Albistea entzun

SASKI DA!

Gaur jokatuko badut, bihar ez

Danel Agirre -

2019ko abenduak 13

Zamaren kudeaketa. NBAn ohikoak dira elkarren segidako gauetan jokatutako partidak. Denboraldi erregularra lehentxeago hasi ohi da egun, eta talde bakoitzak egin beharreko esfortzu bikoitzen batezbestekoak behera egin du: sasoiko hemeretzikoa zen duela urte gutxi, hamabi ingurukoa egun. Kawhi Leonardek atseden hartuko du ondoz ondoko bi lehietatik batean. Los Angeles Clippersek bere koadrizepseko arazo kronifikatua zain dezan nahi du, kanporaketetara begira (hegalekoak ez du parekorik bere burua administratzen). Erabaki labainkorra da: AEBetako kirol ikuskizunetan, zale askok izar bat ikusteko erosi ohi dute sarrera, ez talde jakin bat babesteko. Leonard ez dago lesionatuta —edo nahikoa lesionaturik— , eta ligaren irizpide klasikoaren arabera, kantxan behar luke beti. Komisionatuak figura berri bat sortu behar izan du, zamaren kudeaketa izenarekin, izarren apetak erregistro ofizialetan disimulatzeko. Fenomenoaren benetako zergatiari heltzerik ez du: jokoa izugarri azkartu da azken bi hamarkadetan, eta ia ezinezko bilakatzen du lehengo moduan izar bat 82 norgehiagokatan 36 minutuz aritzea. Egutegia laburtu, eta NBAren diru sarrerak -soldatak ere bai, jakina- tamainan murriztuko lirateke. Eta errekor historiko guztiak atzemanezin bilakatuko lirateke bat-batean, heroien lorpenak istorio epikoen arrandiarekin saltzeaz bizi den multinazional mediatikoan.

Iragartzearen ezintasuna. NBAn izen apur bat izandako jokalariren bat kontinente zaharrera mugitzen den bakoitzean, «Ufa, Euroliga hankapean ibiliko du, hemen geldiezina da» moduko mezuekin hartzen dute zaleek fitxaketa, baina nagusitasun hori ez da sarri gauzatu ohi. Azkenaldian, gisako pronostikoak kontrako norabidean ere ematen dira: «NBArako dohain perfektuak ditu Vincent Poirierrek, azkar eskuratuko du minutu mordoxka», eta aurreikuspen horietako asko ere ustel suertatu ohi dira. Saskibaloia taldekako kirol da oraindik, eta profesional bat ingurune zehatz batean loratuko den asmatzea ez da hain erraza, neurtzeko ezinezkoak diren hainbat aldagaien eraginagatik. Poirierren kasura ekarrita: akaso datorren hilabetetik aurrera rol esanguratsuren bat erdietsiko du, edota akaso hiru urte aulkian eserita eman ondoren Europara itzultzea tokatuko zaio. Itxaropenerako arrazoirik behar badu, Davis Bertansen kasuari so egiterik du frantziarrak: NBArekin egoskortu zen Baskoniako hegaleko ohia Washington Wizardsekin ari da aurten, eta azken sei lehiatan 23,7 puntu eta sei hirukoko batezbestekoak ditu.

Gurasoen patologiak. ESPN kateak 'Bronny' James, LeBronen hamabost urteko semearen Sierra Canyon instituaren hamabost partida zuzenean emitituko ditu aurten. Lau milioi jarraitzaile ditu Bronnyk Instagramen, eta bere taldearen agerraldi bakoitza zirku bilakatzen ari da, aita agertzen denetan ororen gainetik (kantxara jauzi egin ohi du nerabeen jokaldiak ospatzera, modu arras errespetugabean). Ez da kasu bakana. Eskolarteko txapelketetan nabarmentzen diren haurren —hamar edo hamaika urtekoak sarri—mixtape-ak genero arrakastatsua dira Youtuben. Gaixo-portaera da, Euskal Herrian zapatu goizean seme-alaben epaileak iraintzera joaten diren guraso nazkanteen bertsio estatubatuarra.

Amets igualitarista. Kontratatu, ilusioa saldu, poto egin, kaleratu, errepikatu. Aspalditik kaskarkerian bizi den New York Knicksen zikloak NBAren berezitasun bat haragiztatzen du: ligako frankizia aberatsena izateak ez du inola ere kirol emaitza itxurosorik bermatzen. Lehiaketa igualitarioa sustatzeko neurriak (soldaten limitea, batik bat) kudeaketa kaskarra zigortzen dute, eta Europako futbolean edo saskibaloian bezala patrikak gainezka merkatura irten eta izarrik garestienak fitxatzea ia ezinezko bilakatu. Real Madrilek eta Bilbo Basketek —edo Bartzelonak eta Osasunak— lansarientzat diru kopuru berbera gordetzea? Esperimentu komunista dirudi, baina AEB ultraliberalean egiten dute eta benetan edonork irabaz ditzakeen lehiaketak dituzte.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Urola Kostako Hitza ©Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI'.a, atzo, garaipena ospatzen.

Hirugarren urtez jarraian, Izeta VI.ak jantzi du Euskal Pentatloi Sariaren txapela

Ihintza Elustondo - Urola Kostako Hitza

Ez da sorpresarik izan VI. Euskal Pentatloi Sariaren finalean, eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrak jantzi du txapela; emazteari eta semeari eskaini die garaipena. Xabat Olaizola zarauztarra sailkatu da bigarren, eta Xabier Zaldua hirugarren. Aritz Irazabal izan da laugarrena, Ioritz Gisasola bosgarrena, eta Julen Kañamares seigarrena.

Jose Luis Zubizarreta. ©Maialen Andres, Foku

«Iraurgin baino ardura handiagoko lanik ez dut edukiko inoiz»

Unai Zubeldia, Gipuzkoako Hitza

Jose Luis Zubizarreta 11 urterekin joan zen Azpeititik Valentziara, bakar-bakarrik, eta Azpeitia-Azkoititik Donostiarako saskibaloi bidea egin du orain, 62 urterekin. Proiektua biziberritu nahi du.

Osasunako jokalari Chimy Avila eta Ivan Rakitic Sevillakoa, baloiaren lehian, atzo, Sadarren, Espainiako Ligako seigarren jardunaldian. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Frustrazioaren gatibu

Eñaut Agirrebengoa

Osasunak hobera egin du defentsan, baina ez du asmatu ate aurrean, eta puntu gazi-gozoa lortu du Sevillaren aurka. Nafarrek etxean irabazi gabe segitzen dute

Athleticeko jokalariak, lehen gola ospatzen, Iñaki Williamsen sartutakoa. ©L. RICO / EFE

Beste derbi zuri-gorri bat

Julen Etxeberria

Hogei urteren ostean, Athleticek Alavesi irabazi dio Mendizorrotzan. Garaipena lortuta, zuri-gorriek indartu egin dute egiten ari diren sasoi hasiera ederra. Arabarrek aurreneko aldiz galdu dute etxean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.