Ane Santesteban.
Emakumeen Bira. SEKRETURIK GABE

Zale baten aholkua

2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Gauza bitxia gertatu zait irteeran. Zale bat etorri zait, agurtu eta sakelakoarekin nirekin argazki bat ateratzera. Beti da eskertzekoa zaleen babesa. Zer moduz nengoen galdetu dit, eta ea Kirtenberg ezagutzen ote nuen. «Kirten zer? Zer da hori?», erantzun diot. Uste nuen txantxetan ari zela. Baina berehala konturatu naiz ezetz. «Bukaeran duzuen igoera hori da, eta, leku ona hartzen ez baduzu, arazoak izan ditzakezu, oso-oso estua baita. Sator zulo bat da». Gurasoak han zeuden, baina haiek ozta-ozta agurtu, bizikleta hartu eta taldekide batekin hura ikustera joan naiz.

Eskerrak zale horrek abisatu didan eta ikustera joan naizen. Banekien estua zela, baina ez horrenbesterako. Zaleak arrazoi osoa zuen, eta hemendik eskerrak eman behar dizkiot. Horretan ere laguntzen digute etxeko zaleek. Izan ere, hori jakinda, ondo kokatu naiz igoera hasi denean. Gero eroriko bat harrapatu dut, eta metro batzuk galdu ditut, baina jaitsiera bizi eta zoro xamar bati esker tropel nagusian iritsi ahal izan naiz. Taldeko mekanikari bati esan diot amaieran ikusi izan balu nola jaitsi nintzen erotuta nengoela pentsatuko zukeela.

Gainontzean, etapa oso bizia eta tentsio handikoa izan da. Nabari da faboritoen taldeak ez daudela txantxetarako, eta hasi eta buka kontrolatu nahi dutela lasterketa. Bira irabazteko hautagai nagusiak oso ondo ikusi ditut etapa osoan, aurrean, eta aginduz. Haien artean ondo ikusi dut neure burua, eta haiekin iritsi naiz. Pozik egoteko emaitza da. Ea gaur zer ematen duen Aguraingo erlojupekoak. Niretzat egun gogorra izango da, ez bainaiz espezialista. Baina ahal duguna egingo dut, eta biharko eta etziko etapen zain geratuko naiz. Segi dezagun denok gozatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.