Girona 1-2 Athletic

Ametsa, bizi-bizirik

Athleticek Gironan irabazi du, eta eutsi egiten dio Europarako sailkatzeko itxaropenari. Zuri-gorriek emaitza irauli dute

Julen Etxeberria.
2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Stuanik (37. min.). 1-1: Williamsek (53. min.). 1-2: Raul Garciak (59. min.). Epailea. Munuera Montero. Txartel horiak: Gironako Juanperi eta Porturi; eta Athleticeko Capari, Raul Garciari, Iñigo Martinezi eta Beñati. Bestelakoak. 10.652 ikusle Montilivin.

Duela gutxi arte ezinezkoa zen Athletic eta Europa esaldi berean joatea. Hain zen larria talde zuri-gorriaren egoera sailkapenean, ezen bere zaleak konforme baino gehiago ziren beste urtebetez Espainiako Lehen Mailan jarraitze hutsarekin. Baina azken hiru hilabeteetan goitik behera aldatu da egoera. Abendu hasieran Gaizka Garitanok Eduardo Berizzo ordezkatu zuenetik, sekulako jauzia eman du Athleticek. Estatistikak argigarriak dira: jokoan egon diren 45 puntuetatik 29 lortu ditu. Bartzelonak (38), Atletico Madrilek (31) eta Real Madrilek (31) bakarrik lortu dituzte gehiago —partida bat gutxiago jokatu dute hirurek—. Horri esker, iragana dira mailari eusteko estutasunak, eta duela gutxi arte ezinezkoa zena eskura dute orain zuri-gorriek: Europarako sailkatzea.

Ametsa bizi-bizirik dago. Izan ere, liga amaitzeko bederatzi jardunaldi falta direla, sailkapenaren zortzigarren postuan dago Athletic, zazpigarrenarekin berdinduta —Valentzia— eta seigarrenarengandik —Sevilla— hiru puntura. Hain zuzen, Sevilla eta Valentzia elkarren aurka ariko dira bihar, Sanchez Pizjuanen. Beraz, jardunaldia biribila izan daiteke Athleticentzat: irabazi egin zuen atzo Gironan (Herrialde Katalanak), eta aurkari zuzenen batek huts egin dezake.

Ligako azken hamar partidak azken txanpa baten pareko baldin baziren, bikain ekin die talde zuri-gorriak. Egutegiak, gainera, itxaropentsu egoteko arrazoiak ematen die, hurrengo hiru partidetan ez baitute izango aurkari ahaltsurik parez pare: Levante hartuko du, Getafen (Espainia) ariko da, eta Rayo jasoko du.

Atzo Gironan lortutako garaipenak, gainera, sekulako bultzada emango dio Athletici datorrenari indarrez heltzeko. Ez da gutxiagorako, galtzen hasitako lehia irabazteko gai izan baitzen.

Bera bakarrik sartu zen arazoetan, aurreneko zati eskasa eginda. Etxekoak askoz gehiago izan ziren, eta Stuanik 37. minutuan sartutako gola merezitako saria zen. Atsedenalditik bueltan, ordea, goitik behera aldatu zen neurketa. Indartsu zelairatu zen Athletic, eta hamar minutura banakoa sartu zuen Williamsek, Raul Garciaren erdiraketa buruz bikain errematutatua. Sei minutu geroago bi jokalari horiek lanak trukatu zituzten, eta bigarren gola sartu zuen Athleticek. Etxekoek estutu egin zuten azken minutuetan, baina alferrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.