Uxue Razkin.
PLAY ETA ENTZUN

Gaizkileak kantari

2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Lehen kontakizunak halaxe iritsi zitzaizkigun, belarrietatik. Ahoz aho. Mendez mende. Kantatuz. Kontatuz. Istorioak moldatuz, bertsioak sortuz. Memoriak huts egiten duen arte. Ahozkotasunaren tradizioaren madarikazioa hori litzateke. Edo bedeinkazioa.

Belaunaldiz belaunaldi kantatu ditugun abestietan ezkutatzen dira istorio ederrak, epikoak, lazgarriak eta ilunak. Inoiz gertatu zait abesti bat kantatzen hastea eta ez erreparatzea kontatzen ari naizen horri; melodia horretan ezkutatuta zer ote dagoen jakin barik. Letrak errepikatu, hutsik dauden zakuak izango balira bezala. Bada, abesti horiek bizirik daude eta istorio bat ari dira erditzen.

Horren harira, ZuZeu Podcastek, Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearekin elkarlanean, sortutako Euskal Gaizkileak serieaz hitz egin zidaten duela gutxi Twitterren. Ezagunak zaizkigun abestietan ezkutatzen diren Euskal Herriko gaizkileen narrazioak kontatzen dituzte. Zortzi kapitulu dira guztira, eta saio bakoitzean pertsona bati buruz dihardute, hari buruzko abestia ere agertuz.

Oro har, True Crime gisako film eta telesailak ikustea gogoko dut, eta entzuten ditut hiltzaileen istorioak erdigune dituzten irratsaioak. Esaterako, behin baino gehiagotan aipatu eta gomendatu dut Catalunya Radioko Crims irratsaioa. Alabaina, azken honekin alderatuz gero, Euskal Gaizkileak arras desberdina da. Lehenengoa kazetaritza-ikerlan bati hurbiltzen zaio, hiltzailearen arrastoak eta poliziaren ikerketak dira kontakizunaren gakoak; esataria, zeremonia-maisu gisa. Bigarrenean, aldiz, gertaerak berritzen dituzte irakurketa dramatikoa eginez; ahots ugari narrazioari bizia ematen, ahozkotasunaren tradizioa indartzen. Zoragarria, bene-benetan.

Ideia bikaina zela iritzi nion lehenengo kapitulua aditu bezain laster. Ba al dago benetako gertaerak oinarri dituzten narrazioak entzutea baino gauza hobeagorik? Hemendik aurrera Bereterretxen kanthoria, Martin Larralde edo Estudiante kondenatua berriro entzutean istorio horien protagonistak gogoan izango ditugu, zalantzarik gabe.

Amaitzeko, gomendio bat: podcasta entzun bitartean, ez ezazue besterik egin. Play sakatu eta, ahal baduzue, argiak itzali. Etor daitezela eleak belarrira, edo, Homerok zioen bezala, «hitz hegalariak», badakite bidea eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.