11 pauso legea azaltzeko

2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Onbidean, eutanasia eskea egiten duen pazienteak berrogeiren bat egunen buruan prozesua hasi eta eta bukatu ahal izatea da legearen asmoa. Hona hemen prozedura:

Idatziz egin beharko da eskea beti, data argi zehaztuta, eta pazienteak izenpetuta; sinatu ezin badu, «era argian» adierazi beharko du eskea egin duela, norbaitek lagunduta. Adingabeak kanpo utzi ditu legeak.

Osasun profesional baten aurrean izenpetu behar da beti eskaria, eta kasuaz arduratuko den medikua ez bada, helarazi egingo zaio. Historia klinikoan sartuko da eskea. Abiatutako bidean atzera egiteko aukera beti izango du pazienteak. Kasuaz arduratuko den medikua izan liteke erietxe bateko mediku bat, edo familia mediku bat; kasuaren araberakoa izango da. Ez dira behartuta egongo: kontzientzia eragozpenerako aukera dute.

Aldez aurretik esandakoak onartuko dira, alegia, pazienteak aurretiazko borondateen dokumentu batean ebatzitakoak aintzakotzat hartzeko era ireki du legeak. Agiri hori aurkezterik ez badu, beste pertsona baten bidez egin ahal izango da, horrekin eskabidea aktibatzeko.

Bi egunen ondoren erantzuna eman beharko da, eta kasuaz arduratzen den medikuak eskea legeak zedarritutako eremuaren barruan dagoela erabakitzen badu, hausnarketa prozesu bat hasi beharko du pazientearekin; haren diagnostikoaz, aukera terapeutikoez, horien emaitza posibleez, eta jaso ditzakeen zainketa aringarriez solastatu beharko dute.

Bigarren eske bat egin beharko du pazienteak, eta bi eskeen artean gutxienez hamabost egun igaro beharko dira. Pazientea bigarrenez datorkionean berriz hasiko du medikuak gogoeta bat harekin; bost egunen buruan eskatzen duen informazio gehigarria eman beharko dio.

Berretsi egin beharko da 24 ordu igarota: berriz galdetuko dio kasua daraman medikuak eskakizuna egin duen pazienteari prozedurarekin aurrera jarraitu nahi duen. Berriz ere baietz erantzuten badu, medikuak gaixoa artatzen duen osasun taldeari eta pazienteak esaten duten familiako kideei emango die eskabidearen berri, eta prozedurarekin aurrera jarraitu beharko du.

Aholku eskea egin beharko du kasuaren ardura duen medikuak osagile aholkulari batekin; horrek pazientearen historia eta pazientea aztertuta, dena legezko irizpideen barruan dagoela berretsi beharko du. Bigarren eskea egin eta hamar egunera egin beharko du gehienez. Medikuak eskea atzera botatzen badu, kasuok jarraitzeko erkidegoetan egongo den batzordera jo dezake pazienteak: Berme eta Ebaluazio Batzordera.

Bi medikuek kasua onetsi badute, kasuaren ardura daramanak Berme eta Ebaluazio Batzordera eraman beharko du hiru egunen bueltan.

Batzordeak aztertuko du eskea; horretarako, bi egunen buruan hautatu beharko ditu batzordeko presidenteak taldeko bi kide, mediku bat eta jurista bat, eta eskeak bete beharreko irizpideak betetzen dituen ebatzi beharko dute. Bi profesional horiek historia klinikoan jasotako informazio gutxia aztertzeko era izango dute, eta eutanasia eskea egin duen pertsonarekin solastatzekoa ere bai. Zazpi egunen buruan egin beharko dute txosten bat ; bi kideak ados ez badira, batzordeko plenora joango da auzia; han hartuko dute erabakia. Behin ebazpen bat dagoenean, batzordeko presidenteari jakinaraziko zaio, eta auzia daraman medikuari adieraziko dio honek. Erantzuna ezezkoa bada, auzitara jotzeko era izango du pazienteak.

Ebazpena baiezkoa denean, tentuz jakinaraziko da erabakia, horretarako propio onduko diren protokoloen bidez. Pazientea kontziente bada, medikuari esan beharko dio nola egitea nahi duen eutanasia. Baga: lehen hautua onesten badu, osasun profesional batek substantzia bat jarriko dio pazienteari, heriotza eragiteko. Biga: beste hautua da osasun profesionalek heriotza eragiteko substantzia bat preskribatzea, eta pazienteak berak hartzea. Bi kasuetan azken ordura arte artatuko dute osasun langileek.

Kasuen jarraipena egingo da: kasuaren ardura izan duen medikuak eutanasia egin ostean, Berme eta Ebaluazio Batzordera hainbat agiri bidali beharko ditu, pazienteari buruzko datuekin, prozesuan parte hartu dute profesionalenekin eta azalpenekin.

Irakurri gehiago: Oinarrizko hiztegi bat bizitzaren amaierakoak ulertzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.