Felipe Uriarte
Urmuga. IRITZIA

Musa

2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Gaur, Urmuga zeharkaldiaren lehenengo ibilaldia osatzeko, ikurrina duten galtzerdi beltzak jantzi ditut. Musari erosten dizkiot euskal ikurrina duten galtzerdiak. Musa Boli Kostako gizona da. Duela bost bat urte Oñati aldera saltzaile moduan etortzen ari dela. Bere eskaintzen artean, poltsak, eta mota askotako galtzerdiak. Ezagutu ginenean, begietara begiratu, eta euskal ikurrina duten galtzerdiak luzatu zizkidan. Galtzerdietako ikurrinak ikusi, eta barre txiki bat egin nuen, begirada galtzerditik Musarengana itzultzen nuen bitartean. Nire begiradaren zain nituen haren begiak. Ez dizkiot beti ikurrina duten galtzerdiak erosten, ikurrinik gabekoak ere bai. Beste batzuetan ez diot ezer erosten. Ez nuke esango lagunak garenik, baina topo eginez gero beti elkarri kasu egiten diogu. Nire gogoko tabernan eserita baldin banago, esertzera gonbidatzen dut. Nik txakolina, berak kafesnea eta palmera bat. Salmentez galdetzen diot. Ez dit berri handirik ematen, burua alde batera mugitu, eta irribarrea izan nahi duen keinu bat egiten du ezpainen ertzean.

Abian jarri gara gaur goizean, nik ikurrina galtzerdietan, 380 kilometro oinez egiteko: Burgosekiko mugatik, Hiru Erregeen Mahaiaren gailurreraino. Ikurrina galtzerdietan, mendiz mendi saiatuko gara, galdu dugun nazio zaharra aurkitzen. Eta josten. Kantuz, izerdiz, musikaz, kulturaz. Zenbat kilometro egin behar izan zituen Musak, Boli Kostako bere herritik Oñatiraino? Zenbat Musa daude une honetan Sahara oinez zeharkatzen? Zenbat gazte Bidasoa ibaia zeharkatu nahian herioaren hatsa bizkarrean?

Musa eta bera bezalako milaka lagun, beren nazioa atzean utzita, bizimodu berri eta hobe baterantz abiaturik daude. Nolabait, beren herria galduko dute; aurkituko al dute berria?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.