KRITIKA. Kursaal eszena

Mitoaz haratago

2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun

Kremerata Baltica

Pianoa: Martha Argerich. Klarinetea: Mate Bekavac. Egitaraua: J.S. Bachen 2. Partita do minorren (BWV 826) eta Txakona re minorren (Busoni/Kremer), F. Liszten Piano eta orkestrarako 1. kontzertua mi bemol maiorren (S. 124) eta M. Weinbergen 4. Kamera sinfonia (op. 153).Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Azaroak 23.

Martha Argerichen izena daraman edozein kontzertuk arrakastatsua izateko osagai nahikoa dauka. Esku-programan genuen ordena alderantzikatu, eta piano jotzailea azaldu zen lehenik gertokian, koplarik erabili gabe J. S. Bachen 2. partita do minorren lehen akordeei ekinez. Auditorioa gogaitu zuten eztulen gainetik igaro zen pianoaren mitoa den emakumearen Bach zuzenekoa eta arina. Rondeau eta Capriccio atalen klimaxak, zeinetan pedalaren jokoa soilik gona luzearen eztanda sotiletan sumatu zitekeen, publikoa zutik jarri zuen.

Gidon Kremer biolin jotzaileak sortutako Kremerata Baltica batu zitzaion gero, G. Colliardek soka-orkestrarako egokitutako F. Liszten Piano eta orkestrarako 1. kontzertua mi bemol maiorren interpretatzeko. Zazpi hamarkada eman ditu taula gainean, baina hain ezaguna den hasierako zortzidun pasarte ekaiztsuan agerian geratu zen Argerichek indarrik galdu ez duela, ezta jariakortasun adierazkorrik ere. Haize-instrumentuen tinbreak faltan, biola bereziki nabarmendu zen, bai berezko solo ataletan, bai klarinetearen ordez egindako parte hartzean. Argerichen maisutasuna muin, ardatz eta gidari, Eduard Hanslick kritikoak obraz trufatzeko erabili zuen triangeluak ere distira egin zuen.

Bigarren zatian, J.S. Bachen Txakona re minorren gainean F. Busonik egindako pianoarentzako moldaketa oinarritzat hartuz Kremerrek soka-orkestrarentzat prestatutako bertsioa entzun ahal izan zen lehendabizi. Beharbada zuzendaritza finko ezazela-eta aldika nolabaiteko oreka falta sumatzen bazen ere, jatorriz instrumentu bakar batentzat konposatutako gaiak modu interesgarrian banatu eta garatzen ziren lau harien koloreetan, intentsitate biziko detaché handiak eskainiz.

Aurten mendeurrena betetzen duen Mieczyslaw Weinbergen 4. Kamera sinfonia-k itxi zuen programa, 1992koa. Hasierako pianissimo iraunkorraren altzotik klezmer musikaren printzak zituen Mate Bekavac klarinetearen fraseatze ederretara, gaztetasuna eta sakontasuna kontrako ezaugarriak ez direla frogatu zuen Kremerata Balticak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.