Elezkano II.a-Zabaleta 22-11 Laso-Imaz

Elkarri lagunduta, aise

Elezkano II.a-Zabaletak 22-11 hartu du mendean Laso-Imaz, Labriten. Bikote irabazleak partida osoa egin du, bai erasoan, bai defentsan

Danel Elezkano sakatzear, atzean Jose Javier Zabaleta haren bikotea erne dagoela. GORKA RUBIO / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Pilotakadak. 510.
Iraupena. 58.44.
Egindakoak. Elezkano II.ak bederatzi eta Zabaletan bi; Lasok bost eta Imazek bakar bat ere ez.
Huts egindakoak. Elezkano II.ak hiru eta Zabaletak hiru; Lasok hamar eta Imazek bakarra.
Markagailua. 1-0, 1-1, 4-1, 4-4, 7-4, 7-5, 8-5, 8-7, 9-7, 9-8, 13-8, 13-9, 15-10, 18-10,18-11, 22-11.
Bestelakoak. Betekadatik oso gertu ibili zen Iruñeko Labrit pilotalekua.

Elkarri ongi lotuta daude Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaleta. Zaratamoztarrak aurrean duen eraginkortasuna eta etxarrendarrak atzeko koadroetan duen sendotasuna batuta, ekuazioaren emaitza argia da: bikote indartsua. Atzokoan ere, beste kolpe bat eman zuen Laso-Imazi 22-11 irabazita, bor-bor egon zen Iruñeko Labriten. Binakako txapelketa bigarrenez jarraian irabazteko hautagai nagusia da.

Bolada beretik zetozen bi bikoteak, galtzetik; Elezkano II.a-Zabaleta Altuna III.a-Martijaren aurka —22-17—; Laso-Imaz, berriz, Jaka-Mariezkurrena II.aren aurka —22-21—. Zabaletak, etxetik gertu, partida ona jokatzeko gogoz ekin zion lehiari. Etxarrendarrak agindu zuen atzeko koadroetan, eta Imazi pilotakada pozoitsuak jartzen zizkion, nahiz eta oiartzuarrak isilpeko lan txukuna egin. Elezkano II.a-Zabaleta 4-1 ezarri ziren aurretik, baina Laso ez zegoen aukerak galtzeko. Ezker gantxoz tanto zoragarria egin zuen, Labriteko pilotazaleen orroa ozen entzuteraino.

Bikote urdinak bi kintze segidan eginda, launako berdinketa jarri zuen markagailuan. Lasok sekulako gatzarekin ematen zion pilotari, baina Zabaleta ez zen gutxiago; ikaragarri erantzuten zion, aurrean zein atzean, eta Elezkano II.ak jokaldiak biribiltzen zituen. Une batez, hiru tantoko errenta izan zuten, baina urdinek ez zuten soka eteterik nahi; are, tanto bakarrera jarri ziren: 9-8. Orduan jarri zuen Zabaletak bere legea, eta gisa horretara, 12-8 aurretik heldu ziren etenaldi luzera.

Laso, ernegatuta

Elezkano II.a-Zabaleta erasoan ongi ibili bakarrik ez, defentsan ere sendo ari ziren. Lasok aukera zuen bakoitzean, zalantzak izaten zituen tantoak bukatzeko; izan ere, zaratamoztarra zabalera joaten zen; etxarrendarra, txokora. Hori ikusita, Bizkarreta-Gerendiaingoak estrategia aldatu eta Imazen laguntzaz, Zabaleta atzera joan zedin behartzen hasi zen, gero txokoan errematatu zezan. Halere, bigarren zatian, nafarra kamuts zebilen, gozakaitz, ernegatuta jartzeraino, eta horrek bikote gorriari mesede egin zion. Jokoaren jabe eginda eta inolako estuasunik gabe, 22. tantora heldu zen, aurkariak 11.ean utzita.

Atzoko garaipenarekin, Elezkano II.-Zabaleta sailkapen buruan jarri dira, Irribarria-Rezusta bikotearekin berdinduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.