KRITIKA. Donostiako 83. Musika Hamabostaldia

Marratik atera gabe

2022ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun

La Ritirata

Musikariak: Tamar Lalo (flauta), Vadym Makarenko eta Miriam Hontana (biolinak), Lola Fernandez (biola), Daniel Oiarzabal (klabea), Josetxu Obregon (biolontxeloa eta zuzendari artistikoa). Egitaraua:Festeggiando Mancini: F. Manciniren obrak. Lekua: Donostiako San Telmo museoa. Eguna: Abuztuak 4.

Bere hamabost urteko ibilbidean, La Ritirata taldeak zenbait programa osatu ditu musika barrokoaren konpositore ez hain ezagunen lanak gurera ekartzeko, zentzu historiko zein estilo finarekin. 2020an, Antonio Caldararen biolontxelo obrak izan ziren; aurten, bere jaiotzaren 350. urteurrenean, Francesco Manciniren musika instrumentala dakarte. Hala, FestClasica elkarteak emandako zigiluari esker, hurrengo hilabeteetan Festeggiando Mancini programa musika klasikoari eskainitako jaialdietan aurkeztu ahal izango dute.

Opera eskola napolitarrean trebatua, Mancinik ahots-musika ugari idatzi zuen: dozenaka opera, kantata eta oratorio topatu daitezke bere ekoizpenean. Aldiz, bere musika instrumentala flautarentzat idatzitako kontzertu eta sonatengatik da ezaguna, batez ere. La Ritiratako kideek Tamar Lalo flautista israeldarraren sen ona izan dute lagun hiru kontzertuen grina San Telmoko klaustroaren markoan zabaltzeko. Beti norabide onean, Lalo sotil eta bikain igaro zen tempo aldaketa eta marrazki guztietatik. Klabeak apaintzen dituzten landare-irudien antzera, zurtoinak sendo eta hostoak fin, koloratura azkarrek ez zioten osotasunari bidea itxi. Hala izan zen 10. kontzertuaren largoan zein 8. kontzertuaren allegro bortitzean ageri den bat-bateko enbatan.

Harietan eta klabean, bestetik, barrokoaren motorra gelditu gabe zehatz eta dotore, elkarrekiko ulermen handia nabarmendu zen. Josetxu Obregonek badaki lurra soiltzen eta denbora ereiten, gidari garbia eta zuhurra. Trajano operaren oberturan, Manciniren opera ezagunenetarikoa, harien kolore askotarikoak antzeman ahal izan ziren;14. kontzertuaren fugan gaien berebiziko jolasa margotu zuten doitasun osoz, distira uneak neurtuz eta euren tokian kokatuz, behar zenean tonua motelduz.

Amaitzeko, eta abizen jolasa profitatuz, taldeak enkargua egin dio Jorge Magaz konpositoreari, napolitarraren estiloan Henry Manciniren Pantera arrosa gaiaren gaineko fuga bat idatzi dezan. Bis jostalaria, publikoaren artean irribarreak piztu zituena. Ben trovato.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.