Juantxo Zeberio Etxetxipia.
Urmuga. IRITZIA

Urmugaren sekretua

2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Astebete joan zaigu jada Urmuga hasi zenetik. Uztailaren 13an Angulo portuan, udako goiz bat baino udazken goiz lanbrotsu bat zirudien hartan, Donostiako Orfeoiaren erraietan zutik ginen antolakuntzako urmugalari batzuk Etxaun Iruriren Goizian argi hastean kantatzen.

Ondoren botatako sarrera hitzetan, Felipe Uriartek aipatu zuen lehen aldia zela abesbatza bat barrenetik entzuten zuena, eta ohartu zela, kanpotik instrumentu bakarra entzuten bada ere, barnean ahotsak ia banaka entzuten zirela, eta efektua erabat desberdina zela. Felipe mendizaleak ia oharkabean musikaren oinarri nagusietako bat azaleratu zuen. Edozein musika taldetan onena eman ahal izateko, norberak beretik utzi eta osotasunaren alde egin behar du. Eta hor bai, hor sortzen da benetako magia, bestea entzunez, bestearen lekuan jarriz. Horra hor Urmugaren sekretua.

Urmugan, gainera, musikak badu berezitasun bat. Kantuei soineko berriak egiten dizkiegu, eta prozesu horretan kantariek gurekin fidatu behar dute. Egunerokoan erabiltzen dituzten jantzi erosoak bazterrean utzi, eta beste batzuk proposatzen dizkiegu. Horiek dira kantuen moldaketak.

Prozesua berezia da, eta bidean kantariekin sortzen den harremana ere, bitxia. Gitarra hutsez edo rock talde baten laguntzaz sortu eta jo izan dituzten kantuak orkestra eta laukote batez itxuraldatzen dizkiegu, eta horrek badu bere arriskua. Eta beraiek badakite. Momentu ederra eta tentsioz betea da, egun batzuk lehenago, Tolosan, artistak banan bana entsegura datozenean eta moldaketak lehen aldiz entzuten dituztenean. Zirrara, ezinegona, tentsioa, emozioa... Urmugako kontzerturen batera etorri beharko duzue hori zuen begi-belarriekin dastatzera.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.