Albistea entzun

Zientzia

Laosko hagin bat, denisovarren Asiako migrazioak erakusteko froga

Bigarrenez aurkitu dute Denisovarren fosil bat Siberiako Denisova haitzulotik kanpo. Asiako hego-ekialdean bizi izan zirela frogatuko luke
Annamango mendikateko kobazuloan aurkitutako haginaren ikuspegiak.
Annamango mendikateko kobazuloan aurkitutako haginaren ikuspegiak. F. DEMETER Tamaina handiagoan ikusi

Jakes Goikoetxea -

2022ko maiatzak 20

Paleoantropologoak Laos iparraldeko Annamango mendikateko kobazuloak ikertzen ari dira aspalditik. Kobazuloz betetako mendiak dira. Kobazuloz eta fosilez. 2018an, inguruko herri bateko haurrek paleoantropologoei esan zieten hezurrak zituen kobazulo bat aurkitu zutela. Laura Shackelford Illinoisko Unibertsitateko paleoantropologoak ez zuen ezer aurkitu kobazuloko lurrean; esku argiarekin sabaia argitu zuenean, ordea, ikusi zuen hezurrez eta hortzez beteta zegoela. Arroka zatiak atera zituzten, eta hezurrak harritik bereizi (fosil gehienak animalien hezurrenak ziren). Baina hezurren artean ume batena zirudien hagin bat zegoen.

Haginaren adina jakiteko, geologoek haren inguruko fosilak eta horma aztertu zituzten. Adina: 164.000 eta 131.000 urte artean. Laosen aurkitutako gizaki modernoen arrastoak baino askoz ere zaharragoa.

Ikertzaileek uste dute neska gazte denisovar batena dela, 3 urte eta erdi eta 8 urte eta erdi artekoa. Ustea baieztatuko balute, frogatuko lukete denisovarrak Asia hego-ekialdean bizi izan zirela. Denisovarra dela uste dute datazioengatik, denisovarren beste hagin batzuen egitura duelako eta beste giza espezie batzuen haginekin alderatuta ezberdina delako. Nature Comunications-en argitaratu dute aurkikuntzari buruzko ikerketa.

Neandertalekin eta homo sapiens-ekin bizi izan zen giza espezie bat izan ziren denisovarrak. Haiekin harremana izan zuten. Denisovarrak deitzen diete, haien arrastoak Siberiako Denisova haitzuloan aurkitu dituztelako, Altai mendigunean, Errusian.

Orain arte, denisovarren fosil bakarra aurkitu dute Denisovako haitzulotik kanpo: duela 160.000 urteko masailezur bat, Tibeteko lautadan, hiru mila metrotik gora.

Ikertzaileek bazekiten denisovarrak Asia hego-ekialdean bizi izan zirela, denisovarren DNAren arrastoak aurkitu baitituzte Asiako, Ozeaniako eta Ozeano Pazifikoko uharteetako milioika herritarretan, Denisovako haitzulotik oso urrun. Baina ez zeukaten frogarik. Oso zaila da bien arteko lotura aurkitzea, denisovarren migrazioak zehaztea, fosil faltagatik. Neska gaztearen hagina izango litzateke lotura.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai ©Gorka Ruio / Foku

Martiarena eta Torregarai ‘Harpa jotzen’ ibiliko dira podcast batean

Urtzi Urkizu

EITBk astelehenean estreinatuko du umorezko podcasta. Zortzi atal izango dira, eta bakoitzean gonbidatu batekin gai zehatz baten inguruan mintzatuko dira.

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Surfaren klixeak desegitea oso zaila da»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Lopez de Gereñuk bere pasioetako bi uztartu ditu aurreneko aldiz: artea eta surfa. 'Surf Like You Are, Live Like You Surf' erakusketa jarri du Bilboko Itsasmuseumen. Erretratuak paperezko poltsetan egiten ditu.
Aleix Garrido dronearekin grabatzen. ©ALEIX GARRIDO

Hegan egitearen antzekoena?

Unai Etxenausia

Oraindik ere gerretan erabiltzen dira, baina oso bestelakoa da jende askok droneari ematen dion erabilera. Aisialdirako jarduera bat izateaz gain, eguneroko lanaren parte bihurtu da askorentzat. Legedia zorroztu da, eta baimen bereziak eskuratu behar dira arazo barik gidatu ahal izateko.

Toni Collette aktorea, <em>The Power</em> telesailaren irudi batean. Sari nagusia irabazteko hautagaietako bat da Lillen. ©AMAZON

Series Mania jaialdiko edukiak Iparraldean ikusgai, sarean

Urtzi Urkizu

Lillera joan gabe, lehian diren telesailak ikusi ahalko dira plataforma batean. Martxoaren 17tik 24ra egingo dute nazioarteko jaialdia

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.