori transmititzea, presaka bizi den honetan. Korrika joanda, ezin da baso, animalia eta paraje horietaz gozatu.

Goi-mendizaletasuna hortik abiatu da, mendiaren izpiritu hori da oinarria, eszenatoki berean gaude. Sentimendu horien bila joaten gara: igotzeko modu bat, bide bat, zailtasuna… Hori da erronka, eta erronka horrek eskatzen duen sufrimenduak, lorpenak ekartzen du horrela jarraitzea. Abiapuntua Aralar izan da niretzat, lehen aldiz bakarrik joan nintzenean, nire bideak lehen aldiz esploratu nituenean, Samiñora iritsi, eta han urruti gailur handi zuriak ikustea… Gero konturatu nintzen Pirinioak zirela. Gure bidea hori izan da, eta oinarrizko kanpoa Aralar da orainik. Eta nire bizilekua ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.