Musika

Klasikoen arrastoan

Duela hiru urte eman zuen soulerako jauzi ikusgarria Nathaniel Rateliffek. Hura bezala, The Night Sweats taldearekin grabatu du 'Tearing at the Seams' lan berria ere.

Nathaniel Rateliff gaur egungo soularen ahots nagusietakoa bilakatu da. BERRIA.
mikel lizarralde
2018ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Duela hiru urte, Nathaniel Rateliffek (Missouri, AEB, 1978) soul grinatsuz osatutako disko bikain bat kaleratu zuen The Night Sweats taldearekin. Stax zigilu mitikoak argitaratu zuen lan hura —garai klasikoan, besteak beste, Otis Redding, Sam & Dave, Rufus Thomas, Booker T & The MGs eta Eddie Floyden aterpe izan zena—, eta horrek berak adierazten zuen nolabait Rateliffen nortasun zeinuak zein izan zitezkeen. Hiru urte geroago, eta berriro ere Richard Swift ekoizlearen laguntzarekin, lan haren inolako inbidiarik ez duen diskoa kaleratu du kantari estatubatuarrak: Tearing at the Seams.

40 urte betetzear dagoela, Rateliff ez da hasiberri bat. Born in The Flood taldea sortu zuen 2002an, rock formak landu arren, sustraidun musikekiko hariak gordetzen zituen banda. 2007an atera zuen lehen lan luzea, If This Thing Should Spill, baina ordurako Rateliff bakarkako proiektuak lantzen hasia zegoen, eta lehendabizi The Wheel taldearekin—Desire and Dissolving Men (2007)— eta gero bakarka —In Memory of Loss (2010)— bere lekutxoa egiten hasi zen folk-country-rock eremuetan.

Nolanahi ere, lan haiek —eta ezta gerora iritsiko zen Falling Faster Than You Can Run-ek (2013)— ez zuten Rateliffen ibilbideak egingo zuen norabide aldaketa aurreikusteko zantzurik ematen. Disko barnerakoiak ziren, soilak, elementu gutxiren gainean eraikiak. Folkaren soineko diskretuak zeramatzatenak. Horregatik, 2015ean The Night Sweats taldearekin eta Staxen babesarekin itzuli zenean, Rateliffek zur eta lur utzi zituen bere jarraitzaileak. Nathaniel Rateliff & The Night Sweats soul diskoa baita bete-betean, Memphisko diskoetxeak bere garaian nortasun-zigilu bihurtu zuen soul itsaskor eta izerditsuaren barruan eroso mugitzen dena. Rateliffek ahots sakon baten jabe dela erakutsi zuen; une batzuetan Sam Cookeren goxotasunez abesten zuen, baina Van Morrisonen moldeetara gerturatzen zen beste batzuetan. Gainera, ezustean arrakastatsua bilakatu zen hit bat ere bazuen: S.O.B.

Taldearen inplikazioa

Hiru urte igaro ostean iritsi da Nathaniel Rateliff & The Night Sweatsek soularen barruan duen lekua berrestera datorren diskoa: Tearing at The Seams. Aurreko lana bezala, Richard Swiften zuzendaritzapean grabatu dute diskoa, eta hark bezala, molde ezberdineko doinuak biltzen ditu: baladak (Hey Mama, Still Out There Running), Cookek abestuko zituen kantu hunkigarriak (Tearing at the Seams), country-soul ukituak (Babe I Know), eta baita entzulea Staxen garai loriatsuetara eramaten duen doinuren bat ere (Intro). Agian falta zaio S.O.B. bat, zerrenden lehen postuetara igoko den hit bat, baina ez du horrek kezkatzen Rateliff: «Beharbada ez dago irratirako hit-ik kantuen artean. Baina inoiz ez da hori izan gure ardura.Harro egoteko moduko diskoa egitea izan da gure nahia, besterik ez».

Badira aurreko diskoarekiko ezberdintasunak, batez ere diskoa ontzeko prozesuari dagozkionak. Izan ere, The Night Sweatsen ekarpena askoz handiagoa izan da oraingoan: «Lehenengo diskoko kantuak etxeko ganbaran egin nituen, eta gero konponketak Richard Swiftekin eta Patrick Meeserekin landu nituen. Lan berrian, ordea, taldea prozesuaren parte izan da. Uste dut ikuspegi hori oso garbi izan genuela denok».

Ez da harritzekoa, urtero ia berrehun kontzertu egin baitituzte Nathaniel Rateliff & The Night Sweats argitaratu zutenetik. Hain zuzen ere, orain dela bi urte The Tonight Show telebistako saioan egindako emanaldi batek izugarrizko oihartzuna izan zuen, eta bandak zuzenean duen indarra ahoz aho zabaldu da ordudanik. Horren isla da AEBak puntatik puntara zeharkatuko dituztela azarora bitartean. Europara irteera gutxi batzuk egingo dituzte—aste honetan bertan Ingalaterrara—, baina Euskal Herritik urruti izango dira guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.