BBC3 telebistara bueltatuko da

BBCk gazteentzako katea berreskuratuko du, 2016an Internet bidez eskaintzea erabaki eta gero

BBCren egoitzako sarrera, Londresen. VICKIE FLORES / EFE.
Jakes Goikoetxa
2021eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Akatsa onartu du BBCk. 2016ko martxoan kendu egin zuen BBC3 telebista katea, eta Internetekoa bihurtu. 2022ko urtarriletik aurrera, ordea, berriro ere ohiko telebista kate bihurtuko du. 2016an, BBC3 kentzeko, argudiatu zuten gazteek utzi egin ziotela ohiko telebista kateak ikusteari, eta Internet bidezko kanalak ikusten zituztela batez ere; 2021ean, ikus-entzule gazteak berreskuratu nahi dituela esan du BBC3 ohiko moldean eskaintzeko. BBCk 16 eta 34 urte arteko herritarrak ditu gaztetzat edo hirugarren kateko hartzailetzat. «Gure ikerketen arabera, ikusle gazteen talde handi batek ohiko telebista ikusten du, baina BBC, gutxi», azaldu du Erresuma Batuko irrati-telebista publikoak. Ikus-entzule horiek lortzeko berpiztu nahi du BBC3.

Ofcom Erresuma Batuko ikus-entzunezkoen arautzailearen baimena behar du, baina ez da espero eragozpenik jarriko dionik, Ofcomek berak eskatu baitzion BBCri lan gehiago egin zezala gazteengana iristeko.

BBCk Internetera zokoratu zuen hirugarren katea (BBC iPlayer bidez ikus daiteke). Aurrekontua ere nabarmen murriztu zion. Baztertzeko arrazoietako bat izan zen gazteek ez dutela ohiko telebista ikusten; bestea, baina, dirua aurreztea zen, gobernuak aurrekontua murriztu baitio 2010etik aurrera. BBC3 kate digital bihurtuta, 30 milioi libera aurreztu nahi zituzten urtero (35 milioi euro).

Arrakasta Interneten

Hirugarren kateak, baina, ohiko telebistetatik kanpo ere arrakasta izan du. Hark sortuak edo bultzatuak izan dira, esaterako, Killing Eve, Fleabag, Normal People... saio arrakastatsuak. Milioika ikusle izan dituzte gazteen artean: Normal People, bi nerabe irlandarren arteko amodio istorioa, 62,7 milioi aldiz eskatu zuten iaz BBC iPlayerren, beste edozein saio baino gehiago.

BBC3k sortu bai, baina gero korporazioaren kate nagusian eskaini dituzte, ohiko telebista ikusleentzat, eta beste telebista edo plataforma batzuei ere saldu dizkiete. «BBC3ri kate propioa eman nahi diogu berriro», esan du Charlotte Moore BBCko Edukien arduradunak. «Eduki zirraragarria eta berritzailea dauka, eta ahalik eta ikusle gehienengana iristea merezi du».

Erresuma Batuko telebista aditu gehienek txalotu egin dute erabakia, baina zalantzak dituzte ea 2016an hartu behar ez zen erabaki bat 2021ean konpontzeak arrakastarik izango duen.

Zehazteko dago zenbateko aurrekontua izango duen. 80 milioi liberakoa (93 milioi euro) izango dela esan zuten BBCko ordezkariek iaz, urteko planaren aurkezpenean: gaur egun daukanaren bikoitza, baina 2014ko 90 milioi liberak baino gutxiago (105 milioi euro).

BBC3k ez luke egun osoko programazioa izango —lehen ere ez zuen—, 19:00ak eta 04:00ak artekoa baizik. Gazteentzako kateak haurrentzako CBBC katearekin partekatzen zuen frekuentzia, eta, beraz, ordutegia ere banatu egiten zuten. Hala egingo dute orain ere. Haurrentzako programazioa orain baino bi ordu lehenago bukatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.